Sei hilabete igaro dira Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak AROA (Iñaki Martinez de Luna) eta Euskararen Gogoetagunea (Jon Sarasua) proiektuak aurkezteko antolatu zuten jardunalditik. Jardunaldia euskararen erronkei buruzko mahai-inguru batekin amaitu zen. Gotzon Hermosillak dinamizatu zuen eta Idurre Eskisabel, Irati Iciar eta Iñaki Arrutirekin batera parte hartzera gonbidatu ninduten. Hemen nire hizketalditxo laburra partekatzen dut. Jakina, formatuagatik ezin espero sakontasunik. Oharrak baino ez dira. Ordutik hona gauza garrantzitsu batzuk gertatu dira, hala nola hizkuntza eskakizunen dekretu berriaren onarpena eta euskalgintzan eztabaida piztu duten epai judizial batzuk, Agian denborak aurrerago hartu beharko du horren ardura.
Moderatzailaren zein diren euskararen gaurregungo erronkak galderaren harira hainbat gogoeta partekatuko dizkizuet. Onartu behar dut gehien bat kezkak eta zalantzak ditudala erantzunak baino, baina honako hauek dira nire ardurak.
Lehen erronka: Gure gizartea. Parkatu oso transzendente jartzen banaiz, baina hizkuntza minorizatu baterako etsai handiena gure gizarte kapitalista da, euskaldunok hain barneratuta daukaguna. Gaitz estruktural larri baten aurrean gaude. Pentsatzen dugu erronka dela euskara nola egokitu garai eta teknologia berrietara. Ondo da. Baina euskarak behar duen humusa dinamika komunitarioa da, gertuko harremanak, desazelerazioa, sozializazioa, autoeraketa (ez korporatiboa), ondasun komunen aldeko apustuak… azken finean aurreko garaietan hain arrotzak ez ziren dinamikak. Uste baino garai txarrak dira euskarak behar duenarentzat: militantzia, atxikimendua, gizartearen aktibazioa.
Bigarren erronka. Adostasunarekin jarraitzea. Euskalgintzan oso hedatuta dago diagnostiko hau: Euskara impasse batean dago. Bidegurutzean. Lokartuta Urbiako larretan. Jauzi baten beharrean. Ez naiz sartuko datuen gerran. Baliteke hazkunde krisian egotea. Interesatzen zaidana da azpimarratzea horren aurrean bi estrategia egon daitezkela: atxikimendua lehenesten jarraitzea, ilusioa elikatzea, euskarara erakartzea, estrategia komunikatiboak garatzea, euskararen akreditazioak dibertsifikatzea eta malgutzea, errealitatearen mugetatik abiatzea. Bigarrena, helburuetan eta nahietan oinarritzen da: abiadura azkartzea, eskakizun zorrotzagoak, langa batzuk altuagoak jartzea, euskararen inguruan gizarte konpaktazioa bultzatzea. Ez dira zeharo kontrajarriak. Bakarrik abisatzen dut bidean ezin dela mende honen hasieran Euskara Aholku Batzordean lortu zen konplizitate eta kontsensu zabala galdu.
Hirugarren erronka: Erabilera. Guztiok partekatzen dugu hizkuntza baten osasunaren termometroa erabilera dela. Hala bada, lehentasuna izan behar da arnas-guneak zaintzea eta berrindartzea, hau da, euskara bizia eta naturala den tokiak. Udalerri elebidunetan ere arreta berezia jarri beharko da hiztun euskaldunen kopurua handitzeko, euskararen lurraldetasunaren hazkundearen norabidean. Gizarte-esparrutan, lehentasunak, bai, lanbide-heziketa eta lan eremua izan behar dira, gune erdaldunetan konplikatu samarra izango den arren. Izan ere, unibertsitatetik lan eremura dagoen aldea murrizteko ahalegina beharrezkoa da, betiere gune soziolinguistikoa kontuan hartuz eta enpresekin eta langileekin behar diren dirulaguntzak adostuz. Azkenik, asko hitz egiten da ume eta gazteen aisialdiaren garrantziaz. Honen aldera, proposamen bat ikasle guztiontzako onuragarria izango litzatekeena, baina batez ere maila sozioekonomiko baxua dutenentzako: udalerri, guraso-elkarte eta beste tokian tokiko eragileekin jardunaldi osoa eta malgua hedatu beharko litzateke ikastetxeetan, «denbora osoko hezkuntza» deritzona.
Laugarren erronka: Kontakizuna. Duela 40 urte euskararen poetika demokrazia eta identitate zapalduarekin lotu zen. Orain beste gizarte mota batean sartuta gaude, postmodernoa, likidoagoa, baina aldi berean, aniztasuna onartzeko joera handiagoa duena. Hizkuntza-ekologia, txikitasunak dituen “xarma” eta abantailak eta eleaniztunaren pentsamolde irekia kontakizunari gehitu behar zaizkion elementuak dira.
Bosgarren erronka. Euskara eta sailkapen soziala. Euskal gizartea bi edo hiru abiadurako gizartea da. Hezkuntza sistemak dualtasun hori elikatzen du, segregazioaren fenomenoa gero eta jasangaitzagoa areagotuz. Hainbat datuk erakusten dute euskara klase ertaineko eta ertain altuko hizkuntza dela, ez dela pobreen hizkuntza. Euskalgintza ezin da izan beste faktore bat distantzia soziala handituko duena. Arazoa ez da erreza konpontzen. Hasteko bi proposamen ditut: ikerketa soziolinguistikoetan gero eta gehiago aldagai sozioekonomikoa kontuan hartzea eta euskaltegiak doakoak edo Hizkuntza Eskolen parekoak izatea, hainbat baldintza betez gero.
Seigarren erronka: Diglosia. Euskarak landa-eremutik edo arnas-guneetatik noranahiko eta unibertsal bihurtzera egiten ari den ibilbidean ahultzen ari da. Diglosia babestu gaituen ezkutua izan da mendeetan zehar eta badirudi gaur hala segitu beharko dugula. Diglosia ezin da hitzartu. Horrek ez du kentzen nolabaiteko adostasuna behar ez denik. Zer leku eman nahi diogu gaztelerari eta zer euskarari? Hausnarketa hori beharrezkoa da eta ez bakarrik euskal hiztunen artean.
Zazpigarren erronka: Euskara eta eleaniztasuna. Guztiok onartzen dugu eleaniztasuna. Baina izan daiteke “herri bat, nazio bat, hizkuntza bat” pentsamoldepean. Edo izan daiteke Euskal Herri kulturaniztun eta eleaniztunaren pentsamoldepean. Tentsio horrek nolabaiteko oreka bat eskatzen du. Baina garaiek bigarren pentsamoldearen alde jokatzen dute eta gure kasuan jaiotze tasa beherakadak eta hamar jaiotzetatik hiruk ama atzerrikoa izateak ere.
Zortzigarrena eta azkena: Hezkuntzan beste hizkuntza-paradigma bat. Hezkuntzako hizkuntza-ereduen sistemak bere zikloa agortu du eta deituta gaude beste paradigma-aldaketa bat sortzera. Iazko hezkuntza akordioak marko eleaniztunaren apustua egin zuen. Zertan datza paradigma-aldaketa? Hizkuntzen elkartze-eredua izan behar da. Hizkuntzak ez dira konpartimentu isolatuak. Horregatik paradigma berria ez dator bat hizkuntza-ereduekin ezta D eredua orokortzearekin ere. Oso problematikoa izango da gauza batean edo bestean tematuta ibiltzea. Euskara ardatza izan beharko da, zalantza barik. Halere, eleaniztasuna gehigarria izan beharko da, eta ez kengarria. Eleaniztasuna lortze aldera estrategia berria translinguismoa da.

Deja un comentario