NOLAKOAK GAREN!

Gure gizartearen inguruko gogoetak eta elkarrizketak

Erramun Osa (II): «Ahultzen ari zaiguna da, hain zuzen, euskarari eustea lortu zuen etxeko sua»

Gure planteamendua baldin bada euskarak hegemoniko izan behar duela funtzio guztietan –eta badira sektoreak hori pentsatzen dutenak‒ hori ez da posibleGure errealitatea, gaur egungoa zein etorkizunekoa, geroz eta askotarikoagoa izango da, eta ez bakarrik gaztelaniarekiko, gainerako hizkuntzekiko ere bai. Beraz, hemen, landu beharreko oinarrizko adostasuna da zeintzuk izango diren euskararen biziraupena ahalbidetuko dituzten oinarrizko funtzioak.

Hizkuntza-politika eragingarri batek bi norabide behar ditu, beti gorako bultzada eta goitik beherako eginahala.

Iritsi behar dugu, hizkuntzaren biziraupenari eusteko, hiztun-elkarte sendo bat izateraHiztun-elkarte sendoak esan nahi du hiztun horien artean izango direla hizkuntza maila ezberdinak izango dituzten hiztunak

Ez badaukazu adostasun sozial eta politiko zabalik, alferrik planteatuko dituzu aldarrikapen batzuk.

Euskararen inguruan Erramun Osarekin solasaldian bigarren geltokira heltzen gara: «Gure gizartearen aldaketak eta Hizkuntza-politika». Aurrekoa, «Euskararen gaur egungo egoera» galdu bazenuen, hemen topa dezakezu. Hurrengo egunetan, «Euskara hezkuntzan» eta «Euskara herri-administrazioetan».

Gure gizartearen aldaketak eta hizkuntza-politika

Gure gizartearen aldaketa eta hizkuntza-politika

Euskararekiko planteamenduak

Iñaki Iurrebasok eta Garikoitz Goikoetxeak «Esnatu ala hil» azken liburuan jaso dutenez, bi paradigma bereizten ditu Patxi Juaristik euskarari buruzko diskurtsoan: gatazkarena eta adostasunarena. Juaristiren esanetan, XX. mendean gatazkarena gailendu zen, hau da, hemengo hizkuntza bakarra euskara dela, hegemonia lortu behar duela eta hizkuntzaren normalizazioa azkartu behar dela. 1990eko hamarkadatik aurrera, betiere Juaristiren ikuspuntutik, adostasunaren ikuspegia indartu da, hau da, eleaniztasuna aberasgarria dela, gaztelania eta frantsesa Euskal Herriko hizkuntzak direla, euskaldunen eta erdaldunen arteko harmonia bilatu behar dela… Noraino bat zatoz analisi honekin? Baliteke une honetan lehenengo paradigmara bueltatu izana?

Hiru kontu. Lehenbizikoa, askotan, jendeak diglosia ordezkapen prozesu bat deskribatzeko baliatzen du. Bibliografia teknikoan eta zientifikoan, diglosiak adierazi nahi du konpartimentazio linguistikoa dagoela, hots, halako oreka moduko bat dagoela, non hizkuntza batek funtzio batzuk betetzen dituen eta beste batek beste batzuk, ia era esklusiboan. Esate baterako, Espainian, ingelesak goi mailako funtzio batzuk betetzen ditu eta gaztelaniak beste batzuk. Burgosen, lagunartean, herri-erakundeetan eta abar gaztelaniaz ari dira… baina unibertsitatean gero eta ikerketa gehiago burutzen eta argitaratzen dira ingelesez. Euskararen kasuan, errealitatea bestelakoa da, modu esklusiboan ez du funtzio bakar bat ere betetzen. Alta, Hego Euskal Herrian, gaztelaniak funtzio guztiak betetzen ditu eta, Ipar Euskal Herrian, frantsesak, beraz bi-biak dira ezinbestekoak. Orduan, hemen iritsi beharko genuke halako adostasun sozial zabal batetara, euskaraz biziko den hiztun-elkarteak garabidea eta etorkizuna izan dezan ezinbestez bere-bereak izango dituen funtzioak definitzeko, eskuratzeko eta norabide horretan urratsak egiteko. Horixe izan beharko luke hizkuntza politikaren norabide nagusia. Kontua ez da hizkuntzak bazterrean lagatzea, hiztun-elkarte sendo eta beregaina eraikitzea baizik, era progresiboan, aldekotasunak bilatuz, hizkuntzak bazterrean laga gabe (gure mundua txikia delako eta behar ditugulako), gizartean eleaniztasuna sustatuz eta, aldi berean, euskara, funtzio batzuetan, nagusi bilakatuko zen eremu sozio-funtzionalak eraikiz. Horrek egingo luke euskara beharrezko, bere hazkundean eta biziraupenean lagunduz.

Gure planteamenduak etorkizunari begiratu behar dio, eta horretan dago adostasunaren giltzarria, zeintzuk izango diren, behin batean Mitxelenak aipatzen zituen euskararen biziraupena segurtatzeko gutxieneko funtzioak. Gure planteamendua baldin bada euskarak hegemoniko izan behar duela funtzio guztietan –eta badira sektoreak hori pentsatzen dutenak‒ hori ez da posible, eta ez da posible izango. Eta hori dioena inoiz gauzatuko ez den amets baten, edo nahi bada, gezur baten atzetik dabil, ez dabil errealitate baten bila. Gure errealitatea, gaur egungoa zein etorkizunekoa, geroz eta askotarikoagoa izango da, eta ez bakarrik gaztelaniarekin, gainerako hizkuntzekin ere bai. Eta, beraz, hemen landu beharreko oinarrizko adostasuna da zeintzuk izango diren euskararen biziraupena ahalbidetuko dituzten oinarrizko funtzioak, gainerako hizkuntzak bazterrean uzteko helburutik aldendurik, gainerako hizkuntzak ere beharko baititugu. Gaztelania beharko dugu, ingelesa beharko dugu, frantsesa beharko dugu eta bestelako hizkuntzak ere beharko ditugu.

Bigarren kontu bat. Gurean, sektore bat egon da historikoki Irlandara begira egon dena, eta oraindik ere politikoki badira Irlandara begira daudenak. Niretzat, kasu paradigmatikoa da, eta askotan ez dugu han gertatutakotik ikasten. XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran, behin eta berriz, abertzaleek Irlandako gaeleraren aldeko plangintzan ari zirenei esaten zieten independentzia lortzeak lehentasuna izan behar zuela eta independentzia lortuta, orduantxe hartuko zirela hartu beharreko neurriak Irlandako gaelera biziberritzeko. Horixe izan zen estrategia. Eta orduan, gaelikoaren aldeko langintzan zeudenak, nolabait esatearren, baztertuta edo geratu ziren. Ematen zuen atentzioa desbideratzen ari zirela. Izan ere, indar guztiak, batez ere, ingelesei aurre egiteko baliatu behar ziren, Irlandaren independentziaren aldeko langintza zuen lehentasuna, nahiz eta Irlandako independentziaren aldeko langintza hori ingelesez bideratu.

Hirugarren kontua. Kontraesan horiek ere mahai gainean jartzea komeni da gero antzekotasunak bilatzeko. Irlandaren zati batek independentzia eskuratu zuenean, Irlandako gobernuak hainbat erabaki hartu zituen Irlandako gaelera nonahi eta zernahitarako biziberritzeko. Eta orduan izan zuen halako indarberritze aldi bat, eta, gerora, makalaldia ere bai. Eta orain nator lehen planteatu dudan kontu batetara. Gure kasuan, zergatik bizi izan genuen indarberritze nabarmena pasa den mendean, hirurogeiko hamarkadan, aldeko ezer gutxi geneukanean? Orduantxe sortu zen sekulako mugimendua kulturaren biziberritzearen inguruan, gainera, berritzailea, euskararen batasunak indar berria hartu zuen, idazleak, materialak eta abar, ofizialtasunik ez zegoenean, diru-laguntzarik ez zegoenean… Zergatik geratu zen hori? Oinarrian dauden heldulekuak dira: planteamendu berritzailea, adostasun sozial zabala, askotarikoen artean ehundu zena, eta… hirugarren elementu inportante bat: hizkuntzaren sugarrari bizirik eusten zion hizkuntza komunitatea.

Hizkuntza-Politika

Suaren metafora erabiliz, badakizu, halako txondorra egiten baduzu, eta txondorraren goialdean sua pizten baduzu, txondorrak ez du surik hartzen. Txondorrak, batez ere, azpian behar du sua. Jar dezagun adibide hori hizkuntza baten kasuan. Ahuldu zaiguna eta ahultzen ari zaiguna, hain justu, beheko sua da, egoerarik zailenean, euskarari eustea lortu zuen etxeko sua ari zaigu ahultzen. Hizkuntza-politika eragingarri batek bi bultzada behar ditu, bata, behetik gorako bultzada, bai eta goitik beherakoa ere. Goitik beherako eginahala, behetik gorako bultzadarik gabe, azkenean, ezinean urtu egiten da. Eta beti gorako bultzadak, goitik beherako dinamikarik gabe, era berean, aurrerabiderik gabe, lausotu egiten da. Bi dinamika horiek behar ditugu indartu euskararen eremuan jauzi bat egin ahal izateko. Orduan, gauza batzuk gatazkaren ildoan planteatzen direnean, ez gara oso kontziente gizartea zenbat aldatu den, euskarak zenbat eta nola aurreratu duen, gaur egungo hiztun-elkartearen ezaugarriak eta sasoi bateko hiztun-elkartearen ezaugarriak zenbat aldatu diren… Sugarrari eusteko orduan, adin bateko jendeak pisu handia dauka, esate baterako, euskara nagusia izan den edo den eremuetan. Baina, pertsona horiek desagertzen ari zaizkigu edo bizilekuz aldatzen, adinean aurrera egin ahala, zerbitzuak hur-hurrean behar dituztelako. Gainera, euskara nagusi izan zen edo den eremu batzuetan hutsik geratu diren etxeen alogera merkeagoa da, beraz, errazagoa da bestelako pertsonak, euskararik ez dakitenak, eremu horietara bizitzen joatea. Gainera, hainbatetan, eremu horiek zerbitzurik gabe geratzen ari dira, eskolarik zein bestelakorik, bizitzarik gabe. Durangaldean migratzaileen kontzentraziorik altuena badakizu non dagoen? Izurtzan. Ez dira kopuruen ikuspegitik esanguratsuak Durangorekin alderatuta, baina 230 biztanle dituen udalerri baten kasuan, oso kopuru esanguratsua da eta horrek eragina dauka eremu horretako hizkuntzaren erabileran. Beraz, oso kontziente izan behar dugu zer gertatzen ari den.  

Eta horregatik ere iruditzen zait halako kontuez hitz egiten duenak tentuz ibili beharra daukala. Ni ez naiz alarmak piztearen aldekoa. Azkenean iruditzen zait pixka bat begiratu behar dugula, lehen esan dugun moduan, hizkuntza baten biziraupenak aldi diferenteak bizi dituela. Ba, orain ikusi behar duguna da aldian-aldian zer-nolako fenomenoak gertatzen ari diren, fenomeno horiek hartu behar ditugulako kontuan. Hemen ari gara gizartea eraldatzeari buruz. Eta gizartea eraldatu nahi baldin bada, saiatu behar duzu, ezinbestez, aldian-aldian, gizarte horren gehiengo zabal baten aldekotasuna bilatzen, mantsoago joan behar baduzu ere. Hizkuntza txiki baten biziraupenean klabeetako bat gizartearen aldekotasuna da, hori gabe zuztarrik gabeko arbola ari garelako landatzen.

Aldekotasuna eta kritikotasuna…

Bai, bai, biak, baina mundu guztiak partekatzen du edo gehiengo zabal batek partekatzen du hizkuntzaren biziberritzeak segida izan behar duela. Gero, segida izateko momentuan, nik uste dut gauzak ere ezin ditugula maila berean planteatu Ataunen edo Enkartazioetan. Beharbada, Ataunen bestelako gauzak egin behar ditugu hizkuntzaren biziberritzeari bultzada berri bat emateko baina, Enkartazioetan, bere horretan, balio ez digutenak. Azken honetan, ezagutza hedatzea, sustapena, espazioak irabaztea eta abar izan daitezke lehentasun nagusiak. Jendeak, errazaren erraz, hauxe pentsatzen du askotan: «botoi bati sakatuko diot, eta erabaki hau hartzen baldin badugu, listo, konponduta dago». Ingeniaritza sozialari buruz hitz egiten ari gara, eraldatze sakon bati buruz. Eta eraldatze sakonek, ezinbestez, gizartearen gehiengo zabal baten aldekotasuna behar dute… eta hori konbentzimenduaren eta pertsuasioaren bidez lor daiteke, hein handi batean.

Parkatu, kritikotasunera berriz bueltako naiz. Analisi batzuek diote Euskal Herrian, gizarte moduan, ez ekonomiaren ikuspegitik, dekadentzia une bat bizitzen ari garela. Zer egin horren aurrean? Enpatiak onura ekar dezake, baina, bestetik, gizartean daukagun errealitate kapitalistarekin eta horrek dakartzan ondorio guztiekin, apur bat kritikoa izan behar zara. Dena ezin duzu onartu, zerbaitek euskararen aldeko apustu bat ekar dezakeelako. Nola izan daiteke, aldi berean, gehiengoaren alde egotea eta esatea gehiengoa norabiderik gabeko bidetik doala?

Nik uste dut gure gizartea, pertsona batzuk eta kolektibo batzuk aparte utzita, inoizko egoerarik onenean dagoela bizi-baldintzei buruz ari garenean, eta horra hor paradoxa, inoizko satisfazio mailarik txikiena duela. Gaur egungo gizarte modernoetan,gero eta gehiago, itxurakeriak gustatzen zaizkigu. Administrazioari buruz hitz egiten gabiltzanean, pankarta baten atzealdean jartzen gara, hau edo beste salatuz, baina, esaterako, deialdi publiko batean euskara merezimendutzat hartzea gure esku dagoenean, ez dugu halakorik egiten, besteak beste, Nafarroan, errealitatea den modukoa delako. Hizkuntza kontuetan hemen planteatzen diren gauza batzuk ez dira Madrilen planteatzen, halako aldarrikapenen atzealdean dauden alderdiak Madrilgo Gobernua sostengatzeko erabakigarriak direnean eta abar. Buruan daukat, esate baterako, gure unibertsitatean medikuntza ikasketak euskaraz egiten ari direnak, ezinbestez, Madrilen egin behar dutela azterketa erabakigarria gaztelaniaz, estatuak ez duelako halakoetan amorerik ematen. Adibide ugari jar ditzakegu hizkuntza kontuez gabiltzanean eta gure aldarrikapenak eta jokabideak alderatzen ditugunean. Euskarari buruz gutxiago hitz egingo bagenu eta are gehiago egin, bestelakoa litzateke gure errealitatea. Lehen hitz egin dugu Irlandako gaelerari buruz. Irlandako gaelera hizkuntza ofiziala da 1922tik eta Europar Batasuneko lan-hizkuntza 2005eko ekainaren 22tik. Europan, euskarak ofizialtasuna erdiestea garrantzitsua da, baina hori ez da erabakigarriena, euskararen geroa eta biziraupena dugu jokoan hemen. Uste dut errealitateaz jakitun garela, badakigu hainbat aldarrikapen maximalistak eta bideraezinak direla, adostasunak gorabehera, badakigu horiekin ezin dugula aurrera egin, baina batzuei gustatzen zaie inor baino euskaltzaleagoak direla erakustea, bereziki, beste batzuen jarrera eta irmotasuna zalantzan jartzeko. Sentitzen dut, ni ez nago frustrazioa elikatzearen, ezinegona bultzatzearen, iritsi ezinean ibiltzearen alde. Hiztun-elkarte batek ezin du, denbora guztian, hilzoriaren diskurtsoan murgilduta egon.

Hiztun-elkarte sendo bat, helburu

Deabruaren abokatuarena egingo dut orain esateko gaztelania eta frantsesa hizkuntza inperialista moduan inposatu direla eta euskara minorizazio gorrian etengabe jarri dutela. Inozoak ezin gara izan, elebitasun orekaturik ez baita existitzen. Txepetxek idatzita dauka hizkuntzen artean lehia bat dagoela beti. Orduan, guk benetan euskararen biziberritzea nahi badugu, nolabaiteko «inposaketa» bai herri-administrazioan bai hezkuntza munduan noraino onargarria da aurrera atera nahi badugu gure lurraldean den hizkuntza propioa, hau da, euskara?

Nik uste dut sektore bat oso ideologizatuta dagoela. Baina hizkuntza eta hizkuntzaren biziberritzeko prozesuez askotan ez gara konturatzen hizkuntza biziberritzeko prozesuak nolakoak diren. Askotan, hizkuntzak lehian daudela esaten dugu. Hizkuntzak ez daude lehian, hiztun-elkarteak dira lehiatzen direnak. Hizkuntzei buruz bainoago, hiztun elkarteez ari gara. Azkenean, nik uste dut guk iritsi behar dugula eta gure ahaleginak izan behar duela hizkuntzaren biziraupenari eusteko hiztun-elkarte sendo bat izatera, gaitasun nahikoa izango duena, erabiltzeko aukera ugari izango dituena, eta abar.

Hiztun-elkarte sendoak esan nahi du hiztun horien artean izango direla hizkuntza maila ezberdinak izango dituzten hiztunak. Baina hori gaur egunean hizkuntza guztietan gertatzen den errealitate bat da. Esan nahi dudana da hiztun-elkarte sendo bat izateko, kopuruaren aldetik esanguratsu izan behar duzu, eta funtzioen aldetik, baita ere, izan behar du gutxieneko funtzioak betetzeko gaitasuna eta egiazko aukerak. Horixe da nire ustez abiapuntua. Sinplekeria batera iritsita, gaztelania eta frantsesa debekatu egingo ditugu? Defendatuko dugu, etorkizunean, mugaz bi aldeetan hitz egingo den hizkuntza bakarra euskara izango dela? Aurreko batean, beste eztabaida batean, Nafarroan euskararen aurrerabideaz ari ginela, euskararen garapena ahalbidetzeko indarrean dagoen araubidea aldatzeko adostasun sozial eta politikorik ez dagoela onetsi zuten euskararen aldeko oso pertsona esanguratsuek.

Ez badaukazu adostasun sozial eta politiko zabalik, alferrik planteatuko dituzu aldarrikapen batzuk, horiek aurrerabiderik ez daukatelako. Hemen ez da eskubide kontua bakarrik, eskubide horiek egikaritzeko gizartea irabaztea baizik. Eta horixe da erronka, zer egin, nola aritu gehiengo zabal bat egituratzeko euskararen aurrerabidea, maila txikiagoan edo handiagoan, ekarriko duena. Eta horretarako, euskara egin beharko dugu erakargarri, euskara egin beharko dugu askotarikoen arteko topaleku, zubi eta zimentarri. Alderdikeriak bazterrean lagata.

Jarraituko du…

Deja un comentario