
(Epaileen) erabaki guztiak ez dira maila berekoak, eta horien atzean dauden hari-muturrak ez dira komunak.
Denok dakigu indize horien oso gainetik gaudela herri-erakunde askotan… Nago, eztabaida honetan, hainbatetan badaudela, nire ustez, ondo aplikatu ez diren erabakiak, eta hori ere komeni da zuzentzea.
Hizkuntzaren biziberritzeak etengabeko lana eskatzen du, amaierarik ez daukan langintza da. Ni pozik nengoke orain arteko aurrerakadak segida izango balu… Guk Harro egon behar dugu gurea delako arrakasta-kasu bat.
Berreskuratu behar ditugu sasoi bateko adostasunak, alderdikeriak aparte utzita… Gorbeiara iritsi nahi badugu, taldean iristea komeni zaigu. Ez zaigu komeni sasoiko bizpahiru lagun gailurrera iristea, gehien-gehienak Arraban edo, hainbat, Zeanurin, geratzen baldin badira. Guri komeni zaiguna da taldean.
Ni ez naiz inposaketaren aldekoa… Deserotasunak onartu behar ditugu, ahuldutako hizkuntza baten biziberritzean. Baina deserotasun horiek adostu egin behar ditugu.
Kontu handiz ibili behar dugu horren erraz botatzen dugunean norbait euskarafoboa dela edo euskararen kontrakoa dela… Sektore oso ideologizatu batetik botatzen diren irain eta gutxiespen adierazpen horiek ez diote inolako mesederik egiten elkarbizitzari.
Ni konbentzituta nago gure hizkuntzak iraungo duela… Ni konbentzituta nago gure herriak, gure herritarrek, hizkuntza gorde egingo dutela.
Berriro diot aukera badagoela sasoi bateko adostasuna berritzeko. Ni horren aldekoa naiz, eztabaida hau sustatu dutenen intentzioa izan dadin eztabaida honetatik euskara indartuta ateratzea, bestela, ariketak ez duelako merezi.
Eta bukaerara heldu gara. Gaur laugarren eta azken atala: «Euskara herri-administrazioetan». Erramunen hausnaketetara pasatu baino lehen irakurleari ohartarazi nahi diot elkarrizketa martxoaren 5ean egin niola, hau da, euskararen bazterrak nahasita ez zeudenean, behintzat ez azken asteotan egon diren bezainbeste. Hala eta guztiz elakarrizketak ez du batere gaurkotasunik galdu. Lehenengo atalak irakurri nahi izanez gero hemen topa daitezke: lehen atala «Euskararen gaur egungo egoera»; bigarrena «Gure gizartearen aldaketak eta hizkuntza politika» eta hirugarrena: «Euskara hezkuntzan».
Euskara herri-administrazioetan
Oldarraldi judiziala?
Bukatzeko, azken gaia: herri-administrazioak. Badakizu azken urteotan hainbat epai egon direla eta horiek sektore batzuk bultzatu dituztela euskararen kontrako oldarraldi baten aurrean gaudela esatera. Horren ondorioz, gero etorri da orain Eusko Legebiltzarrean tramitatzen ari den araudiaren aldaketa. Dekretuaren aldaketari buruz eta zure parte-hartzeari buruz hitz egingo dugu gero. Baina lehenengo eta behin, zer jarrera daukazu oldarraldiaren aurrean? Zer deritzozu? Hala da? Ñabardurak egin behar dira?
Nik uste dut sona izan duten erabaki guztiak ez direla maila berekoak, eta horien atzean dauden hari-muturrak ez direla komunak. Kontuz ibili beharra daukagu horrelako irakurketak egiten ditugunean. Hasteko, komeni da bi kontzeptu desberdintzea. Batetik, hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasun-indizeak. Lehenengo kontzeptuak maila bat ezartzen du euskararen jakintzari dagokionez. Bigarrena ezinbestekoa da lanpostua eskuratu ahal izateko. Herri-erakunde bakoitzean kontuan hartu beharreko indizeak aspaldi ezarri ziren, mailakakoak dira, hots, hizkuntzaren bilakaeraren arabera egokitzen dira. Edozein gisaz, izan gaitezen errealistak. Denok dakigu indize horien oso gainetik gaudela herri-erakunde askotan. Adierazleak ezartzeko orduan, lanpostu elebidunak identifikatzeko orduan, zein izan da orain arte egon den oinarrizko adostasuna? Komeni da zentzua berreskuratzea, halako pausaldi bat egitea eta aurrera begirakoa ondo zedarritzea.
Nago, eztabaida honetan, hainbatetan badaudela, nire ustez, ondo aplikatu ez diren erabakiak, eta hori ere komeni da zuzentzea. Nik uste dut hemen ere gauza izan behar dugula, hanka sartzen dugunean, onartzeko eta gauzak konpontzeko, bestela, alarma eta ezinegona da lortzen ari garen bakarra.
Hizkuntza ahul baten biziberritzean, hilgarria da, nire ustez, aurrez aurre jartzea herri-erakundeetan lan egiteko eskubidea eta euskararen ezagutzaren kontua, hor ere oreka bilatzea hil ala bizikoa da. Oso kontuan hartu behar dugu gure araubideak herritarrei hizkuntza eskubideak aitortzen eta herri-erakundeei obligazioak ezartzen dizkiela. Bistan da herritarren hizkuntza eskubideak, hots, euskaraz edota gaztelaniaz jardun nahi duten herritarren eskubideak bermatzeko modu bakarra dela herri-erakundeetako langileak elebidunak izatea… baina kontuz! Hau, ezinbestez, ezin dugu orokortu, modu progresiboan egin behar dugu, besteak beste, zerbitzu guztiek ez dutelako harreman-maila bera herritarrekin. Gainera, zerbitzu batzuetarako ez daukagu nahikoa jende, esate baterako, osasun zerbitzuetan (baina ez horietan bakarrik), beraz, ezinbestez, bestelako profila daukan jendea behar dugu eta pertsona horien ibilbide profesionalean euskara eskuratzeko erraztasunak eman beharko dizkiegu.
Hiztunek, normalean, hizkuntza-gaitasuna maila asimetrikoan garatzen dute, hizkuntza bat eskuratzea norbanakoari dagokiolako. Batzuk hobeto moldatzen dira ahoz idatziz baino, edo alderantziz, bakoitzaren ibilbidea, euskararekiko izan duen harremana desberdina delako; badira, ahoz, tokian tokiko berbetan edo hizkeran ondo moldatzen direnak baina eredu bateratuan jarduteko horrenbesteko erraztasunik ez daukatenak, eta alderantziz. Hizkuntza-eskakizunez zein derrigortasun-indizeez hitz egiten dugunean, oso kontuan hartu behar dugu delako langile horrek zertaz eta norekin jardun behar duen hizkuntza batean edo bestean. Beraz, kontestua garrantzitsua da!
Baina hausnarketa haratago eramatea komeni da. Datozen urteetan, milaka eta milaka enplegatu publikok erretiroa hartuko dute, herri-erakundeek eman behar dituzten zerbitzuek egokitzapenak izan beharko dituzte, premiak, eremu digitalaren eragina eta abar kontuan hartuta: zeintzuk dira aurreikuspenak, beharrak, zeintzuk sarrera/irteera profilak eta zer egingo dugu horietara iristeko? Zer egingo dugu euskara lan-hizkuntza bilaka dadin herri-erakundeetan? Uste dut hausnarketa orokorra egitea komeni dela eta itxurakeriak baztertzea ere bai. Ezer gutxirako balio duelako pankarta baten atzean azaltzea, euskara merezimendutzat ere kontuan hartzen ez duzunean, esate baterako, Nafarroako deialdi batzuetan, edota, zerbitzu bat emateko profesional bat behar duzunean… eta, topatzen ez duzunean, behin-behinean bada ere, euskaraz ez dakien jendea hartzen duzunean eta abar… eta azken kasuan ezin dugu jendea nahierara erabili, gero bazterrean uzteko. Izan gaitezen errealistak, utz dezagun propaganda eta saia gaitezen gure errealitatea kudeatzen, errealitate hori ez balitz bezala jardun beharrean.
Arrakasta-kasu bat, gurea
Gurea bezalako hizkuntza txiki, estaturik gabeko hiztun-elkarte baten kasuan, hizkuntzaren biziberritzeak etengabeko lana eskatzen du, amaierarik ez daukan langintza da. Ni pozik nengoke orain arteko aurrerakadak segida izango balu. Horrekin zer esan nahi dut? Laurogeiko hamarkadaren hasieran ez genuen pentsatzen, amesten, horren denbora laburrean, egoera honetara iritsiko ginenik. Uste dut oso kontziente izan behar dugula eta barruratu behar dugula gurea dela arrakasta-kasu bat, ez Europan bakarrik, munduan ere bai. Gurera jendea etortzen da, zer egin dugun euskara zegoen egoeratik abiatuta, iritsi garen puntura ekartzeko. Beraz, guk harro egon behar dugu, harrokeriarik gabe. Harro egon behar dugu gurea delako arrakasta-kasu bat; ez dut ezagutzen, abiatu ginen egoerarik abiatuta, pareko abantzamendurik izan duen hiztun-elkarterik.
Gauza diferenteak zaku berean
Horretan gauza diferenteak daude, zaku berdinean sartu ezin ditugunak: gaizki aplikatu diren indizeak; lanpostua eta ibilbide profesionalean aurrera egiteko deserosotasunak; urteetan jardun duen jendea, lana arriskuan ikusi duena… baita ere epaile batzuen ezagutza eskasa gure bilakaerari eta araubideari buruz, eta zer esanik ez, jarrerak ere bai. Hori ere badago, eta horretan ahalegina eta pedagogia handiagoa, pertsuasioa, baliatu beharko genuke. Prozesuan sortu diren arazoak arduraz eta enpatiaz kudeatzea komeni zaigu, arazoak areagotzen jardun beharrean. Edozein gisaz, nik uste dut birpentsatu behar dugula administrazioek, aurrerantzean, zein ekarpen egiten segitu behar duten hizkuntzaren biziberritzean, kontuan hartuta gure gizartea aldatzen ari dela eta gehiago aldatuko dela.
Anbizioa eta errealismoa
Komeni zaigu, gainera, bizkor aldatzen ari den gizarte horretako kideak, etorri berriak barne direla, hizkuntzaren biziberritzean protagonista bilakatzea. Ez dezagun euskara norbanakoen aurrerabiderako, arrakasta sozialerako arazo bihurtu. Euskararen biziberritzeari bultzada berri bat emango diogu, gizarte honen kohesiorako eta aurrerabiderako, berdinen arteko elkarbizitzarako ekarpena egiten duen neurrian. Uste dut, eguneratu behar ditugula sasoi bateko adostasunak, alderdikeriak aparte utzita, gauzak elkarrekin egiteko gogoa eta borondatea berreskuratu behar ditugula. Euskararen aldeko langintza erakargarri bihurtu behar dugu, euskararen biziberritzean jauzi berri bat egiteko. Hor konbinatu behar ditugu anbizioa eta errealismoa. Anbizioa jartzen baldin badugu errealitatetik oso urrun, azkenean, ez dugu ezer egingo. Inoiz nik erabiltzen dut mendizale baten perspektiba. Gorbeiara iritsi nahi badugu, taldean iristea komeni zaigu. Ez zaigu komeni sasoiko bizpahiru lagun gailurrera iristea, gehien-gehienak Arraban edo, hainbat, Zeanurin, geratzen baldin badira. Guri komeni zaiguna da taldean, hizkuntzak taldean indartzen eta garatzen direlako, hizkuntzek ahalik eta hiztun gehien behar dituztelako, biziko badira. Gure erronka nagusia da hiztun-talde sendoa gorpuztea gure hizkuntzari, aldi berri baterako, geroa segurtatuko diona.

Deserosotasunak adostu
Inposaketa, ez inposaketa… Ni ez naiz ezer inposatzearen alde. Hori hizkuntza hegemonikoek erabili duten eta erabiltzen duten sistema da, hizkuntza aniztasuna ezabatzea ezinbestekoa dela uste izan dutelako subjektu nazional bakarra eta bateratua bilatzen dutenek. Horri buruz asko idatzi da Frantzian, batez ere Frantziako Iraultzaren ostean… hortik edan du Espainiak ere eta munduko hainbat estatuk. Eta alderantzizko eredua da Europakoa, «aniztasunean bat eginik» aldarrikatzen duenean. Aniztasun hori, baina, murritza da, gehienbat, estatu-hizkuntzetara mugatzen delako. Errealitatea da euskaraz dakitenek ezin dituztela egikaritu araubideak aitortutako hizkuntza-eskubideak, hots, nahi duten hizkuntzan jardutea. Beraz, hizkuntzei dagokienez, egoera asimetrikoan bizi dira herritarrak, batzuk eskubide guztien jabe direla eta, bestetzuk, eskubide horiek kimatuta dituztela. Egoera hori modu progresiboan gainditzeko, ezinbestekoa da deserosotasunak onartzea… eta deserosotasun horien inguruabarrean adostasun zabala erdiestea ere bai. Goazen gizon eta emakumeen arteko berdintasun- politiketara, gizonen eta emakumeen artean dauden desberdintasun nabariak ez dira inoiz lausotuko, are gutxiago gaindituko, gizonok, eskubide guztien jabe garenok, deserosotasunak onartzeko prest ez bagaude. Beste horrenbeste esan dezakegu hiztunez ari garenean, nahi duten hizkuntzan jarduteko, nahi duten hizkuntzan artatuak izateko eskubidea aldarrikatzen dugunean.
Ahuldutako hizkuntza bat biziberritzea ezinezkoa da deserosotasunak onartzen ez badira, dena delako arrazoiengatik hegemonikoa eta orohartzailea den hizkuntzak bazter guztiak beteko dituelako eta tarterik ere ez diolako utziko hizkuntza gutxiagotuari, horrexegatik dago gutxiagotua. Baina deserosotasun horiek, nahitaez, adostasun zabal baten emaitza izan behar dute eta, adostasun hori izanen da ezinbesteko zimentarria hizkuntza gutxiagotuari behar besteko hazkundea eskaintzeko, biziraupena eta garapena ahalbidetzeko.
Kontu handiz ibili behar dugu horren erraz botatzen dugunean eta, esaten dugunean, norbait euskarafoboa dela edo euskararen kontrakoa dela. Nire ibilbidean, euskaltzaleak ezagutu izan ditut sektore guztietan, izan alderdi batekoak zein bestekoak, sindikatu guztietan, norbanakoak. Euskarak denok behar gaitu! Nik ez dut uste inor galtzeko moduan gaudenik euskararen biziberritzearen aldeko langintzan. Sektore oso ideologizatu batetik botatzen diren irain eta gutxiespen adierazpen horiek ez diote inolako mesederik egiten elkarbizitzari, ez eta euskarari eta euskararen eremuan egin behar dugun bideari ere. Ez dira ekarpen bat sasoi bateko adostasunak eguneratu eta adostasun berriak bilatu behar diren honetan!
Badakit Espainian giroa ozpinduta dagoela, bestelako arrazoiak ere badira, baina ni ez naiz inor euskararen kontrariotzat hartzeko, bene-benetan pentsatzen dudalako, bakoitzak bere mailan, denok egin dezakegula ekarpen bat euskararen biziberritzean. Gure errealitatea askotarikoa da. Eta hasieran aipatu dudan moduan, hirurogeiko hamarkadan, gertuenera hurreratzearren, euskarak aldeko gutxi zituenean, indarberritze-aldi bizkorra izan baldin bazuen, izan zuen, besteak beste, euskararen aldeko langintza bilakatu zelako desberdinen arteko topaleku eta belaunaldien arteko zubi.
Galdu da izpiritu hori?
Izugarri ahuldu da, nire ustez. Nik ez dut planteatzen alderdi abertzaleek euskarari bizkarra erakutsi behar diotenik, baina alderdi abertzaleen interesa izan behar du euskara bilakatzea, lehen esan dudan bezala, topaleku eta belaunaldien arteko zubi. Baina alderdi ez-abertzaleek ere onartu behar dute ez dagoela gizarte elebidun bat sortzerik pertsona elebidunik gabe. Eta orduan, hor egin behar duguna da denon arteko ahalegin bat, adostasunak aldian-aldian berritzeko. Sasoi bateko adostasunek erantzuten zioten garai bateko gizartearen ezaugarriei.
Normala da zu eta Baztarrika garai berean elkarrekin egotea. Nahiko sintonian egon zineten, ezta?
Nik uste dut «Euskara XXI» proiektu interesgarria izan zela, aldekotasun eta adostasun zabala erakutsi zituena, eta nik uste dut behar dugula hori berreskuratu. Gauza asko egin ditugu euskararen kontuan eta lehen aipatu dugun moduan, ez gara Mediterraneoa deskubritzen ari. Gure hizkuntzak eta gure gizarteak iraungo du. Ni konbentzituta nago gure hizkuntzak iraungo duela. Ni konbentzituta nago gure gizarteak, ezaugarri berriekin, iraungo duela. Ni konbentzituta nago gure herriak, gure herritarrek, hizkuntza gorde egingo dutela, sasoia zenean, egoera eskasagoetan eutsi zioten moduan. Baina kontuz ibili behar dugu gure errealitatea askotarikoa delako, aldekotasunak bilatu, gizartea ehundu behar dugulako gure hiztun-elkartea osasuntsu bizi dadin. Kontu handiz ibili behar dugu, gehiegikeriarik gabe, ñabarduraz bete beharreko kontua baita.
EAJ eta Bilduren proposamenak
Oldarraldia dela-eta, euskararen araudia eztabaidatzen ari da Eusko Legebiltzarrean. Adituoi deitu dizuete zuen iritzia emateko, eta zu han egon zinen. WhatsApp-ez esan nizun, eta orain berriz planteatzen dizut elkarrizketa honetan, ondoko hau: batetik, adierazi zenuen zure agerraldian orain arteko hizkuntza-politikak herri-administrazioan bi habe izan dituela, bata hizkuntza-eskakizunena eta bestea derrigortasun-indizeena eta oinarrizko adostasuna zimentarri. Baina, aldi berean, onespena eman zenion Euzko Alderdi Jeltzalearen proposamenari. Ez al dago nolabaiteko kontraesana zure hitzetan?
Uste dut lehenago adierazitako testuinguru orokorra bistatik kentzea ez dela komeni. Zuk orain galdetzen duzunaz, gauza ezberdinak daude hor. Lehen hitz egin dugu ustezko oldarraldiari eta epaileek hartu dituzten erabakiei buruz. Hor, berriro diot, komeni da sasoi bateko adostasunek zer planteatzen zuten ondo begiratzea eta horiek nola aplikatu ditugun aztertzea. Lantzean behin, iruditzen zait hor ez ditugula gauzak ondo egin. Eta gero, lehen aipatu dut badagoela pedagogia sozialaren beharra, gauzak azaldu beharra. Herri-erakundeetan zenbaitetan hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasun-indizeak ezartzen direnean, jendeak bi alor horiek ahaztu ditu, hau da, zer den derrigortasuna eta zer hizkuntza-eskakizuna. Hizkuntza-eskakizunak beti dira aukera ematen digutenak hizkuntzaren eskuratzean aurrera egiteko. Orain arteko sistemak, bere on-gaitzekin, ekarri gaitu ekarri gaituen tokira, hau da, horrek ahalbidetu du erabat erdaldunak ziren herri erakundeak euskalduntzen joan daitezen. EAEn, esate baterako, laurogeiko hamarkadan enplegatu publikoen % 5 zen elebiduna, egun, gehiengo oso zabala.

EH Bilduk proposatzen duen ereduak laurogeiko hamarkadatik hona egin den bidea eta adostasuna ezerezean lagatzen ditu. Nire ustez, planteamendu hori okerra da. EAJk planteatzen duena orain arteko adostasunetik abiatzen da eta deialdi publikoetan halako segurtasuna egon dadin bilatzen du. Nolanahi ere, proposamen hori moldatu beharko da aurrera aterako bada, beste batzuen iritziak eta ekarpenak beharko dituelako. Beste kontu bat ere badago. Laurogeiko hamarkadako adostasunetatik kanpo egon den sektore politikoak eta sozialak aukera dauka orain arteko adostasunetara hurreratzeko. Horrek ere sekulako jauzia ekarriko luke… Baina horretarako, heldutasuna erakutsi beharko du, bai eta gainetik kentzea sektore oso ideologizatu baten markaketa, hizkuntza-politikaren eremuan interes jakinak dituena. Laburbilduz, uste dut adostasunak berritzea ona izan daitekeela, zenbat eta zabalago, are hobeto. Baina heldutasuna erakutsi beharko dute horretara deitu diren guzti-guztiek.
Lehenago esan dut. Herri-erakundeetan jende askok erretiroa hartuko duenez gero, gero eta jende gehiago behar dugula leku guztietan, eta, ezinbestez, kontuan hartu beharko dugu euskararik ez dakien jendea. Horien artean, gure artera etorritako jende andana. Har dezagun kontua gizarte-erronka gisa. Euskara ezin bilaka dezakegu halako gaindiezinezko kristalezko sabai moduko bat, modu progresiboan egin behar ditugu gauzak, errealismoz planteatu behar ditugu kontuak gure errealitatea askotarikoa eta konplexua delako, guk euskararekin ateak ireki behar ditugu eta ez itxi. Horretan, komeniko litzateke sasoi bateko eztabaidak gogora ekartzea.
Adostasunak, behar-beharrezkoak
Nik hor aukerak ikusten ditut. Ezinbestekoa da egin behar dugun bidea abiatzea orain arteko adostasunetik. Hutsean jauzia egitea baino, desberdinen arteko akordioa ezerezean lagatzea baino, uste dut hobeto gaudela lehengoan, beraz. Badira kezka batzuk herri-erakunde batzuetan, epaile batzuek egin dituzten baieztapen eta hartu dituzten erabaki batzuen inguruabarrean. Prozesua irekita dagoenez, emaitza ikusi beharko da… baina emaitza izan dadin, adostasuna mantenduz eta ahal den neurrian zabalduz, segurtasuna eman eta kontestu orokorra kontuan hartzen duena, gerta ez dadin, deialdi bat egiten den aldiro epaitegietan amaitzea. Hori ez da ona euskararen biziberritzerako, ez eta prozesu horietan parte hartzen duten milaka eta milaka herritarrentzako ere. Bestalde, akatsak akats, herri-erakundeetan burutu dugu, oso denbora laburrean, beste prozesu bat, milaka eta milaka enplegatu publiko egonkortzeko balio izan duena. Milaka lanpostu egonkortuta geratu dira herri-erakundeetan hizkuntza-eskakizuna edota derrigortasun-indizea dituztenak. Saia gaitezen egin dugun bide hori ere balioan jartzen. Zer egin dezakegu, orain arteko adostasuna oinarri hartuta, segurtasun handiagoz aritzeko? Hori da lehen kontua. Eta bigarren planteamendua: aukera baliatu daiteke laurogeiko kontsentsutik at geratu zen sektore politiko eta sozial bat adostasun horretara biltzeko. Orduan, nik ez dut ikusten kontraesanik: edo orain arteko adostasunean sakontzen dugu edo ez da ezer eragingarririk, ez eta onik ere etorriko.
Segurtasuna nola? Erakundez erakunde? Hori da ulertzen dudana EAJ planteatzen duenari buruz. Gero Legebiltzarrean zertan bukatuko den beste kontu bat da, baina badirudi EAJk hori planteatu duela atzean ez geratzeko Bilduarekiko. Nire ustez, EAJren planteamendua bai orain arteko adostasunetik at geratzen da. Ondo dago erakundez erakunde bilatzea adostasuna. Baina EAJk ez du egin planteamendua orain arte kontsensutik kanpo egon diren sektore batzuk, PP edo dena delakoa, erakartzeko eta berreskuratzeko. Badirudi erreakzio bat dela Bilduri begira: “Zuek planteatzen duzue, salbuespenak kenduta, plaza guztiak derrigortasuna eduki behar dutela? Ba guk ez dugu ezer zehazki planteatzen, esaten dugu herri-erakunde bakoitzak erabakitzeko”. Badirudi marko desregularizatu bat proposatzen dela orain arte egindako ibilbidetik aldenduta.
Nik kontraesana ikusten dut EH Bilduk iradokitzen duen hausturaren alde egingo banu. Horrek bai hausten duela orain arteko adostasuna. Bigarren kasua kezka batetik abiatzen da. Kezka da lehen esan dudana, epaileek hartu dituzten erabakien artean, gauza diferenteak daudela. Baina gauza diferente horien artean ere badira erabaki batzuk, ez asko, baina badira batzuk gure araubidea edo Konstituzio Epaitegiak hartutako erabakiak kontuan hartzen ez dituztenak. Hemen deialdi publikoetan segurtasuna bilatzea da kontua, adostasuna bilatzera deitu direnek kezka partekatzen badute, adostasunari eutsi eta zabaldu nahi badute, heldutasunez jokatzen badute aterabidea bilatuko da. Titular baten bila doanak bide laburra dauka eta, emaitza, euskararen kalterako izango da, endredoa areagotzea ekarriko duelako.
EH Bilduk deituta, hainbat aditu egon dira, aurkeztu duten proposamena aldeztu dutenak, besteak beste, beste errealitate linguistikoetatik etorritakoak. Hor ere badago zer pentsatu, hemen, egun gauden egoeran, proposatzen eta aldezten diren zenbait gauza ez direlako egoera are hobean dauden hiztun elkarteetan aurrera eramaten. Berriro diot aukera badagoela sasoi bateko adostasuna berritzeko. Ni horren aldekoa naiz, eztabaida hau sustatu dutenen intentzioa izan dadin eztabaida honetatik euskara indartuta ateratzea, bestela, ariketak ez duelako merezi. Inora ez garamatzan, egingarria eta eragingarria izango ez den gauza batean ari bagara, indarrak alperrik xahutzen ari gara… eta hortik ez dator ezer, frustrazioa eta ezinegona baino.
Deja un comentario