NOLAKOAK GAREN!

Gure gizartearen inguruko gogoetak eta elkarrizketak

Ikastolen onarpen soziala

NOTA: este artículo está publicado en castellano en Diario.es

Laster urtebete beteko da EHIk (Euskal Herriko Ikastolek) VII. Batzar Orokorra burutu zutenetik, azken urteotan eman diren aldaketa sozial bizkorrei hezkuntza-erantzuna eguneratzeko asmoz. Antzeko garaian Koldo Tellituk “XXI. mendeko ikastolen historia sozial bat” liburua argitaratu zuen. Liburuaren argitalpena zela eta, egileak gogoeta hau egin zuen Deia egunkarirako elkarrizketa batean: «Ikastolen sorreran gizartearen babesa «orokorra» izan zen. Azken bi hamarkadetan, berriz, gizartearen onarpena «konplexuagoa» izan da».

Bi gertaerek —batzarra eta adierazpenak— agerian uzten dute ikastolek garaien aldaketen kontzientzia bizia dutela eta gaurko euskal gizarteari behar bezala erantzuteko kezka dutela. Inork ez du zalantzan jartzen ikastolek izan zirela  «intuizio jeniala», Jon Sarasuaren hitzetan, euskara eta euskal kulturarentzat frankismoaren garaia bezain une zailetan. Gehiago idatzi da XX. mendeko ikastolen epikaz, baina Tellituren liburuak erakusten du, geroagoko historia ere, barne-tentsioetarik harago, konbentzimendu sendoek eta energia sortzaile miresgarriak eutsita dagoela.

Hala ere, jakina da garai ez hain «epiko» ez ditugula bizitzen eta normala da biziraupenarekiko kezka azaltzea eta galdetzea ea iraganeko errezeta berberek orainaldian balio ote duten gizartearen onarpenari eusteko. Nik gaur egungo ikastolei bi eragozpen egingo nizkieke.

Lehenengoa da zati bat direnean, osotasuna direla uste izatea. Egia da ikastolek beste hezkuntza-tradizio batzuk daudela onartzen dutela, baina beren gehiegizko autoerreferentzialtasunagatik sentitu dira Euskal Herrirako hezkuntza-sistema propio baten eraikuntzaren funtsa, euskal eskola publiko berri baten abangoardia, herritik eta herriarentzat sortuak eta izaera publiko berri bat eskaintzen dutela. Ikastolek herriaz hitz egiten dutenean, ezin dut saihestu zein herriz ari diren galdetzea, nik ezagutzen dudana oso plurala izateaz gainera, klase sozialetan sailkatuta baitago. Esentzien eramaileak direla sentitzeak eraman ditu pentsatzera batzuetan araudiari men ez egin ahal diotela, baita puntualki intsumisioarekin mehatxatzera ausartzera ere.

Tellituk bere liburuan aitortzen duen bezala, «ikastolen mugimendua ez da inoiz hezkuntza-erakunde hutsa izan». Hezkuntza-munduan apustu politiko legitimo batzuen ordezkariak izan dira eta dira, baina ez dute herri osoa ordezkatzen. Horrek kolokan jartzen du «publiko» izaera. Osotasunaren zati bat baino ez dira  eta ondo egingo lukete beren asmo hegemonikoa alde batera utziko balute.

Euskal Herria ez da ikastolek uste duten herria, eta ez da, segur aski, eraiki nahi dutena izango. Ikastolak berak ere kezkatuta daude nazio zentzuaren ahultzearekin. Bere apustuetan ez dago ezer txarrik, aitzitik, ezinbesteko ekarpena dira. Baina Euskal Herria, bere zazpi lurraldeekin, errealitate anitza eta mestizoa da, eta bere osotasunean ez da kabitzen proposatzen duten inbutu identitario zehatzean, zalantzan jarri barik euskara eta bere kultura defendatu eta zaindu behar direla, gureak eta minorizatuak direlako. Migrazioarako Euskadiko Gizarte Itunak dioen bezala: «Aniztasuna gure historia eta nortasun kolektiboaren funtsezko osagaia da».

Bigarren eragozpena ikastoletako ikasleen osaketa sozialarekin lotuta dago, bereziki ikasle etorkinek duten presentziarekin, Eskola Publikoarekin alderatuta nabarmen txikiagoa. Ez dago nazio eraikuntza onargarririk, giza-dualtasuna sortzen badu. Konpartitzen ditut ikastolek Hezkuntza Sailari egindako kritikak plazak erreserbatzeko mekanismoa gauzatzeko moduagatik. Baina egoera iraultzea ez zaie erraza izango iragarritako neurriekin: beka propioak, kuota progresiboak eta matrikula biziaren banaketa hobea, nahiz eta azken horrek bere garrantzia izan.

Ikastolek inklusioaz berba egiten dutenean, asimilazio boluntaristaz berba egiten dutela dirudi. Beren proiektua, euskal klase ertainez hornitzen dena, bereizketa-kutsu bat daukana eta kuotak eta bazkide izateko diru-sarrrera eskatzen dituena zaila da etorkinentzat erakargarria izatea. Panorama osatzeko, defendatzen dute ikastetxea askatasunez aukeratzea ñabardurarik gabe eta eskariaren araberako plangintza.

Bataz beste 30 etorkin sartzen dira egunero gure hezkuntza sisteman. Ikastolek badakite beren etorkizun hurbila ezin dela immigrazioari bizkarra emanda eraiki. Konpontzeko zaila den dilema baten aurrean daude. Immigrazioa behar den beste sartzeak ez lituzke hain erakargarriak egingo beren “publikoaren” zati batentzat. Ez da erraza identitate-apustuak eta apustu sozialak bateragarri egin nahi izatea. Ez da nahikoa aniztasun handiagoa zinez nahi izatea. Moduarekin ere asmatu egin behar da.

Ikastolek onarpenaz gozatzen jarraituko dute, beren proiektua ideario nazionalista hegemonikoaren parte baita. Beste kontu bat da hiritarren geruza zabaletan jatorriaren begikotasuna bera mantentzen duten, edo, aitzitik, ideologia eta osaketa soziala dela eta, beren mesianismo endogamikoaren aurkako erresistentziak areagotuko ote diren. Zortea eta asmatzea opa diet.

Respuesta

  1. […] ez asko idatzi nuen blog honetan bertan ikastolen soziologiari buruz. Orain kristau hezkuntzak gaur egun duen eginkizun sozialaz hausnartu nahiko […]

Deja un comentario