NOLAKOAK GAREN!

Gure gizartearen inguruko gogoetak eta elkarrizketak

Erramun Osa (III): «Ez dago D eredu bakarra. Zenbait D eredu daude»

Lauregeiko hamarkadan hainbaten ustea zen, orduko prospekzio sozio-demografikoa kontuan hartuta, eskolaren bitartez posiblea zela egoera sozio-demografikoari buelta ematea… hasiera bateko uste horiek erdi-ustel geratu dira.

Baina badira etorri berrien seme-alabak, non euren jatorrian partez eskolatuak izan diren eta, hona etorri direnean, hezkuntzaren bidez euskararekiko izango duten esposizio denbora urria izango duten. Horrek eragina izango du euren atarramendu akademikoan.

Helburua finkatu behar duzu beti, jakina. Betiere, gure errealitate soziolinguistikoa kontuan, ahaleginak eginda, eskuragarria izango den helburua…

“Euskarazko irakaskuntza, aztergai”, nire ustez, orain arte egin den azterlanik onena eta osatuena da.

Hezkuntzaren funtzioa ez da nagusiki hizkuntza bat biziberritzea.

Euskararekiko atxikimendu handiagoa lor daiteke aisialdian lortzen baldin badugu egiturak, begiraleak eta materialak elebidunak izan daitezen.

Hona hemen hirugarren atala: «Euskara hekuntzan». Aurrekoak hemen irakur ditzakezu: «Euskararen gaur egungo egora» eta «Gure gizartearen aldaketak eta hizkuntza politika». Egun gutxi barru azken atalak argia ikusiko du: «Euskara herri-administrazioetan».

Euskara hezkuntzan

Anabasa?

Hezkuntza-munduan sartuta, nire inpresioa da anabasa apur bat dagoela. Batetik, ikastereduak (A, B, D) mantentzen dira. Bestetik, marko eleaniztunari buruz hitz egiten da azken Euskal Hezkuntza Legean, eta, azkenik, ikasleen gehiengo handiak D ereduan ikasten du. Sektore abertzaleek nahiago dute Euskararen Legea ez ukitzea «gauzak nahi genuen tokitik badoazelako». Ez dago nahasmen interesaturik?

Nik uste dut errealitateak diferenteak direla. Lantzean behin, jendeak esaten du «murgiltze eredua ezarri behar dela toki guztietan». Sasoia zenean, beste mahai-inguru batean, ikastoletako ordezkariei galdetu nien: zein desberdintasun dago murgiltze-ereduaren eta ikastolek darabilten D ereduaren artean? Esposizio-denborak mugatuak dira, jakina. Eskola-aldiak iraupen zehatza dauka eta ez dago hori luzatzerik. Helburu batzuk bete nahi badira, hizkuntzen jakintza, bestelako gaien ezaupideak eta beste gaitasun batzuen ezagutza beharrezkoak dira. Hainbatetan, jendeak gauzak proposatzen dituenean, ez dakit dakien zer planteatzen duen. Izan ere, euskararekiko-esposizio denbora luzatzeko zer proposatzen duten zehatz-mehatz galdetzen duzunean, esate baterako, atzerriko hizkuntzen eskuratzea geroratzea proposatzen ote duten, ez dakite zer erantzun. Egiatan, horixe proposatzen baldin bada, esplizitatu behar da, eta gurasoen aldekotasuna bilatu beharko da, besteak beste. Baina, orduan, inor ez da ausartzen horrelakorik planteatzera.

Bigarren kontu bat. Lehen esan dudan itxurakerien kontu hori. Ez dago D eredu bakarra. Zenbait D eredu daude.

Bai, baina ez daude aitortuta…

Hori da errealitatea, baina. Hau da, tokian tokiko hezkuntza-komunitateek eredu diferenteak eraiki dituzte, euren errealitatea kontuan hartuta. Horrekin egin dezakeguna da beste aldera begiratu, edo hori aukera moduan erabili. Nik uste dut aukera moduan baliatu beharko genukeela.

Demografiaren eragina hezkuntzan

Beste uste oker bat aipatuko dut: pasa den mendeko laurogeiko hamarkadan, hainbaten ustea zen, orduko prospekzio sozio-demografikoak kontuan hartuta, eskolaren bitartez euskararen egoera sozio-demografikoari buelta ematea bazegoela. Uste orokorra zen, besteak beste, ondokoa: pertsona helduak joango dira hiltzen, pertsona gazteak geroz eta elebidunagoak diren neurrian, euskara nagusitzen joango da adin-tarte guztietan. Kontua da, batetik, bizi-itxaropena ikaragarri hazi dela, jaiotze-tasa inoizko baxuena dela eta etorri berrien pisua geroz eta handiagoa dela; gainera, azkenak gazteak dira eta seme-alabak izateko adinean daude. Beraz, hasiera bateko uste horiek erdi-ustel geratu dira. Euskararen biziberritzeari bultzada berri bat emateko berebiziko ahalegina egin beharko da hezkuntzan, besteak beste, etorri berriei ematen diegun zerbitzua indartuz, bai eta, orobat, kulturaren transmisioan indarrak biderkatuz adin-talde guztietan; ahaleginak egin beharko dira, pertsona helduen kasuan, aprobetxamendua eta doakotasuna uztartuz, bereziki, adin-tarte batzuetan; aisialdian euskarazko programak ugaritu egin behar ditugu, bai eta lan munduan ere… Aldi berrirako, birpentsatu behar ditugu lehentasunak eta baliabideak esleitu.

Baliabideak urriak direnez gero, birpentsatu behar dugu ea sektore edota jardun-lerro batzuetan jarrita dauzkagun baliabideak gehiegizkoak ez ezik eragingarriak ere ote diren. Nago, egun, ekarpen urria egiten duten gainegiturei eusteko sekulako ahalegina egiten dihardugula eta bestelakoetarako baliabideak behar ditugula. Badakit, denboraren joanean, interesak iltzatu direla baina lehentasunak birpentsatu eta laguntza lerroak berrantolatu eta dimentsionatu behar ditugula iruditzen zait. Denboraren joanean, sortu diren azpiegiturei eustea ezin izan daiteke helbururik behinena!

Hezkuntzara bueltatuz, laurogeiko hamarkadan baginen eta bagara esaten segitzen dugunak hezkuntzak ekarpena egin dezakeela euskararen biziberritzean, baina, era berean, hezkuntzak berak bakarrik ezin duela. Euskara biziberritzeko ingurune aproposa behar da, hezkuntzatik haratago doana. Gaur egungo jaiotze-tasarekin eta etorri berrien pisuarekin, aldi batean, egoerak ez du hobera egingo. Gainera, gaurko errealitatea zera da: nahiz eta gazteen belaunaldiak euskaldunenak izan, horien pisu soziodemografikoa inoizko txikiena da.

Errealitate horri, gainera, datuek gutxi gorabehera esaten digutena gehitu behar diozu: 300.000 pertsona berri dauzkagula kanpotik gure artera etorri direnak, beste horrenbeste izango ditugula edo izan ditzakegula datozen 20-25 urteotan. Jakina denez, pertsona horiek ez dakite euskaraz. Pertsona horiek gazteak dira, eta, azkenik, pertsona horiek dute gaur egun ugalkortasun-tasarik handiena. Horixe da, zinez, kudeatu behar dugun errealitatea.

Baditugu migratzaileak seme-alabak hemen izan dituztenak eta, euskarazko ereduaren bitartez, euskaldundu(ko) direnak. Baina badira etorri berrien seme-alabak, non euren jatorrian partez eskolatuak izan diren eta, hona etorri direnean, hezkuntzaren bidez euskararekiko izan(go) duten esposizio denbora urria izan(go) duten. Horrek eragina izango du euren atarramendu akademikoan, bai eta eskuratuko duten hizkuntza-mailan ere. Errealitate hori ezin dugu bistatik galdu, euskara ezin dugun gainkarga gisa planteatu, errealitatea den modukoa delako. Gainera, errealitate hau areagotu egingo da etorkizunean.

Bi gauza egin ditzakegu: haizearen kontra jardun edo haizea aukera gisa baliatu. Orduan, ezinbestez, gauza batzuk malgutu eta, aldi berean, estrategiak indartu egin behar ditugu. Eta horrek eskatzen digu: bestelako helburuak proposatu behar ditugula; ikastetxeek, bereziki, batzuek, bitarteko gehiago eduki behar dituztela; malgutasun handiagoa behar dutela; autonomia are handiagoa behar dutela errealitateari erantzun egokia eman eta helburuetara iritsiko badira; irakasleen profilak (badaukagu zer pentsatu unibertsitateetan eskaintzen ari garen prestakuntzari buruz) birpentsatu behar ditugula eta, hezkuntzan, inoiz baino beharrezkoagoa dela bokazioa daukan jendeak jardun dezan. Hezkuntzarako balio duen jendea behar dugu, lehen, orain eta, are gehiago, etorkizunean; balio gehiturik ematen ez duen karga burokratikoa arindu behar dugula, denbora umeen zein gazteen hezkuntzan inbertitzeko; irakasle-taldeak egonkortu behar ditugula;  gazteen heziketan gurasoen partaidetza aktiboa sustatu behar dugula; curriculum propioei erantzungo dioten ikasmaterialetan eta irakasleen prestakuntzan inbertitu behar dugula; euskarekiko atxikimenduan urratsak egin ahal izateko, euskararen eskuratzea kulturaren transmisioarekin lotzeko eginahalak indartu behar ditugula eta abar. Askotariko kontuei erreparatu behar diegu, arrakasta izan nahi baldin badugu, eta, besteak beste, euskara bidelagun izatea nahi badugu, euskararekiko atxikimendua landu nahi badugu, maila apalagoan edo jasoagoan. Haur eta gazteak jarri behar ditugu gure hezkuntza jardunaren ardatz nagusi gisa, nire ustez.

Helmuga bera guztiontzat?

Kontu horiei guztiei erreparatu ere, posible da helburu bera finkatzea guztiontzat?

Zer helburu jartzen duzun…

B2, jarrita dagoena.

Helburua finkatu behar duzu beti, jakina. Betiere, gure errealitate soziolinguistikoa kontuan, ahaleginak eginda, eskuragarria izango den helburua… eta helburu horretara iristeko, toki bakoitzean, aproposak diren bitartekoak jarri beharko dituzu.

Bitartekoak eta, agian, denbora ailegatzeko. Batzuk orain helduko dira eta beste batzuk, beharbada, bi belaunaldi barru.

Inoiz idatzi dugu horri buruz. Zergatik D ereduan ikasten duen gazte batek, senegaldar batek, Ondarroan lortzen du maila jasoa, eta, aldiz, marokoar batek ez du maila bera lortzen Enkarterrin, nahiz eta D ereduan ikasi? Zergatik? Ba, senegaldar horren ingurua euskalduna delako, eta, euskaraz bizitzeko aukerak dituelako. Aldiz, marokoar horrek, auzo erdaldun batean bizi denak, ez dauka aukera hori, nahiz eta euskararekiko esposizio-denbora berdina izan eskolan. Askotan, ez gara konturatzen hemen ez dela bakarrik zenbat denbora eskaintzen diozun hizkuntza bakoitzari eskolako aldian, eskolatik kanpo zer-nolako aukerak dauden eta hizkuntza horrek zer-nolako espazioak eskaintzen dituen baizik. Eta orduan, beharbada, maila apalagoa jar daiteke, nahiz eta jakin, Ondarroan bizi den senegaldar horren maila jasoagoa izan daitekeela, eta Enkarterrin bizi denari, izan migratzaile edo hemen jaiotakoari, aldiz, maila horretara iristeko bestelako lanabesak, bitartekoak eskaini beharko dizkiogula. Bestalde, badakigu ikasleen emaitzetan, eragina duela familiako kideen maila sozio-ekonomiko eta kulturalak. Beraz, kontestua erabakigarria da emaitzak lortzeko orduan.

Berriz diot: Bitartekoen kontua bakarrik da? Edo onartu behar da ez dela posible leku guztietan maila berera ailegatzea. Behintzat, lehenengo momentuan. Tontxu Camposen garaian, euskarari buruzko azterketa egin zen irakaskuntzan eta gero liburu bat argitaratu zen, eta han aditu askok onartu zuten, ez dakit zu tartean zeunden…

Bai, tartean nengoen ni. Euskarazko irakaskuntza aztergai zeukan izenburu gisa lanak eta, nire ustez, orain arte egin den azterlanik onena eta osatuena da. Zoritxarrez, hainbatetan, jendeak, jada egindako hausnarketak, jada egindako dokumentuak, arrazoiak, bilakaerak, ez ditu irakurtzen eta, berriren berri hasten da “Mediterraneoa” deskubritzen. Lehengora nator, zuk langa oso goian jartzen baldin baduzu, ezinegona eta antsietatea sortuko dituzu eta, gainera, horretara iristerik ez daukazula jakinik, porrota! Jarrera horrekin ez diogu inolako mesederik egiten, besteak beste, hizkuntzaren biziberritzeari, ez eta gizartearen kohesioari ere.

Eskolaren funtzioa

Ados, hain zuzen ere, esaten saiatzen ari nintzen liburu horretan azaltzen dela guztiontzako helburu bera ez dela posible, eta adituek nolabaiteko mailakatzea onartzen zutela bukaeran…

Ados nago horrekin, baina, aldi berean, uste dut ez garela kontziente hezkuntzari zer eskatzen gabilzkion. Hezkuntzaren funtzioa ez da nagusiki hizkuntza bat biziberritzea. Guk eman diogu zeregin hori. Gainkarga hori ezarri diogu hezkuntzari. Baina, berez, hezkuntzaren helburua ez da hizkuntza bat biziberritzea. Horixe da, askotan, burutik kendu beharko genukeen kontu bat. Ekarpena egin dezakeela, bai, ekarpena egin dezakeen moduan beste hizkuntza batzuen eskuratzeari buruz ari garenean. Horretaz, beraz, oso kontziente izan behar dugu. Behin eta berriz esan dugu: eskolak bere ekarpena egin dezake, baina eskola ez da nahikoa. Eta orduan, noa berriro Bilbora edo Ondarroara, edo, nahi baldin baduzu, Ataunera edo Lizarrara, berdin dit: euskarak ondoan, espazio, prestigio, erakargarritasun, jendea euskarara hurreratzeko heldulekuak ditu, edo, euskara bilakatzen baldin bada eskola-hizkuntza bakar-bakarrik, eskola barneko kontu bat eta, gainera, ezin eramanarekin lotzen baldin badute ikasle askok… Egoera horretan ez dugu lortuko hizkuntzarekiko atxikimendua lantzea, euskararen ezagutza hedatzea eta erabileran jauzi bat egitea.

Inertzien preso

Gaur egun, hizkuntza-kontuetan, hainbatetan, inertziarekin ari gara. Inertzia da inoizko euskaldun alfabetatu edota ikusle gehien daukagunean, onartu nahi ez izatea, euskarazko produktu batzuk, izan publikoak edo pribatuak, ez direla erakargarri, ez daukatela ikus, entzule edota irakurle kopuru aipagarririk eta arnasketa lagunduari esker mantentzen ditugula, sekulako dirutzen bitartez. Ez dugu dirulaguntza lerroak berrikusteari buruz ere hitz egin nahi, interesak (besteak beste, politikoak) eta egitura batzuei eusteak helburuen gainetik jarri dugulako. Badakigu produktu batzuk funtzionatzen dutela, beste batzuk ez; badakigu hizkuntzaren biziberritzeari bultzada berri bat emateko produktu batzuk, izan tokikoak edo orohartzaileak, are gehiago laguntzea eta beste batzuei ematen diegun babesa erretiratzea komeni dela, eta abar. Eztabaida hori abordatzeko heldutasuna behar da, sortu diren enpresa interesak zein interes politikoak bigarren planoan uztea ere bai.

Euskara biziberritzeko dena ez da baliagarri, euskaraz egin arren. Esate baterako, pertsona elebidunek aukeratu dezakete zer kontsumitu. Hedabideez ari garenean, uste dut lurralde zein lurraldez gaindiko erdal hedabideetan ahaleginak indartu behar ditugula eta euskararen presentzia areagotu. Horrek kaltea egin ahal diela batzuei… hemen denok daukagu espabilatu beharra! Zergatik ez dugu aliantza bat egiten euskararen presentzia eta kalitatea indartzeko erdarazko komunikabideetan? Zergatik ez ditugu dirulaguntza lerroak birpentsatzen eta, egiatan sustatzen, arrakasta erakutsi duten tokian tokiko hedabide batzuk, beregainak, askotarikoak eta erakargarriak direla erakutsi dutenak? Nago, diskoa aldatu behar dugula, eta, egitura batzuen biziraupenean lehentasuna jarri beharrean, egin behar duguna dela, besteak beste, bitartekoak askatu bestelako lehentasunetan inbertitu ahal izateko: aisialdian, lan munduan, erdal prentsan euskararen presentzia areagotzeko, benetan funtzionatzen duten eskualde batzuetako hedabideen ekarpena indartzeko eta abar.

Esaterako, euskararekiko atxikimendu handiagoa lor daiteke aisialdian, lortzen baldin badugu egiturak, begiraleak eta materialak elebidunak izan daitezen. Hori erabakigarria da, euskararekiko atxikimendua lantzeko eta erabileran aurrera egiteko… baina badago gizartean sektore bat, urteetan egitura batzuk sortu dituenez gero, funtzionatzen ez duten egitura horiei kosta ahala kosta eustea lehentasuntzat hartu duena, eta helburu horren peskizan diharduena. Dirulaguntza publikoei esker sostengatzen diren egiturei eustea ezin bilaka daiteke hizkuntza politikaren helburua. Ezin ditugu dirulaguntza lerro batzuk hipotekatuta izan, beste gauza batzuetarako baliabideak behar ditugunean, diru-baliabideak mugatuak direnean, gaur, are gehiago etorkizunean.

Nago, jendea oso kritikoa eta zorrotza dela besteez hitz egiten duenean  baina ez du jarrera bera berak sustatutako ekimenez, produktuez zein bestelakoez ari denean. Bat nator diozunean ikuspegi kritikoa izan behar dugula, baita autokritikoa ere, eta euskararen munduan asko falta da bigarrenetik. Autokritika, akatsak onartzeko, jarduna egokitzeko, eboluzionatzeko, askotarikoa den euskararen munduari erantzuteko, morrontza eta estrategia politikoetatik aldendu eta gizarteari zerbitzu eragingarria eskaintzeko eta abar.

Hezkuntza ponentzia

«Euskararen Gogoetagunea» ekimenaren hezkuntzako ponentzia zein puntutan dago?

Hezkuntzaren ponentzia gogoetagai izan genuen urtarrilean egindako mintegian. Mintegi horretan, askotarikoak bildu ginen, giro lasaia bultzatzen ahalegindu ginen, kontrasterako baliagarri. Ponentzia hori zirriborro bat da. Ekarpen ugari jaso ditugu, nire ustez, oso interesgarriak. Horiek guztiak jasotzen eta ponentzia egokitzen asmatu behar dugu, aurrerapenerako palanka bilaka dadin.

Jarraituko du…

Deja un comentario