NOLAKOAK GAREN!

Gure gizartearen inguruko gogoetak eta elkarrizketak

Idurre Eskisabel (I): «Guk defendatzen dugu euskararen ezagutza orokortu egin behar dela»

Momentu honetan nik oso bizirik ikusten dut iraganerako inertzia, hau da, gera gaitezen gauden moduan, badaezpada, mundua dator oso mehatxagarri… Nire kezketako bat da gaizki identifikatzea gaurko munduak euskarari ekartzen dizkion erronkak.

Gure egiturak oraindik ere prestatuta daude gazteleraz edo frantsesez aritzeko… Orduan, norbanakoaren esku uzten da, beste guztia aintzat hartu gabe. Eta hor egiturazko mekanismoak daude.

Oso injustua iruditzen zait datozen (migrante) horien gainean jartzea geure egiturazko arazo baten zama.

Elkarrizketa Irunen ekanairen 4an egin nion eta aurreko eta osteko egun horietan “zoroen” pare ibili zen han eta hemenka, komunikabide guztietan, joan den 13an Iruñean ospatu zen “Euskaltzaleon Martxa”ren motorrak berotzen. Azkenean bere agendan gai izan zen niretzako ere tartetxo bat ateratzeko, asko eskertzen diodana. Berba erreza dauka Idurrek, baita dikurtso elaboratua eta konbentzimenduaz adierazita ere. Seguru asko bere iraganak kazetari eta unibertsitateko irakaslearen gisa asko lagundu dio. Bere gaitasunaz aparte, giza trebetasun handiko emakumea da, euskalgintzaren irudiaren mesederako. Denok dakigu Euskalgintzaren Kontseiluko Idazkari Nagusia dela, baina ikuspegi hori galdu barik, adierazpenak bere izenean egin ditu.

Elkarrizketa hiru zatitan banandu dut, honako gai eta izenburuekin: Oraingoan «Trikua esnatu da: euskalgintzaren egoera». Abiapuntua da Lorea Agirrerekin batera duela 7 urte argitaru zuen euskalgintza eta feminismoari buruzko liburua. Iazkoa da bigarren edizioa. Gaurko elkarrizketan jokatu dut eurek erabilitako metaforarekin. Trikua = euskara, euskalgintza. Datozen egunetan bigarren atala: «Intersekzionalitateak: feminismo, euskalgintza eta klasea» eta hirugarren atala: «Euskara herri-administrazioetan eta hezkuntzan». Goazen patxadaz Idurreri entzutera.

«Trikua esnatu da»: euskalgintzaren egoera

Kontseiluak deituta, joan den abenduaren 27an Bilbao Arena “Pizkunde” ekitaldia antolatu zenuten. Bero apartarekin, ekainaren 13an Iruñean «Euskaltzaleon Martxa» ekimena aurrera eraman duzue. 2021 urtetik aurrera “Batuz Aldatu” proposamena bultzatzen ari zarete eta dagoeneko 140 giza eragileek atxikimendua adierazita dute. Duela pare bat egun euskal gizarteari 300.000 euskal hiztunen gorakada proposatu duzue. Trikua esnatu da? Orain bai, ikusten duzu jauzirako zumerik daudela?

Zaila da guztizko erantzunak ematen horrelako galderei. Ni momentu honetan ari naiz gizarte eragiletza batetik, eta uste dut gure eginbeharra, hain justu, eragitea eta itxaropena edukitzea dela. Itxaropena iruditzen zait bereziki momentu honetan, eta ez Euskal Herrian bakarrik, nazioartera eta mundura begira jarrita, oinarrizko jarrera politiko bat dela, hau da, pentsatzea mundu hobe bat posible dela, justizia sozialean sakonduko duena, berdintasunean sakonduko duena, demokratizazioan sakonduko duena. Orduan, itxaropen horretan kokatzen naiz. Sentitzen dugu euskararen normalizazioarekiko kezka areagotu dela. Hori bai nahiko hunkigarria egiten zaigu. Gero kezkak badu bere alde ona eta izan dezake bere alde txarra ere. Baina gure ahalegina hori da. Ez gaitezen kezkan gelditu. Goazen aurrera egitera.

Ruper Ordorikaren “Trikuarena” abestian —badakit Atxagaren hitzak direla—trikuak dio errekan bizi dela bere erresuma delako eta basoko beste animaliez elikatzeko prest dago, baina ez da konturatzen gertu errepidea pasatzen dela eta hil daitekeela. Noraino bi alderdiak alegoria zuzena dira euskararen egoera islatzeko?

Lorea Agirrek eta biok titulu hori aukeratu genuenean, justu alegoria horrekin jokatzen genuen momentu horretan guk ulertu genuenarekin. Beharbada Atxagak ez zuen horrela bota. Gauza bat da autorea eta gero beste gauza bat da irakurleak eransten diona. Baina guk bai ikusten genuen iraganeko munduaren eta berriaren arteko trantsizioa eta talka. Eta heriotzaren arriskua, ezta? Eta pixka bat euskararekin lotu genuen triku hori. Euskararen historia sozial garaikidean tentsio hori bizi da, beti iragana eta gaurko mundua eta askotan mundu berri hori arrisku gisa identifikatzea eta horrek atzerako inertziak sortzea. Eta guk esan nahi genuen trikua esnatu dela, eta gaurko munduan ere bizirik aterako dela. Hau da, euskarari dagokiona da gaurko munduan kokatuta egotea, eta kasu honetan, eta gure militantziak aintzat hartuta, feminismo garaikidearekin oso lotuta. Guk horrela kokatu genuen eta, berriro diot, euskararen historia sozial garaikidean tentsio hori behin eta berriro sortzen da, eta esango nuke momentu zehatz honetan berriro ere oso presente dagoela beste aldaera batean. Igual orain dela hamar urte tentsio hori beste era batera zen. Momentu honetan nik oso bizirik ikusten dut iraganerako inertzia, hau da, gera gaitezen gauden moduan, badaezpada, mundua dator oso mehatxagarri. Alde horretatik, egia da niretzako momentu honetan kezketako bat badela gaizki identifikatzea gaurko munduak euskarari ekartzen dizkion erronkak, horiek ondo ez kokatzea eta, gainera, gure baitako olatu erreakzionario bat sortzea, hau da, iraganeko inertziak hor lotuta geratzea. Eta bereziki hau lotzen dut migrazioarekiko harremanarekin.

Gero horretaz galdetuko dizut, baina hain zuzen esan duzuen harira, liburuan adierazten duzue, feminismoarekin alderatuta, nabarmenago ikusten dela euskalgintzaren arazoetako bat arlo diskurtsiboan dagoela, segitzen baitu 50ekoen amaieran edo 60ko hamarkadan eratutako zoru diskurtsiboaren gainean oraindik. Zer gabeziak ikusi dituzue euskalgintzaren diskurtsoan?

Egia da liburuak ia zortzi urte dituela, 2019an argitaratua, 18an idatzia. Loreak eta biok askotan esaten dugu, jakina, gaur momentu honetan ez genukeela idatzita dagoen bezala idatziko, edo gauza batzuk beste modu batera identifikatuko genituela. Inkluso, gure hipotesi txarrenak ez dakit betetzen, baina joera batzuk sortzen ikusi ditugula edo kezka hori badugula. Zertan? Batetik, liburuan egiten den azpimarra da feminismoak norbanakoari agentzia bat aitortu dion bezala, euskalgintza orokorrean beste nonbait ez ote dagoen, eta hor diskurtso batzuk berritu beharra. Oso kuriosoa da euskalgintzarena alde horretatik. Batetik, agentzia politiko oso gutxi aitortzen dio norbanakoari, begirada desberdinak eta aukera desberdinak uztartzeko, eta, era berean, norbanakoaren esku uzten da ia guztia. Azken hamarkadetako joera hori izan da, eta, alde horretatik, uste dugu gertatzen zaigunaren oinarrizko identifikaziora jo behar dugula, hau da, ulertzea hizkuntza minorizazio prozesu bat zer den eta horrek gizarte egiturarekin daukan harremana. Pixka bat hori ezabatu egin dela azken urte eta azken hamarkadetan. Normalizazio prozesua, batez ere Autonomia Erkidegoan, aurrera eraman da eta eskertzeko asko daukagu. Baina, era berean, horrek berak sortzen ditu gertatzen denaren ulerkerari buruzko disfuntzio batzuk.

Esaten duzue euskalgintzaren diskurtsoa dela erresistentziarena, konpromisoarena, eta gaur egungo garai likidoetan zaila dela gazteek engaiatzen, adibidez…?

edo konpromisoak proposatzeko moduarekin.

Argitu hori, mesedez.

Egoeraz jabetzea, hau gertatzen zait. Feminismoak etengabe egiten du hori. Egia da, atzera begira jarrita, azken hamarkadetan, eta ez bakarrik Euskal Herrian, baizik eta Europan eta Mendebaldean gertatu den aldaketa sozial handienetakoa sexu-genero sisteman gertatu dela, nahiko fenomeno zabal moduan. Zein da horren oinarria? Milaka emakumeren pertzepzioa aldatu dela, sakoneko pertzepzioa, hau da, ulertu dugula, gertatzen zaidana nire etxean, festara noanean, lantokian, ez dela anekdotikoa, ez dela intimoa, ez dela pertsonala, baizik eta politikoa dela. Egiturazko arazo baten aurrean gaude, ezta? Hori uste dut dela gako oso inportantea. Horretarako sortu dira tresna batzuk kontzientzia hartzeko. Garai batean kontzientzia esaten zen, gaur egun igual jabetzea, beste termino batzuk dauzkagu, baina esan, kontatu, elkarrekin partekatu egin dira gauzak eta izendatu egin dira.

Eta hori da euskalgintzan egin ez dena?

Uste dut parte handi bat hor dagoela. Azken hamarkadetan norberaren esku utzi da guztia, eta norberaren borondatearen araberako, inkluso erruduntzetik. Ustez ekuazioa zen horretan sortu diren zailtasunak. Ezagutzan aurreratu dugu. Zein da arazoa? Ez dugula erabiltzen. Oso gutxi jarri gara pentsatzen ia-ia orain arte zergatik ez dugun erabiltzen. Eta faktore asko daude, hasita, behar bada ni bezalakoengatik, zeintzuoi errazagoa zaigun euskaraz aritzea gazteleraz aritzea baino eta gure hezurdura emozionalean euskaraz gara, bai. Eta guri zer gertatzen zaigu, ba? Ez daukagula aukera askotan, eta gogorra dela beti talka, eta deserosoa ere bai. Nik beti esaten dut ni inposatzaile oso gutxitan sentitzen naizela. Eta banaiz inposatzailea guraso naizen aldetik, edo irakaslea izan naizenean botere harreman horretan, baina hor ez daukat inolako arazorik. Aldiz, baldin banago inguru batean zeinetan ez dakidan seguru denek euskaraz badakiten eta nik egoera horretan euskaraz egiten badut beti sortzen zait holako deserotasuna. Nire buruak badakit ezetz, baina nire gorputza oraindik… Beste batzuk euskaraz badakite, baina errazago zaie gazteleraz egitea. Behin irakurri nion Amelia Barquini oso ulergarria den zerbait: “tuntuna naiz”.

Bai, berak esaten du: “ni graziosoagoa naiz erderaz  egiten dudanean. Hala eta guztiz, euskaraz bizitzea auto politiko bat da».

Hori da. Orokorrean, uste dut baikorregiak izan garela hamarkada batzuez gure ustezko lorpenekin euskalduntzeari dagokionean. Hor egin dira irakurketa batzuk, eta ez dut baloratuko. Fede txarrik ez dut ikusten, baina, adibidez, hezkuntzatik datozen emaitzei begira. Eta hor badaude beste ezintasun batzuk. Gure egiturak oraindik ere prestatuta daude gazteleraz edo frantsesez aritzeko: lantokietan… Orduan, norbanakoaren esku uzten da beste guztia aintzat hartu gabe. Eta hor egiturazko mekanismoak daude eta, gainera, gurea bezalako gizarteetan politika publikoak dira asmatu dugun tresna egokiena, gizarte ekimenarekin batera, hor sortzen diren disfuntzioak zuzentzeko eta guztiontzako egoera hobeak sortzeko. Alde horretatik, bai, euskalduntzearen diskurtsoan ikusten dut norbanakoaren gainean gehiegi jarri dela irakurketa eta gertatzen zaigunaren irakurketa ez dela guztiz zuzena izan. Horregatik oso oinarrizko kontzeptuetara etortzeko garaia da.

Eustaten prospekzioaren arabera hurrengo 10 urtetan atzerritik etorriko dira 320.000 lagun berri, gure artean biziko direnak? Euskararen gainean izango duen eraginari buruz gauza ezberdinak irakurri ditut. Zein da zure ikuspuntua?

Nire ikuspuntua da datorren zerbait dela. Berriro diot, gaurko munduari erantzun behar diogu, eta euskararen normalizazio eta biziberritzea gaurko mundutik pentsatu eta antolatu behar dugu. Orduan, arazoa, nire ustez, ez dira euskal herritar berriak, baizik eta arazoa guk daukagu, lehendik hemen gaudenok, lehendik ere hizkuntza auzia gure artean dugulako, guztiz konpondu gabe duguna. Orduan, oso injustua iruditzen zait datozen horien gainean jartzea geure egiturazko arazo baten zama.

Kontuan hartuta “hizkuntzen artean” lehia beti dagoela, gaztelania eta euskararen arteko berdintasuna euskararen hegemoniaren bidez soilik da posible?  Hegemonia hori posible izatekotan…

Bueno, nik uste dut hor badagoela faktore bat: oraingoz, orain eta azken mende luzetako prozesuan oso-oso egoera eta oso historia desberdinak izan dituzten bi hizkuntzez ari garela, ezta? Eta orduan, euskarak segitzen du minorizatutako hizkuntza izaten eta minorizazio egoerari buelta emateko behar dira tresna batzuk, bai edo bai. Orduan, minorizatutako eta hegemonikoa denari buruz hizketan ari garenean, uste dut inportantea dela oso kontutan izatea gaur egungo egoera zein den. Guk defendatzen dugu euskararen ezagutza orokortu egin behar dela, pixka bat eszenatoki bat ezarri behar dugula, non herritar guztiek euskara ere badakiten. Eta hala jasotzen da ”Batuz Aldatu” akordio horretan. Gure gizarteko sektore batzuek esaten digute hori dela ia-ia jarrera totalitario bat izatea, ezta? Orduan, hor gaude oraindik.

Beraz, goazen behintzat orokortze horretara eta ikusiko dugu. Egia da horrelako minorizazio eta zapalkuntza egoeretatik, subjektu berriak sortzea inportantea dela. Emakumeekin hori gertatu da. Subjektu sozial eta politiko berri bat sortzen da, eta horrek behar du nolabaiteko hegemoniarako ibilbide bat. Uste dut euskal hiztun komunitatearekin ere subjektu politiko-sozial izate hori badaukagula, batzuetan gehiago, besteetan gutxiago. Baina hor badago zerbait, baina horrek hegemonizatzeko bide bat behintzat egin behar duela, inoiz behintzat berdintasunera iritsiko bada.

Deja un comentario