NOLAKOAK GAREN!

Gure gizartearen inguruko gogoetak eta elkarrizketak

Gogoetagunearen dokumentuari iruzkinak

2022 urtean “Euskararen Gogoetagunea” izenburupean Euskaltzaindiak abian jarri zuen prozesu parte hartzaile bat euskararen norabideari buruz, Jon Sarasuak bultzatua eta koordinatua. Jonek berak ponentzia gisa aspaldi aurkeztu zuen bere formulazio-lana eta duela oso gutxi argitalpen moduan ere plazaratu da. Iritzia eskatu zaien eragile eta hiritar askoren artean, niri ere eskatu didate. Hona hemen nire iruzkinak “Euskararen etorkizun-ikuspegiak. Ariketa sintetikoa” ponentziari buruz.

Eduki guztiak partekatu ala ez, ponentzia oso ona iruditu zait: landua, aberatsa, oso hausnartua, adierazkorra, metaforaz eta irudiez betea, gaiaren konplexutasunaz arduratzen dena, alderdi asko kontuan hartzen dituena. Alde horretatik, benetan zorionak lan bikain honengatik!

Dokumentuak bisio anbiziotsua eskaintzen du, kontzeptualki trinkoa, baina enborreko ponentzia denez, zehetasunak falta zaizkio, logikoa denez. Prozesu osoaren behar bezalako balioespenak egiteko iragarri diren berariazko ponentziak ezagutzera itxaron beharko dugu. Aurrekoa esanda, ponentzian planteatzen diren lerroetatik abiatuta, saiatuko naiz azaltzen nire adostasun, zalantza, susmo eta beldurren batzuk, baita nire desadostasunen batzuk ere.

Adostasunak:

  • Analisian: indarguneak eta argazki negatiboan agertzen diren ahuleziak eta gizarte-testuinguruaren analisia (jaiotze tasen beherakada, etorkinen hazkundea, kapitalismoa, globalizazioa, eta abar).
  • Ildoen edo ardatzen aukeraketa egokia: pausuak eta jauziak. Behintzat ez dut igartzen zerbait falta dela. Aukeratutako pausu eta jauzien artean azpimarratu:
    • Lan munduari emandako lehentasuna, kontuan hartuta funtzesko etena dagoela irakaskuntza eta lan-munduaren artean. Beste kontu bat da nola jokatu gap hori gainditzeko.
    • Komunikabideen arloan tokian tokiko komunikabideak indartzea.
    • Helduen euskaldunizazioan doakotasuna aipatzen da.
  • Arnasgunei eta dentsitate-gunei lehentasuna ematea.
  • Erabilerari eta ez horrenbeste ezagutzari lehentasuna ematea, eta honi lotuta adierazkortasunaren hobekuntza.
  • Kontakizunaren eguneratzeko beharra.
  • Gizarte-politikak mailakatuak (eta progresiboak gaineratuko nuke) eta komunitate-estrategia zeharkatzaileak aldiberetzea.
  • Euskal komunitatearen barruan hiztun tipo mailakatuak bereiztea eta onartzea.

Zalantzak:

  • Metaforak oso adierazgarriak erabiltzen dira euskararen egoerarekiko: botila zuloz betea, minbiziarena, Urbiako larretan geratzeko arriskua, mugimendu martzialarena… Nik ulertu dezaket euskaltzaleen artean dagoen kezka eta sentsibilitatea. Dena den, nire ezjakintasunagatik, ez naiz gai sentitzen baloratzeko noraino geldialdi nabarmen eta berezi baten aurrean gauden. Badirudi erabileraren krisian gaudela eta euskara arnasguneetan ahultzen ari dela… Gauza asko hobetu daitezkeela, duda barik. Baina egiten ari garena segituz gero, jai daukagula esateraino…
  • Zalantzen artean errepikatu behar dut lehen esandakoa: ponentzia sekuentzia batean integratuta dagoela: 1) diagnostikoa, 2) ponentzia bera bisioa planteatzeko 3) berariazko ponentziak. Orduan, pendiente geratzen naiz ikusteko zer esango den pauso eta jauzi bakoitzaren berariazko ponentzietan.

Susmoak, beldurrak:

  • Dokumentuan egiten diren analisiek, erabiltzen diren metaforek eta dagoen larritasun egoeraz kontziente egiteko saiakerek garamatzate, hain zuzen, ondorio batera, dokumentuan garbi aipatzen dena: erreakzioa. Euskararen biziberritzea bi poloren artean mugitu daiteke: batetik motibazioa, erakargarritasun-estrategiak bultzatu nahi dituzten politikak edo, bestaldetik, “epelkeriak” alboratuz, martxa azkartu nahi duten politikak. Zeharo kontrajarriak ez lirateke izan behar. Baina susmoa da ponentziaren inklinazioa bigarren poloan kokatzen dela. Orduan, beldurrak eta galderak agertzen dira. Gaurko abagune politikoa aukera-leihoa izan daiteke, baina estutzeko tentazioan erortzeko abagunea ere bai: profilen dekretu berria, hainbat despidoen aurrean egondako sententziei buruz eman den interpretazioa (euskararen kontrako oldarraldi judiziala), euskarazko “sumersioa” etengabeko eskaerak hezkuntzan… Guzti honen aurrean akordioa bigarren planoan uzteko arriskuan gaude. “Euskara XXI” dokumentuaren inguruan Euskara Aholku Batzordean eman zen kontsentsua gaindituta al dago?

Desadostasunak, hutsuneak:

  • Analisian klase aldagaia aipatu ere ez da egiten. Euskaldunok egoera bihurria eta kontraesanez betea daukagu. Euskal nazioa bi estatupean dago eta alde horretatik esan liteke estatuko egiturek eta eliteek zerikusi handia daukatela euskararen menpekotasunean. Baina periferiara abiatzen garenean (Katalunira, gure erkidegora…) tortilari buelta ematen zaio eta elite euskaldunak (nahiz eta euren lan jardueretan erdara asko maite eta erabili) dira mendekotasuna sortzen dutenak eta minoriak “espainolak” dira. Beste kontraesan bat: euskara hizkuntza minorizatua da, baina klase agintarien artean prestigioduna. Euskara ez da pobreen hizkuntza. Zaurgarrien euskararako sarbidea erraztea erronka handia da. Euskara identitarismoaren giltzarri bihurtzen den neurrian, euskal hiritarron artean dauden arrakalak ezkutuago ageri dira.
  • Hezkuntza arautuari buruz esaten denetan boluntarismoa ikusten dut gehienbat. Ponentziaren beste inon baino gehiago gauza potoloak eskatzen dira, estaterako, hiztun osoak lortzeko behar adinako baliabideak, ikasleen konpetentzia eta adierazkortasunaren hobekuntza, ikasleak euskal kulturaz blai ateratzea… baina bidegarritasuna ez da zehazten. Aurreko nahiak lagunduta doaz irakasleen eskala handiko birmoldaketarekin; ikasleen taldekatzea birpentsatzearekin (asko eztabaidatu behar da honetaz) eta ikerketa eta berrikuntza metodologikoekin. Nire ustez atal hau errealitatetik gehien aldentzen dena da. Euskalduntzeko prozesuak hezkuntza sisteman altzoa hartu du eta neurri handi batean hala izan beharko da. Baina sistema pitzatzen ari da eta horrek eskatzen du, gehiago atzeratu gabe, zioen azterketa sakona, hainbat argi gorri piztu direlako. Kontua ez da pentsatzea muturrera heldu garela eta hobekuntzei uko egin behar zaiela, baina agian bai estrategiaz aldatu behar dela, lokomotorrari egur gehiagorekin elikatzearen estrategia motza delako. Beste estrategia batzuk behar dira, beste malgutasuna eta epe mailakatuak. Belaunaldiak beharko dira. Murgiltze ereduarekin tematzeak ez garamatza urrun. Hezkuntza Akordioan aprobatutako marko eleaniztuna aukera ona izan daiteke eztabaida pizteko eta estrategiak berrorientatzeko.
  • Aisialdia: Plan nazionala eskatzen da. Ondo, baina kontuz aisialdiarekin: nork ordaindu dezake kalitateko aisialdia, euskaraz gainera? Nire proposamena beste norabidetik doa: hezkuntza sistema osoan “denbora osoko hezkuntza” deritzona hedatuz joatea.
  • Bi ñabardura: A) marra berdeak aipatzen direnean, esaten da ez dela kuestionatzen A eredua. Esplizituki marra berdeen beste adibide bat bilatzea eskatzen dut. Aipatutakoa ez da adibide zoriontsuena. A ereduak ez du euskalduntzen eta segregazioaren iturria da. Nolabait jarritako adibideak suposatzen du ontzat ematea erdarazko hondar hori eta euskal hiritarrak banatzen gaituen ereduen sistema. Beste paradigma bat erditu behar dugu. B) Erakundeen ezaugarritzean analisi finak egiten dira. Publiko-pribatuaren arteko dikotomiaren kontzeptualizazioan herri honek dauka korapilo nagusienetariko bat. Gai honi buruz sakoneko eztabaida beharrezko dugu, askotan magia joko asko daudelako interes korporatiboak defendatzeko. Hortxe utziko dut, ataza pendiente moduan.

Azken hitza: txalogarria da Euskaltzaindiak babesten duen ekimen hau (portzierto, zer paper dagokio Euskara Aholku Batzordeari?).  Hasieran esan bezala, benetan mamitsua da ponentzia. Bisioak eta plangintzak beharrezko ditugu gizakiok norabidea markatzeko. Euskararen biziberritzeak gizarte-politikak, komunitate-dinamikak eta abar beharko ditu. Baina azken finean hiztunen eskuetan gaude. Eta mendeetan zehar katea ez bada apurtu, ahuleziak gorabehera, badaude arrazoiak pentsatzeko ez dela apurtuko.

Respuestas

  1. Avatar de M.L.Oñederra

    Oso gogoeta interesgarriak!

    1. Avatar de gonzalolarruzea

      Mila esker, Lourdes!

Replica a gonzalolarruzea Cancelar la respuesta