
Batu ginenean (Euskara Denontzat) gure helburua zen euskararen inguruari zentzumen pixka bat jartzea, euskara bihur ez zedin … bestearen kontra botatzeko harria.
Zenbat euskaldun zahar, betidanikoak, egon dira administraziora sartu nahian eta ezin titulu bat eskatzen zaielako?… Oso hertsituta gaude hizkuntza eskakizunekin.
Katalanarekin ez bezala, galegoarekin ez bezala, euskaraz badago distantzia linguistiko bat, ikaragarria.
Gure betebeharra hauspotzea da, baina nahi dugulako ez behinolako zama batek behartzen gaituelako.
Badago posibilitate bat gauzak hobeto egiteko, malguago, baina batez ere gizatiarrago.
Jendeak euskaraz hitz egiten ez badu, ezagutu arren, zeozergatik izango da. Azter ditzagun arrazoiak.
Niri gustatuko litzaidake Euskal Herriko kaleetan euskara gehiago entzutea. Euskara gehiago, ez normatibizatua, ez perfektua.
Fabian Laespadarekin dena erreza izan da. Geratzea, solasean aritzea eroso, argazkiak ateratzea, elkarrizketaren detaileak adostea… Fabian duela gutxi jubilatu da, baina bere euskal mundua eta euskalgintza pasioz bizitzen segitzen du. Euskal Filologia ikasi eta gero, bizitza osoa eman du, bestaldean, irakaskuntzan, Deustuko Unibertsitatean, bai Eusko Irakaslegoan eta bai Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatean. HABEko kolaboratzailea eta aztertzailea ere bada. Bere adierazkortasuna bizia da eta argi geratzen da arima libre bat dela eta zentzu etiko garatua duela. Guztiok moduan, bere pentsaera du, partekatu daitekeena ala ez, baina ezin zaio uko bere gizatasuna eta bidegabekerien eta sektarismoaren aurrean duen antena berezia. Ez alferrik Gestoko kide eta bozeramailea izan zen.
Adierazpenak kokatzeko esan behar da elkarrizketa ekainaren 24ean gauzatu genuela, Eusko Legebitzarrak Euskal Enplegu Publikoaren Legearen erreformaren bezperan, alegia. Elkarrizketa hiru ataletan banandu dut: gaukoa, “Euskara Denontzat” eta Fabian elkartearen kidea den neurrian, duten ikuspuntuetan sakontzeko balio dezakeena. Laster, hurrengo egunetan, bigarren atala: “Euskara eta gizarte elkarbizitza”; eta azkenik: “Euskara herri-administrazietan eta hezkuntzan”.
EUSKARA DENONTZAT
Zu Euskara Denontzat elkartean zaude. Zeuen burua aurkezten duzue elkarte propositibo gisa ikuspegi pluralistatik. Zer esan nahi du zehazki “aniztasun” horrek zuentzat?
Aniztasuna da hizkuntzen aldetikoa.Gu Euskara Denontzat-en gehienak euskaldunak gara, % 80, baina badaude erdaldunak edo euskara ikasten ari direnak, eta ez ditugu inondik ere baztertzen. Gure arteko whatsap komunikazioan talde txikian euskaraz izaten da, baina erderazko elkarrizketa batzuk ere badaude. Hori batetik. Bestetik, ez dugu inoiz galdetu, baina Euskara Denontzat barruan nik ikusten dudana da ideologia ezberdinetako jendea dagoela, agian ezkerretik gehienbat. Baina ez da besterik eskatzen. Hori da barrurako begirada. Kanporako begirada da euskara dugula gai nagusitzat. Euskararen inguruan iruditzen zaizkigu gehiegikeriak egiten direla, hau da, EPE horietan egiten diren gehiegizko eskaerak salatu, ahotsez eta hitzez egin ditugu. Eta aniztasuna da ez garela ari norbaiten kontra baizik eta proposatzen dugu hainbat aukera anitz, desberdin.
Esate baterako, orain egun hauetan egiten ari diren azterketa masibo horiek arrazionaldu daitezke, gizabidetu daitezke, euskaltegiekin gehiago fidatu behar gara. Gure ibilbide euskaldun horretan ezagutzen gaituen irakasleak, nire ustez, askoz pisuzko hitza eta erabakia eduki beharko luke. Ez bihurtu euskara inondik ere pasatu nahi ez duzun “tortura” mota bat. Nik ikusten dut ikasle askorengan halako sentsazio beldurgarri bat azterketaren aurrean. Begira: gu, irakasleok, aztertzaileok, ordu eta erdi lehenago joan behar dugu prestakuntzak egiteko, eta badaude ordurako, ez gainera, lehenengo saioan baizik eta hiru saio geroagora deituta dauden ikasleak, azterketariak. Badaude jada! Hiru ordu eta erdi lehenago, badaezpada tokirik ez ote zegoen aparkalekuan… Hau da, jendea beldurtu egiten da, urduritu egiten da, eta nik uste dut euskarari kendu behar diogula zama hori. Euskarari ere sentimenduak botatzen dizkiogu, maitasunezkoak, oso positiboak eta besteak. Baina badaude kontrakoak, eta horiek ere aztertu beharko genituzke. Hizkuntza txiki bati gehitzen baldin badiogu halako amorru, halako erra, halako ezinegona, orduan, ikasleek berek zer sentitzen dute? Ateratzen dira azterketatik eta orain pasatzen ari zaigu: “¿Qué tal has hecho? Joé, fatal” erdera hutsean.
Hitz egin didazu zuen elkartearen barruko irudi batez. Kanpotik begiratuta badirudi Euskara Denontzat sozialista, federalista eta, orokorrean, abertzaleak ez diren hiritarrek osatuta dagoela. Hori hala da? Beste sentsibilitate motako hiritarrak erakartzeko gai zarete?
Ez dugu aztertu ea gai izan gaitezkeen. Batu ginenean gure helburua zen euskararen inguruari zentzumen pixka bat jartzea, euskara bihur ez zedin eta bihurtu ez dadin halako trepeta deseroso, erabilgarri eta bestearen kontra botatzeko harria. Hori da nahi genuena, nolabait. Zer-nolako jendea hurbildu da? Euskalgintzatik pixka bat botata sentitu garen asko. Hirietakoak gara gehienbat, baina euskaldunak gehienak. Kuriosoa da, euskalgintzan prozesua egin dugu eta han militatu dugu.
Atzo, hain zuzen, bidali zidaten nire txatera kartel bat federalistek antolatu duten saio baterako deialdiarekin, izenburu honekin: “hizkuntza bizikidetzaren alde”. Orduan, burura etorri zait galdera hau: Posible da “elebitasun orekatua” lortzea eta horren norabidera goaz, astiro baina bagoaz, edo eleaniztasun orekatua entelekia bat da eta kontsensuaren diskurtsoa euskararen hainbat gizartearen sektorek erabiltzen dute euskaren minorizazioa betikotzeko?
Gauza bat da zer pentsatzen dugun, zer nahi dugun, zer gustatuko litzaigukeen eta beste gauza bat da errealitatea zein den. Nik ikasi dudanagatik eta munduan zehar hizkuntzek zer-nolako ibilbidea daukaten gizarteetan ikusten dudana da, esate baterako, Kanadan, badagoela oreka bat edo badagoela banaketa bat, komunitate frankofonoa eta angloa, desberdindua, toki batzuetan ondo zeharkatua, baina nik hangoa salbuespentzat joko nuke.
Oro har, munduan badaude hizkuntza hegemonikoak, Espainian, Frantzian eta Italian bertan argi dago zein den. Eta gero badaude txikiak. Nik ez deritzot oso egoki txikiagotuak deitzea, minorizatuak deitzea, nahiz eta errealitatea hori izan. Minorizatua esaten dugunean ari gara erantzukizun bat zure bizkarrean jartzen esanez: “aizu, mendeetan zehar minorizatua izan denez gero, orain da momentua berreskuratzeko, eta diskriminatua ez izateko bere alde ahalegin itzelak, senperrenak eta bi egin ditzagun”. Eta orduan, guretzat, gure belaunaldikoentzat, gainzama estra moduko bat gertatu zaigu eta zera da: lehenaldian izandako pairamenak, errepresioak, debekuak guk geuk ordaindu behar ditugula, lehengo egoera batera eraman behar dugula hizkuntza. Hori omen da gure betebeharra mundu euskaldun honetan. Ba ez. Gure betebeharra hauspotzea da, baina nahi dugulako ez behinolako zama batek behartzen gaituelako.
Hala eta guztiz minoritatioa da eta ez da halabeharrez suertatu edo fenomeno meteorologiko bat balitz bezala, baizik eta arrazoi historiko batzuk atzean daude. Hizkuntza politikan errealismoarekin jokatu behar dela eskatzen denean ez al da koartada euskararen “egoera” naturalizatzeko eta onartzeko minorizatuta segitu behar duela?
Segitu behar duela? Ez, nik uste dut ezetz. Nik errealitatetik abiatu behar garela esaten dudanean esan nahi dudana da benetako diagnostiko bat egin ezean, nekez ailegatu gaitezkeela portu on batera. Ados jarri behar gara. Errealitatea zein da? EAEan, behinik behin, dauzkagun datuak horiek dira: populazioaren % 45ek euskara ezagutzen du. Duela 40 urte, % 20-22k. Beraz, egin dugu aurrera. Erabilpenari begira, berriz, oso kezkatuta.
Jende askok dio, % 8 inguruk, egunerokoan erabiltzen duela, eta gainontzeko populazioaren erdiraino joan daitekeen beste alde horretan, zein hizkuntzatan ari da? Argi: eroso sentitzen den hizkuntzan.
Edo behartuta. Askotan komentatu da euskaldun talde batean badela nahiko erdaldun bat sartzea denek euskaraz egiteari utzi diezaioten. Eta bai, ados. Baina errealitatea horixe da. Nahi dugula hobetu? Bai, baina hobetu nahi baldin badugu, mesedez, izan gaitezen zintzo egoeraren benetakotasuna zein den aztertuz. Eta zera da: jende askok, euskalduna izan arren eta euskaraz bikain aritu arren, nahiago duela edo egiten duela hautua erderaren alde. Ezagutzen ditut anaiak eta anai-arrebak euskaldunak direnak, bakoitzak bere aldetik euskaldundua, jatorriz erdaldunak, orain guztiz euskaldunak, baina erdaraz aritzen dira. Jendeak euskaraz hitz egiten ez badu, ezagutu arren, zeozergatik izango da. Azter ditzagun arrazoiak zeintzuk diren eta, mesedez, mitoak eta totemak ken ditzagun beren oinarri horretatik, hartu dezagun maitasunez eta has gaitezen meloia irekitzen aurreiritzirik gabe.
Erdara guztiok dakigu. Euskara, berriz, ez. Euskarak badauka sekulako aldea, sekulako distantzia erdaratik. Katalanarekin ez bezala, galegoarekin ez bezala, euskaraz badago distantzia linguistiko bat, ikaragarria. Eta euskaraz bere burua euskaldundu nahi duenak 1.400 ordu eskola behar ditu batez beste, gehi beste horrenbeste irakurriz, etxeko lanak eginez, ETB, irratia entzunez… Beraz, ez da erraza, eta esfortzu horrek eman behar ditu fruituak. Fruituak, zoritxarrez, ardaztu ditugu titulu batean eta hori etsigarria da guztiz; garrantzitsuena mintza da, ez papertxo ofiziala.
Lehen hasi zara aletzen Euskara Denontzat elkarteak planteatuta hamabi proposamen: A1 eta A2 aitortzea, etengabeko ebaluazioa azterketarik gabe, ulermen- edo adierazpen-gaitasunak modu bereizian aitortzea, hau da, profilen tipologia ezberdina… Batzuek kritikatzen dute hizkuntza-eskakizunak murrizteko saiakera direla, langa jaistea dela…
Inondik ere. Ez, aldrebes. Aldrebes izan beharko litzateke. Nik erdaraz daukadan konpromisoa hor dago eta ez daukat Cervanteseko titulurik. Nik nahiko nuke jendeak modu normalean euskaraz jakitea eta azterketa baten galbahetik pasatu behar ez izatea. Zenbat euskaldun zahar, betidanikoak, egon dira administraziora sartu nahian eta ezin titulu bat eskatzen zaielako? B2 titulua ez da nolanahiko titulua. 200 hitz bereganatzea ez da horren erraza eta hori exijitzen diozu hilerrian lan egingo duen langile xume bati? Nik nahi dudana da berak ulertzea eta bera nirekin aritzea. Puntu. Horretarako eskatzen duguna da malgutasuna, ahozko azterketak egitea, berari eskatuko zaiona euskalduna izatea delako, ez euskaldun idazle txukuna. Beraz, badago beste modu bat. Oso hertsituta gaude hizkuntza eskakizunekin.
Ni gogoratzen naiz lehengo PL famatuekin zenbat irakasle ikusi ditudan nik, batzuk katedratikoak, euskara klasean sufritzen 43 urterekin, ez baitago burua berdin 23 urterekin konparatuta. Eta orduan, lehen komentatu dugun distantzia linguistiko hori gehi edadea, gehi sentimendu bat, zure lanetik apartatua sentitu izan baitzara. Nik nahiago dudana da pertsona horiek euren lanean jarrai dezaten, eta gazte berriak sartuko dira euskaldunak izanda.
Badago posibilitate bat gauzak hobeto egiteko, malguago, baina batez ere gizatiarrago. Profil asimetrikoak sortu behar ditugula edo sustatu behar ditugula esaten dugunean, horixe nahi dugu esan. Igual ulertzen du bikain, eta hori da nahikoa B2 ulermenean. Baina B1 nahikoa da adierazteko liburutegi harrera aldean. Zergatik ez dugu hori guztia aztertzen? Zergatik ez dugu meloi hori patxada eta aniztasunez irekitzen? Badirudi ezetz egin dugula. Badirudi euskara ukiezina dela. Bada, nik uko egiten diot horri, egoera hobetu nahi dudalako. Eta niri gustatuko litzaidake Euskal Herriko kaleetan euskara gehiago entzutea. Euskara gehiago, ez normatibizatua, ez perfektua. Euskara, euskara, kaleko euskara, berbak, haserreak edota alaitasuna, dena euskara naturalean.
Deja un comentario