NOLAKOAK GAREN!

Gure gizartearen inguruko gogoetak eta elkarrizketak

Erramun Osa (I): «Ez dut uste euskara larrialdian dagoenik, batzuek uste dutenaren kontra»

Ni arrakastatik abiatzen naiz, pentsatzen ez genuen tokira iritsi garelako, eta oraingo errealitateak beste era bateko gauzak eskatzen dizkigulako.

Beharbada pentsatu behar dugu gure gizartearen osaera ari zaigula aldatzen eta euskararen pertzepzioak eboluzionatu direla eta euskararen kontua beste era batera bizi dela.

Nire ustez, migratzaileen kontu hau ez da arazoa. Batzuek mehatxu moduan ikusten dute. Nik aukera moduan ikusten dut.

Behar duguna da ideia berriez, hausnarketa berriez, jarrera berriez biltegia berriz betetzea… jada agortuta dagoen ideien biltegia berriztu behar dugu… sektarismorik gabe, aurriritzirik gabe eta inor bazterrean utzi gabe.

«Euskararen Gogoetagunea» ekimenak bilatzen du eragile diferenteei helduleku berriak eskaintzea, euskarari biziberritze aldi berria eskaini ahal izateko…

Euskara, duen pisu identitarioarekin, beti gai gorabeheratsua izan da. Urrunago joan barik, pentsa dezagun Arana eta Unamunoren jarrera kontrajarrietan joan den mendean. Ez da ezer berria, baina une honetan gertatzen ari diren sakoneko aldaketa soziodemografikoak direla-eta, badirudi euskara gai oso delikatua izateaz aparte, gure elkarbizitzarako gakoetako bat bihurtu dela, baita hurrengo hamarraldietako giza-egituraketan ere. Neure pentsaera bere ezagutzaz eta eskarmetuaz aberasteko asmotan, Erramun Osarengana jo dut, euskalgintzan itzal handiko pertsona, bere bizitza profesionala emankortasunez euskarari eskaini diona. Eta bera eskuzabaltasun eta prestasun osoz pare bat orduz ibili da bere ikuspuntuak nirekin partekatzen, asko eskertzen diodan jarrera. Irakurleari aurreztuko diot bere aurkezpena eta curriculma, Interneten erraztasunez aurkitu ditzakeenak. Hemen elkarrizketaren emaitza lau ataletan bananduta, honako izenburuekin: gaur, lehenengo atala: «Euskararen gaur egungo egora». Datozen egunetan argia ikusiko dute besteek: bigarren atala, «Gure gizartearen aldaketak eta hizkuntza-politika»; hirugarrena, “Euskara hezkuntzan” eta, azkena, «Euskara herri-administrazioetan”.

Euskararen gaur egungo egoera

Hizkuntzen gorabeherak

Iritzi artikulu batean esanda daukazu «hizkuntza baten biziberritzea, ez eta gainbehera ere, ez da egun batetik bestera gertatzen den zerbait». Zein da zure ikuspuntutik euskararen gaur egungo egoera? Muturren artean mugitzen gara euskalgintzan?

Aurreko batean irakurri nuen eta baten bati entzun diot euskarak ez daukala biziraupena segurtatuta. Niri halako kontu batek atentzioa deitzen dit. Hizkuntzek ez dute geroa ziurtatuta, ezein kasutan. Hizkuntza gutxiagotu bati buruz hitz egiten gabiltzanean, are gutxiago. Ulertu behar dugu gure zereginak ez daukala etenik, hau da, etengabe eragin behar zaiela pedalei. Euskarak hainbat errealitate izan ditu mendeetan barrena. Zenbaitetan, hedatuago egon da, beste batzuetan, murritzagoa izan da hizkuntzaren hedadura. Susperraldiak eta makalaldiak izan ditu. Eta denbora tarte horretan izan dira beste hizkuntza batzuk galdu direnak. Hizkuntza handi edo hegemonikoen artean ere badira gorabeherak. Esate baterako, Frantsesa nazioarteko- eta kultura-hizkuntza izatetik, koxka bat egin du behera, besteak beste ingelesaren mesedetan eta abar.

Eta latina beste garai batean…

Edo latina sasoia zenean. Gaur egun, ingelesa eta poliki-poliki txinera eta bestelako hizkuntzak ari dira nagusitasuna hartzen. Beraz, hizkuntza bakar batek berez ez dauka bere geroa ziurtatuta, askotariko motiboengatik. Nik ez dut uste euskara larrialdian dagoenik, batzuek uste dutenaren kontra. Euskarak biziberritze bizkorra izan du. Eta gaur egun ere bizkorraldi horretan dago. Gertatzen dena da gaur egunean hausnarketak egiten ditugunean oso kontzienteak izan behar garela gure errealitatea zein den. Gu igaro gara, esaterako, aurreko mendearen azkenengo zatian nahiko gizarte egonkorra izatetik, gizarte-egitura soziodemografikoa bizkor eraldatzera edo moldatzera. Katalunian, pasa den mendeko laurogeita hamarreko hamarkadan, migratzaileen ehunekoa handia zen, ez gaur egun den bezainbestekoa, baina handia. Hemen, aldiz, migratzaileen pisua txikia zen. Baina laurogeita hamarreko hamarkadan aurreikusten  genuen fenomeno hori etorriko zela. Fenomeno hori, gainera, gertatuko zela askotariko motiboengatik. Beraz, askotan, gauzak irakurtzeko moduetan kontu handiz ibili behar dugu. Bi lagunetik bat elebiduna baldin bada, hirugarren bat gehitzen baldin badiezu, nahiz eta elebidunen kopuru absolutua dagoen-dagoen mantendu, ehunekotan heren batera iristen da  eta orduan, lantzean behin, esaten da «euskara makaldia jasaten ari da eta gainbehera dator». Ez! Ari zaigu gizartearen egitura soziodemografikoa bizkor aldatzen. Gizartea aldatzen den neurrian, errealitatea oso kontuan hartu behar dugu biziberritzeari buruz hitz egiten gabiltzanean. Euskararen biziberritzeari bultzada berri bat eman nahi badiogu ezinbestekoa da kontuan hartzea daukagun gizartearen osaera.

Hainbat analisik diote joan den mendeko hirurogeiko hamarkadatik aurrera euskararen loraldia egon zela, baina mende honetan motelaldian amilduta gaudela. Modu ezberdinetan izendatuta (jauzia, udaberria, pizkundea, loraldia, olatua…), gero eta gehiago barneratuta dago euskalgintzan astintze bat behar-beharrezko dugula. Noraino partekatzen duzu diskurtso hori?

Euskarak XX. mendean, gainera dokumentatuta dago, halako piztualdi txiki bat izan zuen lehenengo zatiaren bueltan. Kontuan hartu euskarak ez zuela ofizialtasunik. Diputazioak euskararekiko, euskal kulturarekiko eta azpiegiturekiko egitasmo bati ekin zioten 1917-1918an, orduantxe bultzada handia eman zitzaion euskarari, bereziki, auzo-eskolen bitartez. Kontuan har, 1917an, Bizkaiko Foru Aldundiak Euskararen Akademia sortzeko ekimen indartsua jarri zuela abian. Bigarren Errepublikaren sasoian, euskarak lortu zuen ofizialtasuna lehenbiziko aldiz historian, baina denbora laburrez, Jose Antonio Agirre Lehendakariaren eskutik. Orduan ere gertatu zen horrelako piztualdi txiki bat, II. Errepublikaren kontrako estatu kolpearen eta horrek eragindako Gerra Zibilaren ondoren, piztualdia itzali zelarik. Euskarak berriro izan du beste piztualdi bat, bereziki, pasa den mendeko berrogeita hamarreko hamarkadaren bukaeratik aurrera, ez bakarrik hizkuntzan, kulturaren ikuspegitik ere bai. Geure buruari galdetu beharko genioke honako hauxe: nola da posible orduko hartan baldintza eskasagoak genituenean, euskarak ofizialtasunik ez zuenean, aitortza urria zeukanean, irakaskuntzan pisu txikia zeukanean, baliabide materialak eta giza baliabideak askoz urriagoak zirenean, indarberritze hori bizitzea eta gaur egunean euskararen ofizialtasuna, bitartekoak, azpiegitura kulturalak eta abar dituenean jendeak horren bizkor hitz egitea makaldiaz. Beharbada pentsatu behar dugu gure gizartearen osaera ari zaigula aldatzen, euskararekiko jarrerak bestelakoak direla eta euskararen kontua beste era batera bizi dela.

Behar duguna da ideia berriez, hausnarketa berriez, jarrera berriez biltegia berriz betetzea eta biltegi horretan ezinbestez eduki behar ditugun osagaiak izango dira euskara are erakargarriago nola egin dezakegun, belaunaldi berrientzat interesgarriago nola egin dezakegun, nola egin dezakegun atsegingarri etortzen direnentzat integrazioaren bidez, zer egin dezakegun erabiltzeko aukerak sor daitezen eta hori guztia sektarismorik, aurreiritzirik eta inor bazterrean utzi gabe egin behar dugu.

Migratzaileak eta euskara

Barkatu etena. Galderak eta hausnarketak ondo plazaratuta daude, zentzudunak dirudite. Baina gero nola egikaritu? Esate baterako, etorkinen oldeen aurrean, nola uztartu euskara eta immigrazioa? Ondarroan edo beste udalerri euskaldun batzuetan ez bada, etorkinek ez dute euskararen premiarik. Azaldu dituzun ideiak eta jarrerak, modu orokorrean ulertuta, ondo daude, baina nola gauzatu, zer neurri-mota hartu ahal dira?

Mahairatu dudanak badauka zerikusia aurreiritzien kontu horrekin. Esaterako, esaten dugunean euskara landu behar dugula migratzaile berrien integraziorako bide gisa. Gure errealitate soziolinguistikoak dioskuna da biziberritze azkarra bereziki hiri eremuetan gertatu dela eta, aldi berean, euskarak egoerarik zailena hiri eremuetan bizi duela, ezagutzan gutxieneko dentsitatea behar duelako erabileran jauzi egin ahal izateko eta presentzia areagotzeko. Beraz, ulertu behar duguna da migratzaile bat Bilbon finkatzen denean, gaztelaniaz ez badaki, albait arinen eskuratu behar duen hizkuntza gaztelania dela bizimodua aurrera aterako badu. Aitzitik, gaztelaniaz badaki, garrantzitsua da bere egoeraz jabetzea. Hainbatetan, ez dauka bitartekorik, lana bilatu behar du, baldintza eskasetan aritu. Hainbatetan ez dago bere lehentasunetan, ez eta bere ahalbideetan ere, euskara ikastea. Beraz, kontuz, migratzaileei gainkarga bat ezartzen diegunean, are gehiago eskakizun hori «hemengo detodalavidakoek» betetzen ez dutenean. Gure artera etorri direnak, euren lurraldea, lagunartea, familia eta abar utzita etorri dira, etorkizun berri baten bila eta familia-proiektu bat eraikitzeko asmoarekin etorri dira. Eta gu, gainkargak jarri barik, egin behar dugun ahalegina da bidaideak, bidelagunak izan. Hori inportantea da maila afektiboan, maila sinbolikoan eta abar. Era berean, oso kontuan hartu behar duguna da askotan, gure artera etorri diren migratzaile ugarik, jatorriko lurraldean bizi izan dutela ama-hizkuntza bazterrean, prestigio barik eta erabilera galtzen ari direla. Gure hizkuntzaren biziberritzea proposatzen ari garenean, hori ere kontuan hartu behar dugu. Dakarten hori balioan jarriz eta hizkuntzaren biziberritzean protagonista bilakatuz. Nago gauzak birpentsatu behar ditugula.

Migratzaileak eta herri-erakundeen ekarpena

Pentsatu behar duguna da herri-erakundeek badituztela obligazioak, besteak beste, herritarrak artatzeari buruz ari garenean, baina ez dugu bistatik galdu behar herri-erakundeek, besteak beste, migratzaileen integrazioa eta gizarte arrakasta sustatzearen, bai eta euskara biziberritzearen alde egin duten eta egin dezaketen ekarpena. Laurogeiko hamarkadan izan genuen eztabaida gogoraraztea merezi du. Hamarkada horretan, herri-erakundeetan eztabaida nagusia izan zen ea aurrerantzean herri-erakundeetan aritzeko euskararen ezagutza ezinbestez ezarri behar zen ala ez. Batzuek aldezten zuten ezinbestean ezarri behar zela, beste batzuen proposamena izan zen gure errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuta, gure jardunak mailakatua izan behar zuela. Horiek horrela, edukiko ditugu lanpostu batzuk non euskararen ezagutza ezinbestekoa izango den, baina hainbeste, non derrigorrezkoa izango ez den, lanean hasten direnei aukera eskainiz euskara ikas dezaten, euskaraz bizitzeko aukera izan dezaten, euskara balioan jar dezaten, bai eta euskara apurka-apurka lan hizkuntza bilaka dezaten.

Gaurko ikusmolde batetik aztertzen baldin badugu, horrek hizkuntzaren biziberritzeari egin dion ekarpena ikaragarria eta erabakigarria izan da. Laurogeiko hamarkadaren hasieran, langile publiko elebidunak oso gutxi izatetik gaur egun gehiengoa izatera igaro dira. Nire ustez, migratzaileen kontu hau ez da arazoa. Batzuek mehatxu moduan ikusten dute. Nik aukera moduan ikusten dut. Zein zentzutan? Asmatzen baldin badugu, malgutasunez jokatzen baldin badugu eta etorkizuneko ikuspegiz jokatzen baldin badugu, biziberritzeak beste bultzada bat izango du. Hizkuntza-kontuak ez dira egun batetik bestera bideratzen, gainbeherek eta biziberritzeek aldiak izaten dituzte, askotariko faktoreek eragiten dietelako.

Nik uste dut sekulako ekarpena egin dezakegula. Batetik, gizartearen kohesioaren ikuspegitik, baldin eta euskara gizarteratzeko tresna bihurtzen badugu etortzen zaizkigunentzat zein bertokoentzat. Eta horrek esan nahi duena da malgutasuna erakutsi behar dugula hizkuntza kontuez hitz egiten gabiltzanean, batez ere, pertsonak artatzeko orduan, identifikatu behar ditugu zeintzuk izan behar duten, ezinbestez, atal elebidunak, eta gainontzekoetan, komeni da malguago jokatzea, gerta ez dadin kristalezko sabaia, hau da, euskara promozio sozialerako oztopo bilakatzea jende askorentzat. Hori hilgarria da hizkuntza gutxiagotu baten kasuan. Euskarak gizarte-sustapenaren helduleku eta lanabes izan behar du, eta ez promozio soziala galarazten duen langa gaindiezina. Beraz, gauzak birpentsatzera eraman behar gaitu horrek. Iraganak hona ekarri gaitu errealitatea irakurtzen jakin dugulako, orain, errealitatea irakurtzen asmatzea da kontua, jauzi berri bat egiteko.

Biltegia berritu

Biltegiaren metaforara joanda, gaur egunean, euskalgintzako sektore batean, errepikatzen ari dira laurogeiko hamarkadako mezu batzuk. Guztiz bestelakoak dira laurogeiko hamarkadako errealitatea eta gaur egungoa. Hego Euskal Herrian, frankismotik atera berritan, euskararen kontua erreparazio historiko baten testuinguruan ulertzen zen, ofizialtasuna erdietsi zen… Errealitatea beste bat zen. Gaur egunean, jendeak askoz normalago ikusten du hizkuntzaren kontua. Eta orduan, onartu behar dugu, alarmismorik gabe eta antsietatea nonahi barreiatu gabe, besteak beste, gazteen euskararekiko ikuspegia ez dela, seguru asko, sektore batzuetan laurogeiko hamarkadan zegoena. Hori ere, normalkuntza prozesuaren beste ondorioetako bat da. Hizkuntzaren biziberritzea zabaltzen den neurrian eta kontzentrazio txikiko eremuetatik kontzentrazio handiko eremuetara jauzi egiten duen neurrian, errealitatea da jendeak beste era batera bizi duela hizkuntzen eta euskararen kontua. Eta orduan, horrek pentsatzera eraman behar gaitu: zer arraio egin dezakegu belaunaldi berrientzat euskara erakargarri bilaka dadin, lagunarteko harremanetarako helduleku sendo bilaka dadin, zer egin dezakegu hizkuntza-ereduaren ikuspegitik ere eredu malguagoa eta lagunarteko hizkerarako baliagarriagoa izan dadin, eta nola ezberdindu ahal ditugu maila akademikoan eta lagunartekoan egin ditzakegun gauzak. Lantzean behin daukadan pertzepzioa da batzuek bidegurutzeaz hitz egiten dutela larrialdi batetik hara abiatuko bagina legez. Eta ni ez naiz larrialditik abiatzen. Ni arrakastatik abiatzen naiz, pentsatzen ez genuen tokira iritsi garelako, eta oraingo errealitateak beste era bateko gauzak eskatzen dizkigulako, egiten ahalbidetzen digulako. Hau da, segitu ahal izateko, jada agortuta dagoen ideien biltegia berriztu behar dugu.

«Euskararen Gogoetagunea»

Une honetan, Euskaltzaindiaren idazkariordea zara. Gertutik ezagutzen duzu «Euskararen Gogoetagunea» ekimena. Zein da helburua eta zer da espero behar ez dena? Azken finean, «Euskararen gogoetagunea» jauziaren diskurtsoan kokatzen da…

«Euskararen Gogoetagunea» delakoak biltegia berritzea bilatzen du. Hasiera batean esan dut politikaren eremura jauzi eginez, gaur egunean euskararekiko daukagun ikuspegia, euskararen aurrerabiderako dauzkagun heldulekuak berritu behar ditugula, betiere askotarikoen arteko adostasunetik. Adostasunak berritu behar ditugu, bai, bestelako parametro berritzaile batzuen inguruan. «Euskararen Gogoetagunea» ekimenaren ildoan, Euskaltzaindiak bilatzen duena bada, azken finean, eragile diferenteei helduleku berriak eskaintzea, euskarari biziberritze aldi berria eskaini ahal izateko. Biziberritzen ari gara, bai, baina horri bultzada berri bat emateko, hau da, bestelako ikuspegiak, heldulekuak, hausnarketak, errealitateak eta gure gizartearen osaerari buruzko bestelako kezkak eta lehentasunak non jarri beharko genituzkeen, horri buruz gogoeta sustatzeko xedez. Hori da bilatzen dena. Eta burua jarrita dauka 2028an, 50 urte beteko direlako Bergarako Biltzarra egin zela. Jendea askotan gogoratzen da Arantzazuko bilkuraz, 68koaz, baina 68an erabaki garrantzitsu bat hartu zen, hain zuzen ere, hamar urte geroago, hausnarketa egingo zela Arantzazuk emandakoaz, irekitako bideez. Eta hori Bergaran egin zen 78an; han, Bergaran, gauza batzuk zuzendu ziren eta beste gauza batzuk berretsi. Eta horrek ekarri zuen, besteak beste, hizkuntzaren batasunari sekulako bultzada ematea. Eta horrek, beste gauza batzuekin batera, ahalbidetu du aldirik luzeena hizkuntzaren biziberritzeari dagokionez. Askotarikoen arteko langintzak, auzolanak, herri-erakundeen, gizarte eragileen zein norbanakoen ekarpenak izan dira eta badira gure biziberritzearen habe nagusiak. Horrek guztiak ekarri gaitu ekarri gaituen tokira.

Jarraituko du

Deja un comentario