NOLAKOAK GAREN!

Gure gizartearen inguruko gogoetak eta elkarrizketak

Albaro Anta (Gasteizkoak) (I): «Azken urteotan diru asko mugitu da armagitzaren inguruan eta enpresa dezente sortu dira»

Milaka miloi euro gastatu eta gero hainbatean fabrikatutakoa ez da erabili, hangarretan sartuta usteltzen ezertarako ez. Askotan hori hobea da erabili baino. Baina xahuketa da.

Garai batean zaila zen asmatzea zeintzuk ziren  eta zer ekoizten zuen bakoitzak. Izkutatuta zegoen. Gaur egun agerian dago.…enpresek ikusi dute ez zaiela inolako eragin txarrik egiten aipatzea zer ekoizten duten. Guretzako hori da kezkagarriena.

SAPA eta Ecia-Xemein dira armagintzara soilik dedikatuak

Intsumisio kanpaina pasatu eta gero, oso ahul geratu zen mugimendu antimilitarista eta gaur egun berdin jarraitzen dugu. Lau katu.  

Azaroan urtebete beteko da «Conversión de la industria militar en Euskal Herria. Para no fabricar más guerras» liburuaren lehenengo edizioa argitara eman zenetik. Ia 12 hilabate pasatu ondoren, liburuak ez du gaurkotasunik galdu. Kontrakoa. Azken urtean armagintzaren inguruan gertatukoa nolabait liburuan aurrikusten da eta bertan azaltzen diren beste hainbat gertakari areagotu ere bai. Liburuaren edukia zainduta dago, dokumentatua, ondo idatzita, umore-tantekin zipriztinduta. Ideologikoki garbi kokatuta egon arren, ez dauka inolako kutsu panfletariorik. Gomendagarria. Albaro Anta egiletariko bat da, «Gasteizkoak» talde antimilitaritaren kide. Atsegintasunez aukera eman dit euren egoitzan hain zuzen (Gasteizko Zapateneon), elkarrizketa hau gauzatzeko. Gai konplexua denez, bi zatitan bananduko dugu. Lehenengoa, honako hau, «Liburua, armagintzarako enpresak eta antimilitarismoa» izenburupean. Bigarren zatia, datorren astean, «Gerra, armagintzaren lobbiak eta alternatibak» izenburupean.

Liburua, armagintzarako enpresak eta antimilitarismoa 

Gauza bitxi bat hasteko. «Conversión de la industria militar en Euskal Herria» liburuan ez da agertzen egilerik. Zer dela eta? 

Talde-lana delako. Nahiago dugu azpimarratzea lan kolektiboa dela pertsona indibidualenak baino. Apustu bat bada. 

2007 urtean «Mercaderes de la muerte made in Euskadi. Industria militar en Euskal Herria» argitara eman zenuten. Salaketa-liburua da. Baina, azken liburu honen azpitituluarekin «Para no fabricar más guerras» badirudi haratago joan nahi izan duzuela, armagintzari buruzko problematikaren konplexutasun osoa jasoz eta alternatibak aurkeztuz. Nola islatu da liburu berri honetan azken urteotan izan duzuen pentsamenduaren bilakaera?

Aurreko liburuetan kontatzen genuen zer zegoen eta salatzen genuen. Jendeak aurkezpenetan galdetzen ziguten “bai, eta zuek zer proposatzen duzue?”.  Orduan pentsatu genuen oso garrantzitsua zela horretan sakontzea. Liburuak hiru atal ditu. Horietako bat enpresen zerrenda izaten jarraitzen du, eguneratu behar izan baitugu. Baina orain beste bi atal daude, interesgarrienak direnak, hau da, azaltzea zergatik den horrela errealitatea eta zein den gure proposamena. Gure ibilbidean ikusi ditugu aurreko liburuetan zeuden gabeziak. Azken liburuan ikerketa lan dago, baina hausnarketa lan bat ere bai.

 Liburuan etengabe aipatzen duzue PEHDG akronimoa, gaztelaniaz «Producción de Euskal Herria para el Desperdicio y la Guerra». Nola litzateke euskarazko akronimoa, horretan pentsatu baduzue?

Gerra eta Xahuketarako Euskal Herriko Ekoizpena. (GXEHE).  

Liburuan azaltzen duzue, baina zer zentzutan hitz egiten duzue xahuketaz?

Jendeak esan digu “xahuketa” hitza ez dela hain argi geratzen, gerra bai, baina xahuketa izan daiteke alde batetik adierazteko diru-xahuketa dagoela armagintzan gastatzen denean, gainera gastatzen den diru guztia publikoa da, eta bestetik milaka miloi euro gastatu eta gero hainbatean fabrikatutakoa ez da erabili, hangarretan sartuta usteltzen ezertarako ez. Askotan hori hobea da erabili baino. Baina xahuketa da.

Aipatu dugun 2007ko liburuan, era batera edo bestera armamentua ekoizten zuten 70 enpresa edo erakunde identifikatu zenituzten. Aipatzen ari garen liburuaren zerrendan 206 agertzen dira. Nola azaltzen duzu 17 urtetan egondako hazkunde hori? Zer gertatzen ari da euskal gizartean?

Liburuan azaltzen dugun moduan, negozio handia sortu da azken urteetan. “Planes Especiales de Armamento” izenekoak hasi ziren garatzen 2003an eta luzatu dira hamarkadetan. Horiek garatzeko urteak behar izan dituzte. Diru asko mugitu da eta negozio berriak eta enpresa dezente sortu dira.

Bestalde armagintzarako enpresek aldatu dute euren ekoizpenerako politika. Orain badago enpresa handi bat eta bere inguruan daude enpresa asko pieza ezberdinak egiten dituztenak. Batzuk enpresaren barruan eta beste batzuk tailerrak dira edo enpresa txikiak.

Bestaldetik ere armagintza Europa mailan antolatu da. Estatu bakoitzean enpresa handi batetik abiatuta, sortzen dira ertaineko enpresak eta enpresa txikiak, baina talde berean sartuta. SAPA esaten duzu, enpresa bakar bat dela pentsatuz, baina taldean daude hogei bat. Dirua heldu da eta enpresak sakabanatu dira.  

Teknologia berriak dira beste arrazoi bat. Lehen egiten zituzten piezak metalurgikoak ziren. Orain badaude enpresa asko piezak egiten dituztela 3Dn eta merkeagoak dira metalurgikoak baino, nanoteknologia sartu da, sektore berriak… Orduan enpresa gehiago daude sartuta armagintzan.

Eta, azkenik, mentalitate-aldaketa. Garai batean zaila zen asmatzea zeintzuk ziren  eta zer ekoizten zuen bakoitzak. Izkutatuta zegoen. Gaur egun agerian dago. Hein batean da gizarteak ez duelako kontzientzia antimilitaristik garatu. Jendeari berdin zaio. Orduan enpresek ikusi dute ez zaiela inolako eragin txarrik egiten aipatzea zer ekoizten duten. Guretzako hori da kezkagarriena.

Armen ekoizpenaren sektorean detektatu dituzuen 206 enpresa eta erakundeen artean, zortzi profiletan gelditu zarete berariaz: ITP Aero, Sener, Tecnalia, Satlantis, Ega Master, Nafarroako Unibertsitatea, BBVA eta Ecia Xemein. Bitxia iruditu zait azken adibide hau, Ecia Xemeinena, duen izaera surrealistagatik: mortero eta granaden fabrika bat udal lurrean… Kasu atipiko honi buruz azalpen gehiago eman zenitzake?

SAPA enpresari buruz liburua argitaratu genuenean Markinara joan ginen aurkezpena egiteko. Markinan dago talde antimilitarista talde bat, “Armagintzarekin moztu” izenekoa, hiru kidek osatua, belaunaldi ezberdinekoak. Dezente mugitzen dira. Garai horretan guk uste genuen enpresa itxita zegoela. Zorretan sartu zen. Baina langile batzuk bere gain hartu zuten.

Baina segurtasun-egoera kazkarrean, ezta?

Bai, bai. Osalanetik joateko eta azterketa bat egiteko eskatu zen, baina azkenean inor ez zen agertu. Gehiago: sententzia bat dago non ebazten den produkzioa utzi behar zutela eta lur-eremu utzi behar zutela. Epaitegiko idazkariak joan behar zuen sententzia notifikatzera, baina azkenean ez zen joan. Ez dakigu zer-nolako boterea dagoen atzean!

Ni herrira joan nintzenean aurkezpena egitera esan zidaten toki berezira nindoala, hain zuzen, Ecein-Xemeinera. Bi pabiloi zeuden: bulegoak eta fabrika. Udalak lortu zuen bulegoak berreskuratzea. Bestea ez. Eta bertan eman nuen nire aurkezpena. Gure moldaketa proposamena gauzatzeko ezin egokiagoa da enpresa hau. “Armagintzarekin moztu” taldearekin moldaketa proiektu bat abiarazi nahi genuen, udalaren onespenarekin, baina enteratu ginen Etxebarrian (ondoko herrian) pabiloi bat erosita zeukatela. Dena den, oraindik Markinan segitzen dute.

Zehaztu behar da 206 enpresa eta erakunde horietatik, bi soilik aritzen direla armamentua ekoizten. Gainerakoek produkzio zibila eta militarra uztartzen edo aldi beretzen dituzte, ezta? Zaila egin al zaizue identifikazio-prozesua? Litekeena al da adierazitakoak baino gehiago egotea?

Bai, SAPA eta Ecia-Xemein dira armagintzara soilik dedikatuak. Bigarren galderari dagokionez, liburua argitaratu eta gero gehiago topatu ditugu 12 bat gehiago. Eta gehiago egongo dira.

Zer eufemismo erabiltzen dute enpresek eta erakundeek dirua xahutzeko eta gerrarako produkzioari buruz hitz egiteko, euren burua zuritzeko?

Adibide bat jartzeagatik, bere garaian Defentsa Ministerioa Gerrarako Ministerioa zen. Laster aldatuko dute Segurtasunerako Ministerioa izateko. Badaukagu web orrian unitate didaktiko bat, atal bat duena non azaltzen den lengoaiarekin nola jolasten duten.

Une honetan nola dago mugimendu antimilitarista Euskal Herrian?

Talde batzuk bagara, baina koordinazio gutxi egon da duela gutxira arte. Duela bost urte bildu ginen, 25 urte bildu gabe eta berdinak ginen, hau da, 25 urte zaharragoak, baina berdinak, bi talde izan ezik: “Armiarma” taldea Bilbo ingurukoa eta Gasteizko “Gerraren kontrako emakumeak”. “Antimilitaristak EH” plataforman Jarraitzen dugu biltzen. Talde bakoitzak bere esparrua dauka, baina koordinazioan oso gutxi aritzen gara. Intsumisio kanpaina pasatu eta gero, oso ahul geratu zen mugimendu antimilitarista eta gaur egun berdin jarraitzen dugu. Lau katu.  

Zerrenda hau Argia aldizkariaren Larrun 25 aletik aterata dago. Liburuan enpresa edo erakunde bakoitzari buruz hainbat azalpen aurkitu daitezke.

Respuesta

  1. […] Euskal Herria. Para no fabricar más guerras» liburuaren argitalpenaren lehen urteurrena dela eta. Hemen irakur daiteke «Liburua, armagintza eta antimilitarismoa» izenburua hartu zuen elkarrizketaren […]

Deja un comentario