
Ez nuen uste (Argia) horrelako lokatzetan ibiltzeko gauza zirenik.
Ez, inondik ere ez (gure zeregina helegiteak jartzea da). Baina beldurra ikusi dugunean, orduan esaten duzu, kontxo! hemen badago beste zerbait, eta beldurra du izena.
Niri iruditzen zait (Kontseiluari) egozpen horiek, momentuz, gehiegikeria direla. Bai, gogorrak dira. Baina oinarrian badago zerbait.
Noizean behin, Guadianako begiak izango balira bezala, gizartean agertzen da: “euskal gizartea abertzaleekin egin behar da”.
Gaurkoan bigarren atala: «Euskara eta gizarte-elkarbizitza». Lehen atala galdu duenak, «Euskara Denontzat», hemen irakur dezake. Hiruragarrena: «Euskara herri-administazioetan eta hezkuntza» oso laster. Lehen atalean esan bezala, orain berriz gogoratu behar da elkarrizketa ekainaren 24ean gauzatu zela.
EUKARA ETA GIZARTE-ELKARBIZITZA
Zer gertatu zen Argiaren aferan? Zein da zure bertsioa eta irakurketa?
Oso bitxia da. «La infiltrada» pelikula egin zutenean, ezker abertzaleak eta bere hedabideek zer-nolako erreakzioa izan zuten. “Infiltratua sartu zuten gure lerroetan”. Haiek joko berbera egin dute. Oso kuriosoa izan da. Pertsona bat sartu dute, kazetari bat, talde batean. Talde hori kaltetutako emakumeena zen. Ez zuen lortu berak nahi zuena, hau da, euskararen kontrako irainak eta hitz zakarrak. Eta ez zuen horrelakorik aurkitu. Ez zuen lortu espero zuen emaitza. Beraz, kontatu ditu gezur batzuk eta, gainera, asmatu du, imajinatu du fronte bat badagoela. Konfrontaziorako etsai bat behar duzu, eta etsaia ez badago benetan topatu ez duzulako, bakarrik haserre dauden eta antolatzen ari diren pertsona batzuk; zuk etsai bihurtzen dituzu, errelatoa biribiltzeko. Etsaia aurkituta, badakizu borrokan zelan egin behar duzun. Ikusi genuenean Argiak zer egin zuen eta inolako kontrasterik gabe, triste sentitzen zara. Nik Argiak badakit zer-nolako tendentzia daukan, ildo editoriala nondik jotzen duen eta sarritan erabili izan dut artikuluren bat edo beste nire profesioan. Baina ez nuen uste horrelako lokatzetan ibiltzeko gauza zirenik. Pentsatzen nuen kazetaritza maila profesionalago batekoak zirela.
Errenteriako edo Ororetako aferaren inguruan ebaluaziorik egin duzue? Autokritikaren bat egin duzue?
Diskrezioarena. Agian pentsatzen duzu gai hau normala dela, eta beste batzuek bere onetik ateratzen dutenean esaten duzu ba, igual, diskretuagoak izan beharko ginen, pertsona batzuekin bereziki. Ez ireki taldea modu normalizatu batean, eta orduan kontu handiagoz ibili behar dugu.
Eta, adibidez, Euskara Denontzat elkarteak helegitea jartzen lagundu behar du? Bere funtzioa da?
Ez, inondik ere ez. Baina beldurra ikusi dugunean, orduan esaten duzu, kontxo! hemen badago beste zerbait, eta beldurra du izena. Hau da, pertsona batzuek esaten zuten “helegite pertsonala, indibiduala jartzen baldin badut, nire izena agertuko da, eta orduan markatuta geratuko naiz. Eta, gainera, nire auzokoek jakin badezakete, zer esango duten”. Beldurra berriro ere gure herri honetan honelako gai batengatik? Ustez “euskararen aurka”? Zaila da txintxarria nork jarriko katuari
Eta onartzea EPE horretara aurkeztuko ez den pertsona batek helegitea jartzea edo Unidas por la Igualdad Lingüística plataformaren eskutik joatea? Ez dut esaten zilegia ez denik. Baina estrategikoki…? Horren inguruan autokritikaren bat egin duzue?
Egin beharko genuke. Seguraski, ez genuen asmatu. Seguraski, gainera, taldean hartu beharko genukeen horrelako erabaki bat ez genuela horrela hartu. Hori autokritika bat da. Baina zer edo zer egitera bultzatuta sentitu ginen.
Badirudi giroa azken garaiotan aztoratu dela. Adostasun garaiak pasatu dira? Aurreikusten duzu konfrontaziorako garaiak datozela?
Goiburu batekin erantzungo dizut. Gure esku dago. Kuriosoa. Gure esku dago konfrontaziora jotzea, hau da, euskal komunitate soberanista, independizalea, abertzalea, euskarazalea eta, bestaldetik, beste guztia, esan nahi dut, militante sutsuak ez diren beste guztiok egon gaitezkeela. Kontu handiz esan nahi dut, baina badaude batzuk “armatuta” daudela, hau da, badauzkatela argumentuak eta haserreak piztuta konfrontaziorako bidean ibilbide bat egiteko. Ezker abertzaletik esan dute hamar urteko epe bat hartu dutela. Hamar urteotan egin behar dugun ataza, zeregina da euskara esparru guztietara barreiatu eta erabili egin behar. Eta hor sartzen da edozein ekintza. Konfrontazioa dator, eta, nire ustez, paradigmatikoa izan da zer gertatu den PAUn euskararekin. Konfrontaziora goaz, baldin eta bihar bertan Eusko Legebiltzarrean aprobatzen badute alderdi bakar batek proposatutakoa. Abstentzioarekin, baina bai. Hau da, konfrontaziorako lagin nahikoak ditugu.
Nazioarteari begira jartzen baldin bagara, badirudi normalizatuta dagoela denetariko eta denetarako konfrontazioak egitea. Espainia mailan gertatzen den konfrontazio hori badirudi ekarri nahi dugula hona, non eta gure herri honetan, zeinetan 14 urtez aurreko mendean, eta mende honetan, Ibarretxeren zatiketa-urteak pasata, hainbat urte daramatzagun kontsensu bidezko gobernu bikoitza, zeharkako exekutibo batekin. Hori guztia pikutara joan daiteke horrela baldin bagoaz.
Duela gutxi Idurre Eskisabel elkarrizketatu dut eta kexu azaldu da oldarraldi diskurtsibo bat azken garaiotan hedatu delako eta hainbat datu ematen ditu: esatea Kontseiluak helegite judizialak aurkeztu dutenei jarraipena egiten diela edo Kontseiluak epaileen seinalamendua egin duela edo Kontseilua sufrimendu sozialaren aldaera bat dela edo Kontseilua Lizarra linguistiko baten parte garrantzitsua dela. Arrazoia dauka minduta sentitzeko?
Niri iruditzen zait egozpen horiek, momentuz, gehiegikeria direla. Bai, gogorrak dira. Baina oinarrian badago zerbait. Oso argi dago Lizarrako sinatzaileak zeintzuk izan diren. Hemen, kasualitatez, ostegunean, bihar bertan, Eusko Legebiltzarrean aprobatu daitekeen legea hortik doa. Hau da, bik bakarrik eta bakarrik abertzaleak direnek aprobatu dezakete oinarrizkoa den lege bat. Gainera, legearen larritasuna markatu nahi dut. Eta larritasuna da nork bere esparruan erabakiko baitu gogokoen duena, baina presiopean; izan ere, kopuru zehatza ebazteko araua ezabatu badugu, zein irizpideri jarraituko diote? Demagun lan postuen % 85 proposatzen duela uliak, eta berendiak diotso ezetz, % 100, bestela herriak jakingo du ulia ez dela behar bezain euskaltzalea… Buff. Beraz, subjektibitatera berriro jotzen dugu.
Nire ustez, badago joko maltzurtxo bat: EAJ eta Bilduk badaukate nagusigo eztabaidaezina, oso argia, eta, bitxia da baina beti kritikatu duten politika birrintzaile hori aplikatzen ari dira orain. Urtebete eman du alderdi jeltzaleak PSErekin eserita euskararen eta EPE horren legea sortu nahian. Behar badira bost urte, bost urte eman ditzagun. Oso garrantzitsua da oinarrizko hau. Eta euskalgintza mundua kexu bada, jakin behar du EAEko administrazioan euskaraz artatzeko eskubidea dutela eta administrazioak euskaraz artatzeko betebeharra, baina horrek ez du esan nahi langile publiko guztiek euskaraz jakin behar dutenik. Eta esan dudanagatik euskarafoboa naizela leporatzeko azala duenak ez Lizarra linguistikoaz eta hori guztiaz, baina argi izan dezala euskal gizartearen oso zati handi baten bazterkeria ereiten ari dela; izan ere, sakonean badago horren kutsu bat.
Noizean behin, Guadianako begiak izango balira bezala, gizartean agertzen da: “euskal gizartea abertzaleekin egin behar da”; Xabier Arzallusen deklarazioa bere momentuan izan genuena. Lizarraren kontzeptua brutala da. Eta orain hizkuntza politika berriarekin erabakitzen da subjektiboki zeini lekua eman administrazioan, zeini ez, horrek dakarren baztertze sozialarekin, horrek dakarren desintegrazio sozialarekin eta horrek dakarren klase borrokarekin.
Alde horretatik zure artikulu batean, Korrika dela eta, adierazi zenuen zu eta zure moduko jende asko harresitik at sentitzen dela. Tic sektarioek, elkarbizitzaren kontra jokatzen dutenak, irauten dute?
Dudarik gabe. Korrikan aurten gertatu dena ez da beste inoiz gertatu. Begira, sentsibilitate desberdina daukagun askok eta askok zenbat aldiz irentsi behar izan dugun Korrika batean eta bestean, “Euskal Herrian euskaraz” kantatu dugunean: “Euskal Herrian hitz egiterik ez bada, bota dezagun demokrazia zerri askara”. Ni beti isildu egiten naiz paragrafo horretan, ezin dudalako. Hizkuntza gorago dago demokrazia baino. Hori esaten dugu bertso horietan. Euskararen inguruko kantu laudagarrietan beti pasatzen da berdin, euskara dagoela gizartearen gainetik, pertsonen gainetik. Logikoa da euskara babestea, bale, baina izan gaitezen zentzudunak eta has gaitezen gauza guztiei bere izena jartzen. Eta orduan, zuk esaten badidazu demokrazia zerri askara bota dezagun euskaraz hitz egiten ez bada, oker gabiltza: nirekin ez kontatu. Nik harresi horren barruan ez dut egon nahi.
Nola kudeatzen duzu zuk bizitza osoa euskara irakasten ematea, euskararen alde, familian euskaraz erabiltzea, eta bat batean entzutea zu edo zure inguruko jendea euskaraboa dela?
Nire inguruak ez du ulertzen. Askotan esaten didate “nori eta zuri euskarafoboa deitzen dizute? mesedez”. Ni “tabarreroa” izan naiz beti: “Matrikulatu behar zara, egin behar dugu” eta abar. Gabonetan kantatzen dugu Olentzero, Dringilindron… familia bilduta. Gabon Zaharrean gitarra hartu eta euskarazko kantuak kantatzen ditugu … Kontua da ni Geston ibilitakoa naizela urte askoan, eta Geston gorriak eta bi pasatu genituen hainbat momentutan. Geston deitzen ziguten asesinoak eta esaten ziguten gu ginela torturatzaileak. Haientzat ezohikoak ginen, sailkatu ezinak omen ginen… Beste noizbait partidu popularrekoak ginela ere esana ziguten…

Begira: hitzaldi bat ematera joan nintzen nire seme-alaben ikastolara. Joan ginen Elkarriko bat eta neu, Fabian Laespada, Gestokoa. Eta ikastolara sartzean, egun horretan justu eman zien denbora pixka bat ezabatzeko, baina sekulako pintada fatxadan; jartzen zuen “Gesto por la paz, torturadores, ETA mátalos”. Horrela, nora eta nire seme-alaben ikastolara nindoala… Muturreko mundu batetik horrelako zaplazteko bat ematen dizutenean ematen dizu min, nire mundua ere izan delako, kultura konpartitu dugulako, gustuak eta sentimenduak. Bizitzak bere mingotsa ere badu.
Azken bolada honetan zuk ere min pertsonalak izan dituzu, ezta?
Bai, min pertsonalak izan ditut, baina 64 urte ditu jada, eta orduan min horiek ez didate zauririk egiten. Atsekabea eta disgustua hartzen duzu, baina beste modu batez kudeatzen duzu. Ezagun atseginek egindakoak badira, latzagoa da mina, bai; batzuk eraso pertsonalak… ozpina orbainean, ño!
Argiak baieztatu du euskararen aurkako fronte bat dagoela ezkerreko baloreen izenean. Nola txirikordatu euskara, hizkuntza menderatua den heinean eta klase soziala, kontuan hartuta, gizartearen geruza baxuen hiritarrak erdaldun hutsak direla? Konplexutasun horretan nor da menderatua eta nor menderatzailea? Ez da erreza…
Ez da batere erraza. Askotan paperak inbertitu egiten ditugu, ezta? Hau da, ni menderatua sentitzen naiz, baina, izan ere, menderatzailea izan naiteke. Eta hizkuntzarekin hori gertatzen ari da. Ez ote gara euskara halako bazterkeria bat egiteko erabiltzen ari? Euskaldunak oso “guai” gara, oro har, oso solidarioak, eta aireportura joaten gara eta Palestinarekin gaude topean. Baina euskarak lausotzen digu begirada solidarioa, batez ere horren inguruko politikak auzitan jartzen ditugunean.
Guk zortea izan dugu, ikasi ahal izan dugulako, irakatsi zigutelako edo beste hainbat ikastolara joan direlako. Nire seme-alabek, esate baterako, ez dute esfortzurik egin euskara ikasteko. Izan dute etxean eta ikastetxean, baina jende askok ez du etxean izan edo ez du aukerarik izan kolegioan ikasteko. Horiek nolabait baztertzen ari gara, edo behartzen ari gara 1.400 klase ordu horiek betetzera, eta bitartean, eskolatik at, beste 1.400 praktikatzen. Fuertea den arren, baztertzaile gisako trepeta erabiltzen ari gara euskara. Egia da euskara menderatua izan dela urte eta mendeetan zehar baina azken garaiotan sekulako presentzia lortu du, sekulako errespetua, miresmena eta gure arteko instrumentu pribilegiatu bat da.
Deja un comentario