
2023-24 Ikasturtean gure erkidegoan segregazio maila arintzeko asmotan, ikasleen onarpenean Hezkuntza Sailak neurri berezi bat abian jarri zuen: ikasle zaurgarrientzako plazen erreserba. Egia esan, neurri hori agertzen zen ikasleak onartzeko eta matrikulatzeko aurreko dekretuetan, bai 2008koa (14 artikulua), bai 2018koa (20 artikulua), baina ez zen indarrean jarri. Orain, Hezkuntza Akordioa eta Hezkuntza Legea direla eta, duela pare bat ikasturte abian jarri da estreinakoz.
Lehenik aitortu behar da gure sisteman halakorik ez dugula inoiz ikusi eta, beraz, neurriaren aplikazioa nobedadetzat har daitekeela eta, gehiago sakondu baino lehen, nolabaiteko ausardia Hezkuntza Sailari errekonozitu behar zaiola, kontuan hartuta edonondik sortu zitezkeen erresistentziak, horrek dakarren kostu politikoarekin. Hori esanda, jarraian ñabartu beharko da ausardi hori, Hezkuntza Sailetik mekanismoaren aplikazioa patxadaz hartu baitute sistema eta gizartea gehiegi ez tentsionatzeko aitzakian. Izan ere, prozedura hasi da aplikatzen Haur Hezkuntzako 2 urteko mailatik gora, suposatuko duena DBHko azken urtera heltzen denerako 2040 urtean egongo garela.
Nola balora daiteke lehenengo bi urteko esperientzia? Segregazioa murrizteko eraginkorra izan da? Zein dira prozeduraren indarguneak eta ahuleziak? Zein da hezkuntza komunitatearen onarpen maila? Gardentasun ezak lur labainkorrean sartzen gaituela jakinda, hurrengo lerroak gako nagusiak analizatzen saiatuko dira.
Zaurgarritasuna

- Zaurgarritasuna neurtzeko tresna: Hezkuntza sailak galdetegi baten bidez zaurgarritasuna neurtzen du. Tresna bakarra da. Hezkuntzak Sailak dio beste kanpoko ebaluazioetan erabiltzen duten bera edo berdintsua dela eta ateratako emaitzak koherenteak direla (titulazio akademikoak, lanbideak, irakurketa-liburuak, Interneterako sarbidea, kontsulta-liburuak, literatura klasikoa, eguneroko prentsa eta aldizkari espezializatuak , ordainpeko telebista, ordenagailuak, e-book-ak, tabletak, smartphone-ak, automobilak, bainugelak, logelak, etab.). Halere, tresna bera “zaurgarria” da hainbat arrazoi direla medio: 1) Galderaren bat maila sozioekonomikoa neurtzeko eztabaidagarria izan daiteke. 2) Ez dira erabiltzen beste tokietatik hel daitekeen informazio esanguratsua, adibidez, tokian tokiko giza zerbitzuetatik, etxebizitza zerbitzuetatik, errenta maila, eta abar. 3) Nola kontrolatzen da erantzunak faltsutzen dituen gurasorik edo zuzendaririk ez egotea?
- Zaurgarritasunaren neurketaren jakinarazpena: Familiek matrikulatzerakoan ez dakite ikasleak zaurgarriak diren ala ez. Horrek ziurgabetasuna eta ondoezak sortu ditzake. Zuzendariek ere ikasleen aldaketa sortzen denean askotan ez dakite zergatia, suposatzen dute, baina ez dakite ziurtasunez joaten edo heltzen zaien ikaslea zaurgarria den ala ez. Gardentasun falta honek gatazka-iturria da. Matrikulazioarekin hasi baino lehen publiko egin behar da zein diren ikasle zaurgarriak eta ikastetxe bakoitzean zenbat plaza horientzako erreserbatu behar dituzten.
- Ikasle zaurgarrien kalkulua: ISEI-IVEIk zenbateko ikasle zaurgarriak dauden mugatzeko eten-puntua % 15ean ezarri du. Horretarako pobreziarekin zerikusia daukaten ondorengo datuetan oinarritu da: pobrezia-arriskuan dauden familiak (AROPE), gabezia material larria duten familiak, lan intentsitate txikiko familiak, diru-sarrera txikiak dituzten pertsonak, immigrazioari buruzko datuak… Hemen ere galdera batzuk sortzen zaizkigu: Katalunian, zergatik jotzen dira zaurgarritzat ikasleen % 25 eta % 30 artean?. Edo, desparekotasun-indizea, hau da, teorian heterogeneotasun orekatua lortzeko ikastetxez aldatu beharko luketen ikasleen ehunekoa Euskadin % 40koa bada, ez al da motz geratzen ISEI-IVEIk ezarritako eten-puntua?
- Zerrenda bikoitzarik ez dago: Prozesuan begirada ikasle zaurgarriengan jarrita dago. Ez dago zerrenda bikoitzarik, alegia, ikasle zaurgarriez eta ez zaurgarriez osatua zerrenda. Ez dago ikasleen trukaketarik. Ikasleen mugimenduaren mekanismoak ez dira ondo ezagutzen. Honek bi ondorio, behintzat, dakar. Batetik, ikasle zaurgarrien estigmatizazioan eror gaitezke, eta bestetik, hainbat ikastetxe kaltetuta senti daitezke, matrikulatutako ikasle batzuk beste ikastetxe batzuetara joan behar izan dutelako eta horien truke inor heldu ez zaielako.
- «Zaurgarritasun» hitzaren erabilera. «Zaurgarritasun” hitza bera problematikoa izan daiteke. Batetik, ikasle zaurgarriak ikasle zaurituak dira askotan. Ez dira pobreak. Pobretuta daude. Testu honek ere ez du lortu sahiestea hain hedatuta dagoen “zaurgarritasun” eufemismoa. Bestetik, ikasle zaurgarriak eta HLBP ikasleak parekide gisa erabiltzen dira, ISEI-IVEItik hasita. Zaurgarrien multzoan Hezkuntza Premia Berezia duten ikasleak eta Adimen Gaitasun Handiko ikasleak sartzen dira, baina maila ekonomikoan ez dira zaurgarriak beti.
Neurriaren eragina

- 132/2022 Ikasleak onartzeko eta matrikulatzeko Dekretuaren 20. artikulua plazen erreserbaz hitz egiten du, baina esplizituki ez du mugatzen prozedura 2 urteko geletara eta ez du aipatzen urtez urte hurrengo mailetan aplikatuz joango dela. Hori erabaki politiko bat izan zen, legedian inolako isla ez duena. Posible izango zen etapa guztietako hasieran aplikatzea, adibidez.
- Hezkuntza Batzordean 2023ko maiatzaren 8an Sailburuak egin zuen agerraldian adierazi zuen eskarien %94,1ean lehen aukera errespetatu zela[i]. Noraino da posible heterogenotasuna bermatzea %5 inguruko ikasleak soilik mugiaraziz?
- 2022ko azaroaren 3an Ikasleak onartzeko eta matrikulatzeko Dekretu berria aurkezteko prentsaurrekoan Sailburuak azaldu zuen %10 baino gehihago euren eragin eremuko zaurgarritasun indizetik desbideratzen diren ikastetxeek hiru ikasturte izango lituzketeka zaurgarritasun indize horretara doitzeko[ii]. Hori ahoz esan zuen, baina aipatutako dekretuan progesibitate horrek ez dauka islarik, eta garatu diren osteko aginduetan aipamen lausoak egiten dira. Zalantza asko daude esfortzu handiago egin behar zuten ikastetxeek ea segitu duten doikuntzekin bigarren ikasturtean (2024-25).
- Plazen erreserbak eskaintza orekatuarekin ez badoa lagunduta konpentsazio-mekanismo gisa indarra galtzen du. Baina orain arte Hezkuntza Sailak ez du behar beste gaineskaintza zuzendu. Egia da, azken bi urtetan egokitzapenak egon direla. Azken urteotan egon den matrikulazio maila erreferente giza hartuz, ikastetxe bakoitzak bere eskaintza egokitu behar izan du. Hori horrela, gaineskaintzak darrai. Bi datu adibide gisa: Gipuzkoan, 2023ko azaroan Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta DBHn libre zeuden plazak % 20tik gorakoak ziren. Bizkaian, bi urteko mailan, 24-25 ikasturtean eskainitako plazen eta eskabideen arteko aldea % 28koa izan da[iii].
- Lehenengo bi ikasturteak pasatu eta gero segregazioaren egoeran hobekuntzak igarri dira? Jarraian bi irudi ISEI-IVEIko zuzendariak “Los desafíos de la equidad educativa y la escolarización en Euskadi” Udako Ikastaroan 2024ko uztailean aurkeztu zituenak.

Ikus daitekenez, familiek lehen aukeran aukeratu dutenaren eta behin-behineko matrikularen artean desparekotasun-indizeetan, txikiak, baina hobekuntzak sortu dira. Edonola, desparekotasun-indizea 0,3tik igotzen denean segregazio inportante baten aurrean gaudela kontuan hartuta, esan daiteke bide luzea geratzen dela eta 2 urteko geletan bi ikasturte ez dira nahikoak izan segregazioa murrizteko modu esanguratsuan. Deigarriak dira bi datu: Euskadi mailan 0,41 darraiela desparekotasun-indizea bigarren ikasturtea pasatu eta gero. Eta bigarren ikasturtean Araban abiapuntua okerragoa dela aurreko ikasturtearekiko. Orduan, beste zalantza bat sortzen da: zaurgarritasun indizea egonkorra da edo urtez urte aldakorra? Bigarren kasuan, nola neurtu aurrerapausoak daudela?
Bestelako kontuak
- Plazen erreserbaren mekanismoa agertu zen Hezkuntza Akordioan eta Hezkuntza legean. Hezkuntza Akordioan zerrenda bikoitza aipatzen da ondoan, ez, ordea, Hezkuntza Legean. Baina, gainera, Hezkuntza Akordioan eskola publikoaren aldeko marko politiko hau adostu zen: “Asimismo, se promoverá la ampliación de su perímetro por medio de la creación de centros públicos en nuevas zonas urbanas, la ampliación de las plazas públicas, especialmente en las zonas urbanas más densas, por los mecanismos de planificación que se estimen más eficaces para ese fin, y asegurando que toda familia que desee una plaza en una escuela pública pueda acceder a ella” (erderaz jartzen dut, euskarazko bertsioan azken zatia desagertu zelako). Beraz, batetik plazen erreserba eskola publikoaren handitzearen markoan txertatu behar da. Marko horretan, nahi duenarentzat plaza publikoa ziurtatzeak ez du talkarik egiten plazen erreserbarekin? Betiko moduan bi eskubide aldiberetzearen arazoarekin topo egiten dugu: kohesio sozialaren eta ikastetxe aukeratzeko eskubidearekin. Alde horretatik, plazen erreserbaren mekanismoak bere mugak ditu eta gatazka-iturria izan daiteke. Udal hezkuntza-mahaiek paper oso garrantzitsua izan beharko lukete ikastetxeen artean esparru kolaboratzailea sortzeko, tokian-tokiko beharrak aztertzeko eta horren ondorioz gomendioak egiteko. Familien artean pedagogia egitea beharrezkoa ikusten dut udal mahaien aholkularitzan. Baina gauzak azken muturrera eramanez gero, pentsatzen dut ikasle batek (edo bere familiak) eskola itundu batera ez badu joan nahi (edo alderantziz) eskubide hori errespetatu behar zaiola. Oreka zaila dela onartzen dut.
- Ikastetxeen doakotasuna bermatuz gero zaurgarrienek askatasuna edukiko lukete edonongo ikastetxera joateko beste ideia faltsu bat da. Doakotasuna lortuta ere, batzuetan alde kulturalak ezin dira gainditu. Ikasle zaurgarri bat gehienbat ikasle ez zaurgarriak dituen ikastetxe batean arrotz sentitu ahal da, beste alde kultural edo linguistikoez ez hitz egitegatik. Alde horretatik, lehen aukera ez den ikastetxe batera joan diren ikasleen jarraipena ezinbestekoa da.
- Prozesuan oso agerian gertatu den beste arazo bat gardentasun falta izan da. Matrikula garaian zein ikasle diren zaurgarriak eta zein ez diren ez dakienean, familiak itsu-itsuan mugitu behar direnean, zuzendariek ikasleen aldaketa asko ulertzen ez dutenean, erresistentziak biderkatzen dira.
Ondorioak
Mugak eta praktika eskasak gorabehera, plazen erreserbaren mekanismoa ezin da hasieratik gaitzetsi, eragile askorekin gertatu den moduan. Ezin gara segregazioaz kexatu eta planifikazioan eragiten duen orekatzeko prozedura jartzen denean, printzipioz kontra azaltzea. Segregazioaren kontrako borrokan tresna anitzak beharko dira. Printzipio hori finkatuta utziz, aldi berean, esan dezakegu neurri honek makillaje huts bihurtzeko arrisku handia dagoela, ez badira betetzen honako baldintzak:

- Ezarpena azkarragoa izan behar da eta ez horrenbeste urte behar izatea prozesua burutzeko.
- Eragin-eremuko zaurgarritasun-indizetik gehien aldetzen dutenek esfortzu handiago egin behar dute. Neurketek hala adierazi behar dute argitasunez.
- «Zaurgarritasuna» hobeto definitu eta neurtu behar da. Horren ondorioz, kopurua edo portzentaia handitu behar da, ikasle gehiago mugitu behar direlako.
- Gaineskaintzarekin bukatu behar da.
- Ez pentsatzea neurri honek soilik ikastetxeen osaketa orekatua ekarriko duela.
- Neurria integratu behar da plan askoz integralago eta aberatsago batean. Garatzeke dago Akordioan eta Legean agindutako Eskola Segregazioaren kontrako Plana.
- Titularitateak ezin dira nahastu eta parekatu pentsatuz ikastetxe guztiek ituna merezi dutela pare bat ikasle integratzen badute. Neurriak ezin dezake balio ituntze unibertsala zuritzeko. Kontrakoa, garbi adostu behar da zer ikastetxe pribatuak interes soziala eta publikoa duten, horiekin aliantzak sortu eta horietara funts publikoak mugatzea.
- Eskola publikoaren proiektu sozial eta politiko sendo baten aldeko apustua egin behar da, kohesioaren bermea den neurrian.
- Pedagogia eta gardentasun osoz burutu behar da prozesua. Hasierako zenbait arau malgutzen ari direla eta araudiaren aplikazioa tokien eta egoeren arabera egiten ari delaren sentzazioa zabaltzen ari da. Gardentasunik ezak prozesu osoa kaltetzen du.
- Prozesuan ikasle guztiak behar dira: zaurgarriak eta ez zaurgarriak, zerrenda bikoitzaren prozedura edota beste mekanismoak aztertuz eta egikarituz.
OHARRAK
[i] Parlamento Vasco (2023). Comisión de Educación. 08/05/2023. Eskuragarri: https://labur.eus/FnnwX
[ii] Eskuragarri: https://labur.eus/0PGmq
[iii] Hezkuntza Sailak emandako datuetan oinarrituta nik egindako kalkuluak.
Deja un comentario