
Hezkuntza Sailak joan den astean plazaratu du aurtengo Etapa Amaierako kanpo ebaluazioaren txostena. Ebaluazio honen emaitzen harira eta 2025ko PISA probaren berriki argitaru diren emaitzen harira ARGIA aldizkariak hainbat galdera pasatu dizkit. Hona hemen erantzunak. Elkarrizketa esteka honetan ere irakur daiteke: https://www.argia.eus/albistea/pisaren-emaitzak-eaen-arazo-larri-baten-aurrean-gaude-eta-argi-gorria-aspalditik-dago-piztuta
Azken PISAk EAEn utzitako emaitzetatik zein dira nabarmenduko zenituzkeen gako nagusiak?
2025eko PISAren emaitzak eta “pixkanaka burua altxatzen ari gara eta hobetzen goaz” diskurtsoa kontrajarriak dira. Joan den astean Jaurlaritzak aurkeztu zituen ebaluazio diagnostikoetan, hori izan da Hezkuntza Sailak zabaldu duen mezua, baina PISAren emaitzak jakinda, ezin da ondorio berbera atera. Ez dago aitzakiarik: ez pandemia [2022an egin zen aurreko PISA, eta emaitza txarrak pandemiari leporatu zizkioten], ez beherakada orokortua. Izan ere, beherakada orokortua egon da Espainiako Estatuan eta herrialde askotan, baina gurea handiagoa izan da. Bazirudien ezinezkoa zela beherago jaistea, hondora heldu ginela, baina oraingo PISAk kontrakoa erakutsi du.
PISA argazki bat baino ez da, baina kasu honetan errepikatzen ari den argazkia da, maldan behera goazela erakusten duena. 2012 urtetik hona Irakurketan 79 puntu galdu ditugu, hau da, gutxienez bi ikasturte atzerago gaude; Matematikan 50 puntu izan dira, hau da, ia bi ikasturte atzerago gaude; eta Zientzietan 36 puntu galdu ditugu, ikasturte eta erdi atzerago. Eta beherakada ez da bat-batekoa izan, 2012tik etengabea baizik. Ikasle bakoitzeko Espainiako Estatuan gehien inbertitzen duen erkidegoa izanik, Irakurketan hamaseigarren postuan gaude, Matematikan hamargarrenak eta Zientzietan hamabosgarrenak. Eta are larriagoa dena, Madril kenduta, EAEk aurkezturiko ikasleen lagina izan da ISEK [indize sozio-ekonomiko eta kultural] altuena duena.
Ekitateari dagokionez, maila sozio-ekonomiko altukoen eta baxukoen emaitzen arteko aldea ez da hain handia. Kontua da talde guztiak maila baxuetan pilatzen direla, eta horrek, ekitatea baino gehiago, kaskarkeria adierazten du.
Ez da komeni abagunea aprobetxatzea Hezkuntza Sailaren kontra harrikadak botatzeko, baina Hezkuntza sailburuari eskatuko nioke apaltasunez aitortzeko arazo larri baten aurrean gaudela, Hezkuntza Sailarena ez ezik gizarte osoarena ere baden arazo larri baten aurrean. Argi gorria aspalditik dago piztuta.
Aipatu duzun moduan, joan den astean azken ebaluazio diagnostikoaren berri eman zuen Hezkuntza sailak, eta Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak “ikasleen errendimenduaren bilakaera positiboa” nabarmendu zuen.
Datuak guztiontzako berberak dira, baina interpretazioak diferenteak izan daitezke. Hezkuntza Sailak botila erdi beteta ikusten du eta seguru asko beste eragile batzuek erdi hutsik. Nire ikuspuntutik, hobekuntza, egon den arren, oso txikia izan da eta DBHko 4. mailako gaztelerako konpetentzia kenduta (6 puntu gora egin du), estatistikoki igoerak ez dira esanguratsuak izan. Berdintsu segitzen dugu. Ebaluazio diagnostikoaren txostenari erreparatzen badiogu, badirudi odolustea moztu dela eta gaitasun maila aurreratuenetan ikasle gehiago daudela, baina ez dugu ahaztu behar nazioarteko parametroetan oraindik ikasle gehiegi ditugula gaitasun maila baxuetan. Bereziki etsipena sortu dezake ikusteak lau ikasletik hiruk ez dutela lortzen oraingo Euskal Hezkuntza Legeak eskatzen duen B2 euskara maila DBH bukatzerakoan.
Bai PISAn, bai ebaluazio diagnostikoan, aldaketak ikusi ditugu urteotan. Ebaluazio diagnostikoei dagokienean, pasa da bost konpetentzia neurtzetik (euskara, gaztelania, matematikak, zientziak, ingelesa) hiru neurtzera (euskara, gaztelania, matematikak). Azken ebaluazio diagnostikoan, matematikak (DBH4n) ezin izan dira aurreko edizioekin konparatu, galdetegia aldatu delako, eta ildo berean, ISEI-IVEI aztertzen ari da ebaluazio diagnostikoa aldatzea (itemak aldatzea); hori eginez gero, etorkizuneko ebaluazio diagnostikoen emaitzak ezingo lirateke aurreko edizioekin alderatu. Gainera, ebaluazio diagnostikoen inguruan administrazioak egiten duen txostena urtez urte gero eta laburragoa da. PISAn berriz, inoizko lagin txikiena aurkeztu du EAEk azken edizio honetan. Maniobra hauekin, zure ustez, zer bilatzen du Jaurlaritzak?
Zaila da esaten zer duten buruan, erabaki murritzaile horietarako arrazoirik ez dutelako eman. Kanpotik begiratuta, iruzur soziala da; ezin da informazioa bahitu, hezkuntzaren inguruan eztabaida publikoa egin nahi bada. Hezkuntza Sailak agian pentsatzen du datu gehiegik ez duela laguntzen, baina dagoen gardentasun faltarekin susmoa da zerbait ezkutatzen ari direla, modu onartezin batean. Ematen du oraingo sailburuak garbi daukala hezkuntza sistemak zer norabide hartu behar duen eta ez duela nahi datuek zapuztea berak hain modu sutsu, erretoriko eta propagandistikoan defendatzen dituen eskemak.
Beti esan dut sailburu batek ezin duela berak bakarrik hezkuntza sistema ez gailurrera ez amildegira eraman. Hezkuntza sistemek berezko inertziak dituzte, aldatzeko zail samarrak direnak, eta beren gizarteen isla dira. Horregatik, Hezkuntza sailburuari eskatuko nioke apur bat erlaxatzeko, ez duela zertan hainbeste informazioa ezkutatu, datuek islatzen duten errealitatearekin eta modu berean pentsatzen ez duten eragileekin solastatu behar duela.
Aurreko galderan nioen azken edizio honetako PISAn parte hartu duten ikasleen lagina murriztu duela Jaurlaritzak. 3.600-4.768 ikasle artean parte hartzetik, azken PISAn 2.310 ikasle aurkeztera pasa da EAE; ikastetxeen kasuan, 97-177 ikastetxe ordezkatuta egotetik, 56 eskola baino ez ditu aurkeztu EAEk.Nola eragiten du horrek emaitzetan, jasotako informazioan eta aurreko edizioekin konparatzerakoan? Adibidez, ikastetxe gutxiago aukeratzeak (eta ikastetxe batzuk kanpoan uzteak) zein eragin izan dezake?
Euskal hezkuntza sistema konplexua da eta aldagai asko ditu: lurralde eta gune soziolinguistikoen arteko ezberdintasunak, eredu linguistikoak, segregazio maila inportantea, sareak, itunpekoen barruan dauden errealitate ezberdinak, ikasle gehienek D ereduan ikastea (sarri etxeko eta inguruko hizkuntza aldatuta), etorkinen hazkundea… Orain arte, EAEk lagin ahalik eta zabalenak aurkeztu ditu, konplexutasun horri guztiari buruzko datuak izateko, eta lagina murrizteak dakar analisia apur bat pobreagoa izatea, aurreko edizioekin alderaketa egiteko aukerak galduz edo gutxituz. Dena den, PISAk ontzat eman du EAEko lagina eta beraz balekoa da.
Zenbaterainoko garrantzia dute eta nola hartu behar ditugu bai PISA, bai Jaurlaritzaren ebaluazio diagnostikoak?
Gobernuek halako ebaluazioen emaitzak aurkezten dituztenean “morbo” giro bat sortzen da, komunikabideek elikatua. Badirudi Hezkuntza Saila eta bere sailburua azterketa batera aurkeztu direla eta nota jarri zaiela. Handik gutxira, ordea, dena ahanzturan geratzen da.
Zaratatik harago, oreka bilatu behar da. Kanpo ebaluazioek datu asko eskaintzen dute, baina ez dugu ahaztu behar une jakin bateko argazkia direla eta argazkian atera zaitezke hobetuta edo lausotuago, zeren hezkuntza sistemak askoz konplexuagoak baitira. Kanpo ebaluazioek ezer gutxi esaten digute, adibidez, ikasleen egoera emozionalaz eta garatzen dituzten baloreez, irakasleen asebetetze mailaz, gelan erabiltzen dituzten metodologiez, absentismoaz, eskola porrotaz… PISAk adibidez hiru konpetentzia baino ez ditu neurtzen, lagin baten emaitza da eta ez dira kontuan hartzen tokian tokiko berezitasunak. Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen proba denez, gainera, lanerako eta merkaturako joera du.
Hori guztia esanda ere, kanpo ebaluazioak, batez ere Jaurlaritzak egiten dituenak, ez dira inondik inora arbuiatu behar: mugatuak izan arren, argazki konparagarrien sail bat eskaintzen dute eta hurrenkera horretan ikus daiteke zein norabide ari den hartzen hezkuntza sistema. Tresna oso baliagarriak dira datuetan oinarrituta hezkuntza politika bat planteatzeko. Duela bi-hiru hamarkada ez ziren existitzen, orain datuen uholdean itota geratu gaitezke. Erronka nagusia zera da: datu pila horretatik abiatuta, nola planteatu hezkuntza politika eraginkor bat gure testuinguru zehatzean.
Deja un comentario