
Niri publikoki epaileak seinalatzen ari garela edo Kontseilua dela sufrimenduaren sozializazioaren aldaera berria esateak min handia sortzen dit pertsonalki.
Niretzako oso harrigarria da eta antipolitikoa iruditzen zait argudioa izatea 82ko kontsentsua.
Iritsi da momentua aldaketa baterako, hau da, modu progresiboan pentsatzea hemendik «x» urteetarako enplegatu publiko guztiek bi hizkuntza ofizialak jakin ditzaten.
Iruditzen zait sektore batzuek lan-eskubideak eta hizkuntz eskubideak kontrajartzen dituztenean oldarraldi diskurtsiboaren parte den dikomotia faltsua eratzen dutela.
Nik uste dut hezkuntzak momentu honetan eskatzen duela sakoneko planteamendua, ez euskararen normalizazioari begira bakarrik, baizik eta orokorrean.
Eta hirugarren atala labetik ateraberri: «Euskara herri-administrazioetan eta hezkuntzan». Aurreko atalak irakurri ez dituenak, hemengo esteketan topa ditzake: «Trikua esnatu da: euskalgintzaren egoera» eta «intersekzionalitateak: feminismo, euskalgintza eta klasea».
Euskara herri-administrazioetan eta hezkuntzan
Herri administrazioak: zuk Bizkaia Irratian azaldu duzu euskararen arazoa dela zoru juridikoa. Garbiñe Biurrunek ere horrelako hausnarketa egin zuen: “ez dakit interpretazio judizialaren edo arauen edukiaren arazoa den. Agian uste genuen arau batzuk genituela eta, egia esan, beste batzuk ere baditugula «. Bat zatoz berarekin?
Ni ez naiz jurista eta arlo honetan gure inguruko adituei konfiantza egiten diet. Nik uste dut uste genuena baino zoru juridiko ahulagoa daukagula. Horretan bat nator. Egia da zoru juridikoa interpretagarria dela, hori da bere ezaugarrietako bat. Aipatuko nuke hainbat epaiketa, eta ez bakarrik enplegu publikoari lotutakoetan, baizik eta beste batzuetan oraindik eta garbiago, estaterako, udal-legeari lotutakoak eta Espainiako Konstituzioak berak jartzen du zorua. Hor hizkuntza bat ematen da ofizialtzat eta derrigorrez jakin beharrekotzat, eta gainerakoak koofizialtzat. Esplizitatzen dira gauza batzuk. Eta ez da gertatzen bakarrik Euskal Herriari dagokionean, baizik eta Katalunian eta Galizian.
Orduan oldarraldiarena gehiago ez da izan sortu den kontakizun bat, zeren eta azken finean, benetako arazoa da, izatekotan, dugun araudia… Batzuek diote epaileen artean denetik egon dela, sententzien artean denetik egon dela eta guztiak ezin direla zaku berean sartu…
Nik uste dut legedian badaukagula arazoa. Baina momentu batean olatu bat gertatzen da, helegite sorta handi bat. Eta gero ni beste honekin ere kezkatuta nago, uste dudalako guztiontzako kaltegarria dela. Esango nuke oldarraldi politiko eta diskurtsibo bat ere gertatzen ari dela eta saiatuko naiz ondo azaltzen. Uste dut oldarraldi diskurtsibo horren parte bat badela sektore batzuetatik, adibidez, Kontseiluarenganako esaten ari diren eta adierazten ari diren esanak eta jarrerak. Niretzako oso kezkagarria da batzuek hain erraz esatea Kontseiluak egiten duela helegiteak jartzen dituzten langileen fiskalizazioa, seinalatzea, beldur giro bat sortu dugula eta, ondorioz, sindikatu batzuk sartu behar izan dutela ordezkatzera… Bueno, fantasia bat.
Jarraipena ez duzue egin? Komunikabideren batean Kontseiluko batek esan zuen aztertzen ari zinetela.
Guk? Ez, ez, ez. Guk egin duguna da epaietatik datorrena irakurtzea.
Eusko Legebiltzarraren web orrian esteka bat dago non azken bi urteetan emandako 70 sententzia agertzen diren. Edonork egin dezake azterketa bat.
Guk ikertu duguna da zer jurisprudentzia ari den sortzen, zer argumentazio ematen den. Zuk diozun moduan, egingarria da. Baina ebitatu dugu guztiz epaileen balorazioan sartzea. Niri publikoki epaileak seinalatzen ari garela edo Kontseilua dela sufrimenduaren sozializazioaren aldaera berria esateak min handia sortzen dit pertsonalki.
Oldarraldi diskurtsibo bat badago, eta zehazki, Kontseilua eta euskalgintza jomugan jartzeko oso termino larrietan, kuestionatzeko mugimendu bat. Baina gero, niretzako oldarraldi diskurtsibo bat ere badago euskararen normalizazioari berari jartzen zaizkion mugetan, 2026an gaudela ulertu gabe, edo ulertu nahi gabe. Niretzako oso harrigarria da eta antipolitikoa iruditzen zait argudioa izatea 82ko kontsentsua. Zergatik? Ari garelako duela 44 urteko akordio batez edo kontsentsu batez. 44 urtetan mundua eta gure gizartea aldatu zaigu aspektu guztietan eta esaten badugu beste hainbat gaitarako orduko eskema baliabide eta begiradek ez digutela balio, euskararen normalizazio eta biziberritzean ere ez digute balio. Are eta gehiago, gaur egun gizarte honen masa eragilearen gehiengoa oraindik jaio gabe zegoen momentu batean.
Hala eta guztiz kontsensu horrek etekinak sortu ditu, ezta?
Bai, bai. Baina gauza bat da etekinak izatea eta hori aitortzea, baina beste gauza bat da, eta uste dut horrela planteatzen dela sektore batzuetatik eta hori egiten zait arduragarria, elkarrizketa bera eten egiten baitu, esatea hau dela sabaia, eta hori iruditzen zait badela inposaketa bat, nolabait. Hemendik mugitzerik ez dago. Eta berriro diot, justu kontsentsu horrek ekarri du lau hamarkadetako ibilbide bat euskararen normalizazioan, esate baterako,
ezagutzaren terminoetan, beste leku batzuetan jartzen gaituena.
Uste duzu EAJ eta Bilduren proposamenak ziurtasun juridiko handiagoa ekarriko dutela benetan?
Kontseiluari bi gauza nahasten zaizkio. Batetik, guk eskatzen dugu eta ezinbestekoa zaigu ziurtasun juridikoa bermatzea, aurrera egitea. Baina Kontseiluan horren aurretik uste dugu iritsi dela momentua aldaketa baterako, hau da, modu progresiboan pentsatzea hemendik «x” urteetarako enplegatu publiko guztiek bi hizkuntza ofizialak jakin ditzaten, euskara eta gaztelera modu parekoan egon daitezen.
El Diarion egindako elkarrizketa batean diozu posible dela 15 urtetan funtzionario guztiek bi hizkuntzak menderatzea. Pentsatzen ari zara gazteak sartuko direla eta asko jubilatu direla. Baina ondo ikusten dituzu geroratze neurriak?
Nik uste dut momentu hau dela helburu bat jartzeko eta, gainera, uste dut politika publikoen noranzko hori izan behar duela: helburu bat jartzea, plan bat ezartzea eta horretara iristea, progresibotasun horrekin. Zaila egiten zait marrazki hori egin gabe esatea “hau edo bestea geroratuko dugu”. Egia da gehiengo sindikalarekin badagoela landuta eta urte batzuk badauzkala. Plan hori 15 urteetan egingarria zen momentu batetik abiatuta. Bizirik dagoen organismo bat da Administrazio Publikoa ere. Orduan, nik zertarako uste dut dela momentua? Goazen jartzera benetako berdintasun egoera bat enplegu publikoari dagokionean. Hor, gainera, badaude hiru printzipio gidari: berdintasuna, meritua eta gaitasuna eta zerbitzu publikoa emateko gaitasuna uste dut oso faktore inportantea dela. Orduan, goazen jartzera helburua. Gure ustez, helburua, dudarik gabe, bada enplegu publikorako euskara gazteleraren pare izatea eta momentu honetako argazkirik abiatuta, iritsiko gara. Baina despistatu gabe eta oinarria zalantzan jarri gabe.
Batzuetan pentsatzen dugu dena konponduko dela funtzionario guztiek euskaraz jakinez gero. Baina ezer baino lehen ez duzu uste oso gaizki antolatuta daudela zerbitzuak? Esaterako, mediku euskaldunak egotea euskaldunak ez dauden tokietan eta alderantziz, eta halakoak.
Egia esan, ez dut hainbeste ezagutzen. Ez dakit horren inguruko planifikazioa. Seguraski ez da kontuan hartzen, baina hori ere gabezia bat da.
Erramun Osaren hitzak: “Hilgarria da aurrez aurre jartzea herri-erakundeetan lan egiteko eskubidea eta euskararen ezagutza”. Noraino partekatzen duzu ikuspuntu hori?
Iruditzen zait sektore batzuek lan-eskubideak eta hizkuntz eskubideak kontrajartzen dituztenean oldarraldi diskurtsiboaren parte den dikomotia faltsua eratzen dutela. Hor egiten dena da hizkuntza eskubideen oso irakurketa murritza, eta pixka bat iruditzen zait 82ko kontsentsu horren zumeak daudela eta horiek errebisatu behar direla, eta, gainera, ariketa politiko sano interesgarri eta demokratiko bat dela. Zer egiten du irakurketa honek? Hizkuntza eskubideena ia-ia murrizten du nik herritar gisa administrazioarekin daukadan harreman horretara. Badirudi hor soilik bermatu behar zaizkidala, gainera, bermatzeko bideak dira “joan, eskatu, halako batean etorriko da, erreklamatu”. Denok dakigu hau guztia nola izaten den. Baina eskubide batek eskubidea izateko osoa izan behar du eta bizitzako arlo guztietan izan behar du errekonozitua.
Emakume gisa ditudan eskubideak ez dira mugatzen udaleko ogasunean daukadan harreman horretara, baizik eta bizitza osoan aurrera eramateko. Hor hartzen du zentzua, eta hor lan eskubideak, euskaraz lan egitea ere funtzionalidade horren barruan sartzen da. Orduan, uste dugu hor abiaduran badagoela kontrajartze faltsu bat. Beste gauza bat da zein baldintza material eta erreal dauden momentu honetan eta leku guztietan hori gauzatu ahal izateko. Baina eskubideez ari bagara hizketan, edo eskubideen aitortza guztia da edo ari gara eskubidearen irakurketa murritz-murritz baten gainean.
Orduan, gizarte bezala ariketa izan beharko luke pentsatzea gaur egun mugatuak diren baldintza material horiek, baldintza errealak nola gauzatu, ibilbide hori behar bezala egin ahal izateko.
Euskararen ardaztasuna errespetatuz, Bilduk onartzen du hiru hizkuntzak irakas-hizkuntzak izatea. Noraino partekatzen duzu irizpide hori? Uste duzu hezkuntza eleaniztuna iruzurra dela?
Ezaguna da Kontseiluak Euskal Autonomi Erkidegoko hezkuntza sistemari dagokionean zer proposatzen duen: gaur egungo ereduen sistema gainditu eta euskarazko ikasteredua orokortzea. Hori da gure proposamena eta, horrekin batera, ikastetxe bakoitzak dagoen lekutik abiatuta, bere hizkuntza plana egitea, ikasketa ibilbidearen bukaeran ikasle guztiek eskatzen zaizkien hizkuntz gaitasunak izan ditzaten. Orduan, horrek Barakaldon esan nahiko du gauza bat eta Zaldibian esan nahiko du beste gauza bat. Eta, gainera, beste oinarri bat eransten diogu eta da euskara gutxien duenari gehiago ematea. Eta gehiago emate horretan ez gara ordu kopuruez soilik baizik eta ari gara baliabidez, ari gara ingurunez. Goazen inbertitzera. Hori da esan nahi duguna.
Badaude hainbat ikerlari, Lucas Gortazar kasu, hipotesi moduan, D ereduaren orokortzea eskola emaitzen beherakada arrazoietako bat dela diotenak, ikasle askorentzako familia hizkuntza eta eskola hizkuntza ezberdina dela eta familia eta inguruko hizkuntza eskolako atean utzi behar dutela eta, gainera, kalte handiago nozitzen dutenak ikasle pobreak direla. Ez al da estrategiak birpentsatzeko garaia?
Nik uste dut hezkuntzak momentu honetan eskatzen duela sakoneko planteamendua, ez euskararen normalizazioari begira bakarrik, baizik eta orokorrean. Gainera hezkuntza sistema da gizarte baten ez bakarrik aurrerapenerako, baizik eta ongizate minimorako funtsezko elementua. Hementxe, Irunen, dago Belaskoenea Eskola. Nik lagun asko ditut hor irakasle izandakoak eta direnak. Dunboan ere bai, eta badakit zer gauza kontatzen dituzten. Hauen ahalegina ez da euskararen normalizazioan eragitea, ez da matematiketan formatzea, ez da kimikaririk sortzea. Hauen ahalegina da ume horien oso oinarrizko betebehar intelektual, afektiboei erantzutea. Alde horretatik hezkuntzara etorri zaigu errealitate berri bat. Euskal Herriko pediatrek atera dute txosten bat esanez pantailen eraginez hizkuntz gaitasunean zenbaterainoko atzerapena datorren, eta miopia, elikadura trastornoak eta osasun mentala aipatzen zituzten fenomeno berri gisa. Orduan, oso oinarrizko gauzak hasi behar dugu planteatzen, eta uste dut birplanteamendu horretan euskararen normalizazioa ere helburu gisa egon behar duela, horrekin guztiarekin batera, eta ardatz nagusietako bat izan behar duela. Bi aldeetara esan nahi dut. Gauza asko ditugu errebisatzeko.
Baina, adibidez, oso-oso kuriosoa da baita ere, unibertsitateko nire esperientziak erakutsi didana. Nik klaseak kazetaritzan ematen nituenean eta idazkuntza ematen nuenean euskararen arnasguneetatik unibertsitatera datozen ikasleetako askok euskara estandarrarekin, euskara jasoarekin aritzeko zailtasunak zituzten. Agian eskolan naturalizatzen delako hitz egitearekin nahikoa dela, eta gazteleraz hobeto idazten dute, beste lanketa bat egiten delako. Konplexua da.
Zintzoki diot bagaudela euskararen normalizazio eta biziberritzeari dagokionean ziklo bat bukatzen eta ziklo berri bat hasten, edo garai berri bat. Nik uste dut bagaudela hor. Eta ziklo berri horrek eskatzen digu gaurko munduan pentsatzen. Eskatzen digu ia guztia berriro pentsatzea eta dauzkagun tresna horien egokitzapen handi bat egitea, baina ardatza argi izanik. Ardatza eta helburua.
Deja un comentario