
Gaur egungo gazteak nahiko ohituta daude gogoan jartzen zaiena egiteko eta ez dute esfortzua maite. Tira, gizarte mailako hausnarketa sakona beharko!
Bi ikasle prototipo izan dira historikoki. Lehen nahita etortzen zena, euskara ikasi eta erabili nahi zuelako. Ondoren, poliki-poliki handituz joan da nahita baino behartuta…
Legez at dauden elementuak erabiltzen ari baldin bagara, orduan gerta dakizuke epaileek edo epaileen aurrean jarritako helegiteak aurrera egitea eta esatea “Hau ez da zilegia, egiten ari zarena ez da zilegia”. Hori oldarraldi judiziala da?
Zergatik Andoaingo mediku batek, C1 duena… aukeratzen du Zanbrana edo Gasteiz?
Administrazioan lan egitea populazioaren % 20ren esku dago bakarrik. Hain zuzen, hizkuntz eskakizunen jabe direnen esku.
(Orain) ez daukagu irizpide objektibo-neurtzailerik. Horrek ziurgabetasunak ekartzen dizkigu, alor juridikoaz harago.
(Hezkuntzan) Politika irekien aldekoa naiz, eta politika irekiak dira kasuan kasuko erabaki batzuk hartzea.
Bukatzeko hirugarren eta azken atala: «Euskara herri-adminsitrazioetan eta hezkutzan». Aurreko biak galdu badituzu hemen irakur ditzakezu: «Euskara Denontzat» eta «Euskara eta gizarte elkarbizitza». Berriz gogoratzen dut elkarrizketa ekanairen 24ean egin niola.
EUSKARA HERRI-ADMINISTRAZIOETAN ETA HEZKUNTZAN
Euskaltzale askok, zu zara euskaltzalea, euskarak pizkunde, jauzia, aurrerapausoa beharrezko duela azpimarratzen dute, oraintxe dela momentua gaineratzen dute. Beharrizan hori ikusten duzu?
Hor kontu asko daude. Euskaltzale askorentzat beharrezkoa zen aberri bat, hau da, herri erabat subiranoa bere hizkuntza ezarri ahal izateko, hau da, hizkuntza propiorako aberri bat sortu behar omen da. Beraz, beti ikusi dut, alde horretatik, isla politiko-ideologiko bat zegoela euskararen sustapenaren inguruan. Gaur egun euskarak behar duela bultzada berezirik? Bultzadak etengabe behar izan ditu, gutxienen hizkuntza delako. Ados, baina gaur bereziki zergatik? Alarmatu egin gara gazteek hitz egiten ez dutelako? Gazteek inoiz baino ezagutza handiagoa dute euskararen inguruan, baina inoiz baino gutxiago erabiltzen da. Oso bitxia da. Zer gertatzen ari da bada? Euskara eskola hizkuntza bihurtu dugu, zigor hizkuntza, ezarritako hizkuntza, askotan gogoz kontra hitz eragin dieten hizkuntza. Gaur egungo gazteak nahiko ohituta daude gogoan jartzen zaiena egiteko eta ez dute esfortzua maite. Tira, gizarte mailako hausnarketa sakona beharko! Prest gaude, zintzotasunez horri heltzeko, eta entzun nahi ez duguna entzuteko? Beitu, nik hau bizi izan dut nire larruan. Duela 35 urte ikasleak nire eskolatik ateratzen ziren euskaraz hitz egiten. Azken bost-sei-zortzi urteotan igarri dut, ez denek, baina eskolatik ateratzen diren ikasleen portzentaje handi batek egiten zuela erdera batuaz.
Bi ikasle prototipo izan dira historikoki. Lehen nahita etortzen zena, euskara ikasi eta erabili nahi zuelako. Ondoren, poliki-poliki handituz joan da nahita baino behartuta edo euskara behar izan dutenen ikasle kopurua. Ikasle horrek ez du honenbeste “maite” hizkuntza. Nahi duena da helburu oso objektibo bat: profila, hizkuntza eskakizuna bete ahal izatea. Hausnarketarako beste koska bat.
Oldarraldi judizialaz hitz egitea ohiko bihurtu da euskalgintzaren munduan? Euskalgintza kohesionatzeko kontakizuna al da? Zer dago errealitatean?
Nik uste dut baietz. Kohesionatzeko modu bat da. Hemen aztertzen baldin baditugu puzzle bat izango balitz bezala, piezak dauzkagu, eta ordenatu beharko ditugu. Badaukagu lege bat, 82koa. Badauzkagu 89koa hizkuntza eskakizunei dagokiena, eta gero, ondorengo legedi aurreratu bat ere badago. Horietan berme batzuk daude, oso garbiak direnak. Demagun Bilbon euskaldunen kopurua % 30 dela. Horri gehitu pitin bat euskaldunen kopuruaren erdia eta % 40ateratzen zaigu. Kopuru hori egon behar da Bilboko administrazioan. Zer egin du Bilboko udalbatzak? Barruko lan postuen % 64k dute hizkuntza eskakizun betebeharrekoa. Eta handituz doa. Udaltzaingai askok esaten dute ez daukatela aukerarik horretarako. Legez at dauden elementuak erabiltzen ari baldin bagara, orduan gerta dakizuke epaileek edo epaileen aurrean jarritako helegiteak aurrera egitea eta esatea “Hau ez da zilegia, egiten ari zarena ez da zilegia”. Hori oldarraldi judiziala da? Ez zait iruditzen. Garbiñe Biurrunek berdin deritzo.
Malgutasuna behar dugu populazio euskaldun batentzat. Edozelangoa izango da, denetarikoa, kolore guztietakoa eta jatorri askotarikoa. Onartu ditzagun denak. Euskararekiko kontaktu guztiak onak dira, baldin eta nahi badugu euskara sustatu. Orduan ez dago oldarraldirik. Gauzak beren tokian jartzea eta esatea da. Euskaldunduz goaz. Bost urtero errepasatzen dira tokian tokiko euskaldungoa zenbatekoa den, eta horren arabera eskakizunak neurtzen dira
Zuen web orrian udalerriz udalerri agertzen dira EAEko erabilpena, ezagutza eta hizkuntza eskakizunei buruzko datuak. Udalerri gehienetan praktikan hizkuntza eskakizuna duten plazen kopurua gaurko araudiaren gainetik edo oso gainetik daude. Bestaldetik Elebidek eta Behatokiak salaketak dozenaka jasotzen dituzte hiritarren partetik euskaraz artatuak izan ez direlako. Zein da arazoa? Zerbitzu publikoak gaizki antolatuta daudela?
Zergatik Andoaingo mediku batek, C1 duena, beraz puntu gehiago ditu eta aukera dezake lan lekua; zer eta aukeratzen du Zanbrana edo Gasteiz? Benetan enigma bat iruditzen zait hori. Edo ez dugu gure aldetik ikasitako hizkuntzan lan egin nahi, edo ez gara ausartzen, edo agian ez dugu gure burua gai horretarako… edo euskal eremutik kanpo egin nahi dugu lan. Honek ere badu gogoeta egin beharra, ezta?
Eta hori Osakidetzan edo beste administrazio publiko askotan gertatzen da? Badirudi egoera surrealista dagoela Osakidetzan, baina ez dakit hori alderatu ahal den beste administrazio publiko batzuetan. Edo agian ez duzue ikertu?
Ez, ez dugu ikertu. Badaukagu pertzepzio bat… irakaskuntza arloan ez ote den berdin gertatzen.
Eta beste administrazioaren arlotan horrelakorik gertatzen da?
Bai, gertatzen da, baina horren ondoan ere esan behar dut banoala Errekaldeko Udaltegira eta bertan dauden biek bikain artatzen nautela euskaraz. Normaltasuna izan beharko litzateke nagusi. Baina badaude horrelako egoera arraroak, bitxiak.
Suposatzen dut ados egongo zarela, baina Xabier Aierdik Eusko Legebiltzarrean esan zuen herri-administrazioetan itxiera aristokratikoaren arriskurik badagoela. Ados?
Ni guztiz ados, hori iruditzen zait. Eta, gainera, azken hamar urteotan euskal gizartea nola aldatzen ari den ikusita, are aristokratikoago iruditzen zait. Pagotxa da administrazioan lan egitea. Nik enpresa pribatu batean egin dut lan bizitza osoan, eta badakit nire promozioko beste askok administrazio publikoan egiten dutela lan, eta eskubideak, ordutegiak eta soldatak oso bestelakoak direla. Baina administrazioan lan egitea populazioaren % 20ren esku dago bakarrik. Hain zuzen, hizkuntz eskakizunen jabe direnen esku.
Bihar ematen du aurrera aterako dela Eusko Alderdi Jeltzalearen proposamena. Honi erreparatu diozu lehen eta balorazioa batzuk egin ere, baina orain bakarrik alderditxo bat. Segurtasun juridikoa handituko da?
Ez, ematen du ezetz. Estaldura juridikoa, bai. Estaldura juridikoa baldin bada legeak zer dioen, orain legeak dio tokian tokiko hizkuntza eskaera teknikariak erabaki dezakeela, hori udalbatzarrera eramanda. Beraz, euren udalerrian, esaterako, El Ciegon edo Asteasun % 100 eskakizuna jar dezakete. Edo demagun Asteasun burutik jota dagoela ekipoa, eta erabakitzen du % 20 bakarrik. Harrigarria, ezta? Baina posible. Ez gara kontrako kasuan jarri, baina demagun hori. Denok jarriko ginateke euren kontra, manifestazioak egingo genizkioke, seguru. Baina kontrara baldin bada, ez. Orain ireki egiten dira ateak eta bakoitzak nahi duena egin dezake. Arbitrariotasuna nagusi.
Biharko onespenarekin garai zaila irekitzen da?
Nire ustez, ziurgabetasuna izango dugu gehienbat. Hau da, zer erabakiko du Eibarrek bere lanpostuetan jartzea? Udalbatzaren arabera? Hurrengo Udalbatzak erabakiko du? Orduan ez daukagu irizpide objektibo-neurtzailerik. Horrek ziurgabetasunak ekartzen dizkigu, alor juridikoaz harago.
Azken galdera. Hezkuntzari buruz. Nola ikusten duzu ELAk eta, Idurre Eskisabeli entzunda (ikus azken aurreko galdera), Euskalgintzaren Kontseiluak proposatzea euskarazko eredu bat orokortu egin behar dela hezkuntzan?
Duela urtebete Kutxabankeko zuzendaria den Antton Arriolak hausnarketa bat bota zuen. Nik uste dut zentzuduna izan zela, behintzat botatako amua. Gero nolako bisiguak egin zioten heldu eta nola heldu zioten amuari, beste kontu bat da. Denetarik jausi zitzaion; baina bazeukan, nire ustez, arrazoi puntu bat. Hau da, badaukagu euskaldunok kontraesan bat. Alde batetik, gure hizkuntza % 100ean landu nahi dugu, mundu guztiak jakin behar du eta, bestetik, talentua erakarri behar dugu. Hori uztartzea ez da erraza. Berriro ere ateratzen dut distantzia linguistikoarena, baina ez da erraza argumentu honi oratzea, kalean batzuk sutan badaude eta euskarafobotzat jotzen banaute. Ez da berdin madrildar bat Kataluniara joatea lan egitera, eta orduan lau hilabeteko deserosotasun bat izango du, ez beste. Hemen, berriz, badaukagu beste kontu bat. Alde batetik, % 30ek egiten dute berba euskaraz normalean, baina ez gainontzeko % 70ek.
Irakaskuntzan orokortzen baldin badugu eredu euskalduna eta, gainera, esklusiboa, esklusiboa esaten dugunean, eskluiente hitza ere erabili behar dugu batera, familia berekoak direlako. Eta hori esaten ari naiz orain daukagun migrazioaren egoerarekin. Begira, ni gaztea nintzela nire seme-alabak ikastolara joaten ziren. Bageneukan lagun bat, oso laguna, eta berak bere alaba erretiratu zuen ikastolatik D ereduan zegoelako. Zerbait detektatu zioten alabari, gabeziaren bat edo. Orduan medikuak esan zion: “Komeni da ama hizkuntzan ikas dezan”. Ama hizkuntza erdera zuen.
Bitxia da, ez diogu garrantzirik ematen. Honetan Ricardo Aranak egin ditu hausnarketa interesgarri batzuk. Hau da, ama hizkuntzan ikasi ahal izatea zer garrantzitsua den kanpotarrentzat, batez ere erdera bera ere ez badaukate, oso zaila egiten zaie erderaz ere egitea. Eta orain sartuko ditut denak, latindarrak ere bai. Hona baldin badatoz, eta murgiltze eredua eginarazten badiegu… argi dago, emaitzak zeintzuk diren. Hau aztertuta dago: bi kurtso beherago doazela. Gauza horiek mahairatu behar ditugu. Ezen bertoko guraso askok ezin dute hezkuntza eredua hautatu. Horrek ere badu mamirik; asko dago mintzatzeke, Gonzalo!
Politika irekien aldekoa naiz, eta politika irekiak dira kasuan kasuko erabaki batzuk hartzea. Zentro batzuk sortu behar dira harrera gisa egiteko. Kantuak dioen bezala, “despacito”, poliki, motel. Hori ere beharrezkoa da, bestela herri erakargarria izango gara turistentzat, baina bizitza berri bat hemen egiten hasteko euskara ezartzen baldin badugu, ez da hain atsegina izango. Eta azkenik Artzeren esakunea: hizkuntza bat ez da galtzen ez dakienak ikasten ez duelako…
Deja un comentario