
Txikitan ezin genuen jan edozer edozein sasoitan… Elikadura sistema globalizatuaren ondorioz zabor-jana inbaditu egin gaitu.
Gure salaketa nagusia da Euskadiko gizarte zerbitzuek euren arreta kudeatzeko orduan ez dutela kontuan izaten elikadura eskubidea dela... Zabor-jana ematea ez da elikadura eskubidea bermatzea.
Elikadura burujabetza da herrialde bakoitzaren eskubidea bere elikadura sistema antolatzeko ekoizpenetik komertzializaziora arte. Elikadura burujabetzarako agroekologia behar dugu.
Pentsatu beharko genuke nola doan gobernantza globala. Gobernuek ez dute agintzen. Enpresek agintzen dute.
Eskola jantokiko arazoa konpontzeko ez daude baserritar nahikorik Euskal Herrian.
Asistentzia soziala karitatiboa denean, batzuk erabakitzen dute hartzaileen iritziak kontuan hartu barik.
Oso kritikoa naiz elikagai bankuekin, sistema industrialaren beste adar bat baitira.
Mundua elikatzen duen sistema bakarra agroekologikoa da. Bi ereduak ezin dira elkarbizi.
«¿Qué comen las que malcomen en la CAPV?» liburuak Euskal Autonomia Erkidegoko kolektibo kalteberen elikadura jorratzen du. Bide batez, ulertarazten dizkigu gaur egungo elikadura sistema industrialaren paradigma hegemonikoak dakartzan ondorioak gure bizimoduan, gure osasunean eta daukagun elikadura mendekotasunean. Halaber, liburuak agroekologia dela paradigma bakarra jotzen du, bai gure lurralderako, bai mundu mailan. Liburuaren egileetako bat David Lopategi da. Gizarte-hezitzailea, betidanik inplikatua bide berrien bilaketan esparru ezberdinetan (gazteriarekin, giza-mugimenduekin, politikan ere bai), 2010 urteaz geroztik herrien lankidetza eta garapenerako Bizilur elkartean aritzen da. Hain zuzen ere, Marokon egonaldi txiki bat egin eta gero, elkarrizketa hau Bilboko Bizilurreko egoitzan garatu zen.
Liburuaren izenburua “¿Qué comen las que malcomen?” da. Baina, orokorrean hiritarrok nola elikatzen gara?
Balentria handia litzateke nik esatea nola elikatzen garen. Baina intuizioz esango nuke benetan ez garela elikatzen. Orokorrean egiten duguna da gure gosea baretu. Betidanik gure amonengatik, gure gurasoengandik jaso izan dugu elikadura hezkuntza bat, batez ere gure elikadura sistema beste errealitate batetik zetorrelako. Ni ez naiz zaharra baina hain gaztea ere ez, eta ezagutu izan ditut sasoiko produktuak dendetan. Txikitan ezin genuen jan edozer edozein sasoitan. Gero etorri ziren azalera handiko supermerkatuak, elikadura sistema globalizatua berehala etorri zitzaigun. Horren ondorioz, zabor-jana inbaditu egin gaitu. Uste dut bizimodua nahiko prekarioa daukagula, ez diogu denbora dedikatzen sukaldatzeari. Horrek eragin nabarmena gure bizimoduan eta gure elikatzeko moduan eduki du. Azkenean elikadura sistema globalizatu eta industrializatu honengatik jende asko, ez gehiengo bat, hasi da arduratzen elikaduraz eta batez ere zabor-janak gure gorputzean eta gure osasunean izan duen eraginaz. Eta ondorioz, beste moda batzuk sartu dira, beganoak, barazkijaleak… Inoiz baino gehiago daudela gaur egun, baina baita ere gerturatu gara baserritarren merkatuetara eta zuzeneko salmentara.
Zure hausnarketaren harira, hauxe nire esperientzia: Eroski denda baten aurrean bizi naiz. Mondragon Korporazioan sartuta dagoen euskal kooperatiba da. Auzoko supermerkatu bat da, baina AEBetako intxaurrak, Poloniako haragia, Belgikako porruak, Marokoko lekak… aurki ditzaket. Nola igaro gara tokiko ekoizpen batetik elikadura globalismora? Zer dela eta?
Erantzuna erreza da. Eroskiko auzo-denda horrek nolabait parte hartzen du sistema globalizatuan. Ez da auzoko denda bat. Auzoan dagoen sistema globalizatuaren adibide bat da. Eta Eroskik, hain zuzen, horretan parte hartzen du. Nola ailegatu gara? Azkenean, elikadura sistema globalizatua laupabost enpresek kontrolatzen dute. Gero beste azpienpresa batzuk eta ehundako markak ere badaude. Nola pasatu garen elikadura oinarrizko eskubide bat izatetik merkantzia bat bilakatzera erantzun oso laburra dauka. Gaur egun enpresa horiek ekoizten dituzten elikagaiekin nahi dutena da mozkin ekonomikoak izatea. Ez dute funtzionatzen herriari elikatzeko irizpidearekin.
Gaian hain jantzita ez dagoenarentzat, zer da Iraultza Berdea?
Aurreko mendean berrogeita hamargarren hamarkadan bultzatutako ekoizpen eredu industrializatua da. Bigarren Munduko Gerraren ostean gosetea erabat zabalduta zegoen Europan eta azkenean bultzatu zen industrializazioa nekazaritzan. Zertarako? Goseari aurre egiteko. Hori da gaur egun sistema globalizatuaren hastapena.
“¿Qué comen las que malcomen en la CAPV?” da Estatu mailan egin zen ikerketaren erreplika gure erkidegora mugatuta?
Bai, bai. Laburbilduta, horrela da. Baladrek bere sasoian “¿Qué comen las que malcomen?” Estatu mailan aztertu zuen. Bizilur moduan, gure saiakera hasieran izan zen Euskal Herriko mailan argazki bat izatea, baina nazioa zatitua garenez eta legedia eta estatuak tarteko daudenez, ez genituen baliabideak halako enpresari eusteko eta azkenean mugatu ginen Euskal Autonomi Erkidegora.
Lehen galdetu dizut orokorrean nola elikatzen garen, baina zehazki zer jaten dute gaizki jaten dutenek EAEn?
Guk liburuan atentzioa jarri dugu batez ere nahiko zabala den kolektibo honetan. Elikadura eskubideaz ari gara hitz egiten eta kolektibo horietan erabat urratuta dago. Zergatik? Elikagai nutritibo, sasoiko eta osasuntsuetarako sarbidea bermatuta ez daukatelako. Orduan, egon behar dira gaur egun deitzen diren gose-ilaretan, giza-zerbituek antolatzen edo kudeatzen dutenak. Gure salaketa nagusia da Euskadiko gizarte zerbitzuek euren arreta kudeatzeko orduan ez dutela kontuan izaten elikadura eskubidea dela.
Zalantza barik eskubide hori Giza-eskubideen Adierazpenaren 25. artikuluan dagoela. Baina, nork bermatu beharko luke eskubide hori?
Oso erreza da. Giza-eskubide baten inguruan hitz egiten dugunean badaude figura bi: alde batetik eskubidearen hartzailea eta horretan ginateke gizaki guztiak eta bestalde eskubide hori bermatzeko ardura daukana: gobernuak. Eta jarraitzen badugu Euskadiko gizarte-zerbitzuen legearen logikan, udaleetatik Eusko Jaurlaritzara arte ardura ezberdinak badaude eskubide hori bermatzerako orduan.
Bai, baina elikagaien banaketa gehienbat esku pribatuetan dagoela dirudi…
Gauza gehienak bezala gure euskal oasi honetan. Azpikontratazioak… Gobernuek esango dute publiko-pribatuaren arteko lankidetza dela. Baina hori da pribatizazio ikaragarria. Irizpide eta begirada ezberdinen arteko talka suertatzen da honetan. Batzuk pentsatuko dute elikadura eskubidea bermatzen dutela gosea baretuz eta beste batzuk kontsideratzen dugu kontrakoa. Zabor-jana ematea ez da elikadura eskubidea bermatzea, baizik eta gaitz sozial bati erantzun pobrea ematea. Osasun ondorio larriak ondorioztatzen dira sistema honetatik. Alternatibak badaude. Kontua da gaur egun suposatuko litzatekela kudeaketa sistema erabat aldatzea.
Nola?
Gaur, adibidez, elikadura sistema industrialaren enpresen esku dago dena, horniketa batez ere, eta egin beharko genukeena tokiko ekoizleekin hitz egitea da. Arazoa zein da? Lehen aipatu dugun Iraultza Berdearen ondorioz geroz eta baserritar gutxiago ditugula. Gu erabat menpekoak gara elikadurari dagokionez. Baina, gizarte osoa, ez bakarrik gaizki jaten dutenak. Erkidegoak inportatzen du jaten dugunaren % 95.

Hori da nuen galdera bat. Zuek aldarrikatzen duzue elikadura burujabetza…
Eta ez elikadura segurtasuna.
Biak, ezta?
Ez.
Mesedez, azalpen bat bereizteko?
Elikadura burujabetzak berez elikadura segurtasuna dakar. Baina elikadura segurtasunak ez dakar bestea. Elikadura burujabetza da herrialde bakoitzaren eskubidea bere elikadura sistema antolatzeko ekoizpenetik komertzializaziora arte. Elikadura burujabetzarako agroekologia ezinbestekoa dugu, tokiko ekoizpena behar dugu eta elikadura segurtasuna agroindustriaren adierazle bat da. Burujabetza ez da autarkia, baizik eta tokiko elikadura sistema errespetatzen eta bermatzen dituen sistema bat da. Elikadura segurtasuna bermatu daiteke sistema globalizatuarekin.
Elikatze kontuetan ba al dago genero arrakalarik?
Bai, gizarte osoan badago.
Adibiderik?
Horren adibidea norberaren etxean egon badago, seguru. Txikitatik gaur arte azterketa hori egiten badugu pentsa dezakegu nor arduratzen zen erosketaz, nor arduratzen zen sukaldatzeaz eta nor arduratzen zen gauza guztiez, garbiketa, prestaketa… Eta genero arrakala izugarria dago ekoizpenean ere bai. Ekoizpen industrializatua gizonezkoen esku dago (traktore handiak, pestizidak…) eta begirada agroekologikoan gehiago daude emakumezkoak: elikagaien ekoizpena, ingurumenaren zaintza, hazien bilketa, hazien aniztasunaren zaintza…
Aurreko galdera egitean buruan nuena zen liburuan aipatzen duzuen kontu bat: elikagaien banaketan jantokietan gizonezkoak gehiago daudela eta produktu hotzekin gehiago emakumezkoak…
Horrek badauka arrazoi sinple bat: jantoki sozialetan adingabeak ezin direla sartu. Nortzuk dira adingabeez arduratzen direnak? Emakumezkoak.
Eroskiri buruz deskribatu dudan egoera horrek adierazten digu kapitalismo arazo baten aurrean gaudela burujabetza nazionalaren aurrean baino gehiago?
Bai. Pentsatu beharko genuke nola doan gobernantza globala eta nola doan kultur-jabetza politikoa. Gobernuek ez dute agintzen. Enpresek agintzen dute. Eta enpresak dira azkenean burujabetzarekin lotutako politikak baldintzatzen dituztenak.
Euskal erkidegoan zenbat dira elikadura arazoak dituzten hiritarrak? Liburuan diozue AROPE indizearen arabera (2023) euskal erkidegoan % 15,7 pobreak direla edo pobrezia arriskuan daudela. Bestalde, aipatzen duzue Eusko Jaurlaritzaren arabera (2020) elikagaien segurtasunik eza duten populazioren portzentaia % 3,7koa dela. Zer datu hartu behar dugu?
Hori oso zaila da. Gainera datuak zehazteko irizpiderik ez daude. Eusko Jaurlaritzak mugatzen du % 3,7 horretara. Zergatik? Elikadura segurtasun eta elikadura burujabetzaren arteko ezberdintasun horrengatik. Egia da aipatu dituzun datu hauek agertu arte, orokorrean jendeak urteak daramatzala bere gosearekin negoziatzen. ERTE garaian edo langabezia egoeran edo migranteen edo RGI jasotzen dutenen artean egiten dituzten lehenengo sakrifizio elikadurarekin lotuta daude gehienetan.
Zure bizimodua murrizten duzu elikaduratik hasita…
Hori da. Eta zure egoera ekonomikoa hobetzen den momentuan elikadurarekin lotutako aurreko joerak berreskuratzen diren azkenekoak dira.
Zein da euskal komunitateko eskola jantokien egoera?
Eskola jantokiko arazoa konpontzeko ez ditugu baserritarrak. Ez daude baserritar nahikorik Euskal Herrian eta ez da kasualitatea. Egoera hau politikoki bultzatua izan da. Nahiz eta orain eskola jantokietako kudeaketa sistema osoa aldatu nahi, ez genituzke behar beste baserritarrak jantokiak hornitzeko.
Ulermen markoa kuestionatzen duzue, laguntza asistentzialistarekin lotuta baitago. Laguntza ematen duten erakunde publiko edota pribatuek zer ideologia dute? Zer dago atzean?
Atzean dagoena da agintzen duten alderdiak. Asko haserretzen nauen kontua da. Ematen du Aldundiak, Udalak, Jaurlaritza ideologiarik gabeko erakundeak direla eta guztion onuran alde egiten dute lan eta ez da egia. Erakunde horiek egiten dute agintzen duten alderdien politika. Ez dut esaten maltzurkeria dagoenik horretan, baina hemen PNV ultraneoliberala badaukagu eta pribatizazioaren alde egiten du, agroindustriaren alde egiten du.
Nola integratu elikadura premiak dituzten pertsonak erabakitze prozesuetan? Nola duindu liteke elikagaien banaketa?
Galdetuz. Ez zaie galdetzen. Hor dago arazo bat. Ez da gauza bera karitatea eta elkartasuna. Karitatea modu bertikalean ematen den gauza bat da eta elkartasuna berdinen artean. Asistentzia soziala karitatiboa denean, batzuk erabakitzen dute hartzaileen iritziak kontuan hartu barik.
Zer esango zenioke bere diruarekin edo denborarekin elikagai banku bati laguntzen dion pertsona bati? Oker dago laguntza horrekin?
Oso kritikoa naiz elikagai bankuekin, sistema industrialaren beste adar bat baitira. Azkenean, elikagai bankuek kudeatzen dituztenak agroindustriaren soberakinak dira. Eta horiekin karitatea bultatzen da. Orduan, pertsona horri esango nioke beharrak dituzten pertsonak laguntzea baino ari dena egiten agroindustriari poltsikoa betetzea dela.
Eta esango nioke zelako perbertsio dagoen elikagai bankuaren funtzionamenduan. Bagaude abenduan, Gabonak gertu ditugu eta elikagaien bilketaren deiak dagoeneko badaude non famatuek parte hartzen duten. Eta elikagai bilketa egun handi horretarako badakizu nola prestatuko diren supermerkatuak? Ba ia galtzear dituzten gauza guztiak lehenengo lerroan jarriz. Salmenta handien egunak izaten dira. Ezer ez dutenentzat dela esango dute. Baina gehienbat egiten ari garena da soberakinak kudeatu eta agroindustriaren mozkin ekonomikoei sekulako bultzada ematea. Eta beharrak dituzten pertsonek ezin dute aukeratu zer hartu bilketa horretatik. Jasoko dutena ez da elikagaia, produktu jangarriak izango dira, freskorik ez da egongo, azkenean gosea baretu. Irakurketa oso kritikoa egin daiteke.
Eroskik eta beste supermerkatu kate handi batzuek sustatzen dituzte zentimo solidarioaren kanpainak. Iruzkinen bat honen inguruan?
Iluntasuna baino ez dago honen atzean. Orokorrean ez dakigu nola funtzionatzen duen. Animatuko nieke pertsona guztiei galdetzera zentimo solidario horrekin zer gertatzen den. Gu ari gara milaka euro oparitzen eta eurek emandako diruarekin donazio moduan desgrabazio fiskala lortzen dute. Et supermerkatu handi horrek egiten duena da bono moduan diru kantitate hori eskaini, baina supermerkatuan gastatzeko. Gu egiten ari garena da dirua aurreratu, bertan eros dezaten. Negozio borobila da.

Aldaketak egin nahi ditu proposamen agroekologikoak. Eredu agroindustrialaren alternatiba bat da edo oraindik testimoniala baino ez da?
Ez da alternatiba izan ala ez. Mundua elikatzen duen sistema bakarra agroekologikoa da. Gainera badira eredu bi elkarbizi ezin direnak. Agroindustriak dakarrena da baserritar txikien desagerpena eta benetan elikatzen gaituztenak baserritarrak dira. Sistema industrialak nahi duen bakarra da irabazi ekonomikoa eta horregatik gaur egun zazpi mila miloi pertsona bizi bagara munduan, ekoizten ari dira elikagaiak hamar mila pertsonentzako eta hala eta guzti ere mila miloi pertsonek gosea pasatzen dute. Nola da posible hori? Pertsonak elikatzea ez delako helburu. Agroindustriak ekoitziko produktuen heren bat segituan galtzen da. Zaborrera doa. Jatekorik badago munduan, baina guztiok jaten badugu, baliteke enpresa hauen irabaziak ez lirateke hainbestekoak izango. Espekulazio besterik ez da ematen. Elikadura sistemen helburua herria elikatzea bada, industriaren bitartez ezin daiteke izan.
Gertutasun elikadura, barazki eta leka saskiak, denda ekologikoak gaur egun “pijoentzat” dira?
Bai. Bai. Bada hain zuzen gure proiektu hau bultzatu gintuen galdera. Elikadura burujabetzan aspaldiko partez gabiltzanok hori da gure buruari egin diogun galdera. Nortzuk ari gara elikadura sistema honetan parte hartzen? Zer gertatzen ari da aukera ekonomikorik ez duten horiekin? Benetan elikadura eskubidea bermatzeko aukera alternatibo bakarra badago, zenbat jende geratzen da horretatik kanpo? Eta batzuetan ez da bakarrik ahalmen ekonomikoa. Ekonomikoki jende asko elikatu liteke honekin. Arazoa da baserritar nahikorik ez dugula eta gero gure baserritarrek merkaturako zer sarbide dute?
Deja un comentario