
Hizkuntza-politika hezkuntzan azken lau hamarkadetan bi paradigma-aldaketen artean kokatzen da. Zehatzago esateko, lehena erregimen politikoaren aldaketaren eskutik etorri zen eta bigarrena, oraindik ez da jaio, baina agian 2022ko Hezkuntza-Akordioak ekar lezake. Tartean lau hamarkada luze eta emankorrak, baina badirudi zikloa agortu dela eta beste berri bat irekitzera deituta gaudela. Artikulu honek denbora honetan egindako ibilbidea oso labur errepasatu, horren balantzea egin eta hurrengo paradigmaren marra lodiez irudikatzeko asmoa du.
- Lehen paradigma-aldaketa
XIX eta XX. mendeetan euskararen ahultze-prozesua azkartu zen. Industrializazioa, hirietako klase ertainek gaztelera besarkatzea eta Estatuko etorkinen uholdeak izen ziren eragile nagusienetako batzuk gizartearen erdaratze prozesuan. Frankismoaren errepresioak euskara eta euskal kulturaren egoera larriagotu zuen. Hezkuntzan sistema elebakarra ezarri zen gaztelaniaz, ikastolak salbuespen.
1978ko Konstituzioak erregimen politiko berri bat ekarri zuen berekin. Konstituzioaren markoan hizkuntza politika erkidegoen eskuetan geratu zen, eta gureari dagokionez, 1979ko Estatutua, euskararen erabilera normalkuntza arautzen duen 10/1982 Oinarri Legea, irakaskuntza ez unibertsitarioan hizkuntza ofizialen erabilera arautzen duen 138/1983 Dekretua eta ostean Euskal Eskola Publikoaren 1/1993 Legea direla medio, oinarri sendoak jarri ziren.
Zertan zetzan paradigma aldaketa hura?
- Euskararen koofizialtasunaren aitortzak bi hizkuntzetan irakaskuntza jasotzeko eskubidea ekarri zuen. Administrazioak bai euskaraz, bai gaztelaniaz familiei bere seme-alabentzat aukeratzeko eskubidea bermatu behar zuen. Oinarrizko printzipio bat legeztatu zen: ama-hizkuntzan ikasi ahal izatea
- Aukeratutako modua hizkuntzen banaketa hizkuntza-ereduen bitartez izan zen: A (gaztelaniaz), D (euskaraz) eta B (mistoa). Apustua elebitasunaren alde izan zen, baina eredu banatzaileen bidez
- Berme hori beste aginte batekin uztartu zen: derrigorrezko ikastaldia bukatzean, ikasleek bi hizkuntza ofizialak benetan erabiltzeko adina menperatuko dituztela ziurtatzea.
- Hizkuntza-ereduen bilakaera
Bizitza aldakorra da eta hasiera batean begiz jotako emaitzak eta ondorioak aldatuz joan ziren. Hiru alderdiri erreparatuko diet.
- D ereduaren hazkundea. Ama-hizkuntza errespetatzeko pentsatuta zegoen sistema, kasu askotan murgiltze-eredu bilakatu da, D ereduaren hazkundeagatik. Gune erdaldunetako ikasleak, minoria etnikoak, etorkinak gero eta gehiago D ereduan matrikulatu dira. D eredua sistemaren bizkarrezurra da, are sare publikoan. Oro har, 22-23 ikasturtean Lehen Hezkuntzan %78,57 D ereduan matrikulatuta zegoen; DBHn %72,90 (Hezkuntza Saila. Estatistikak).
- Elebitasuna ez da nahi beste lortzen. Ez zen denbora asko pasatu ohartzeko hizkuntza-ereduen antolaketa eta legeak markatzen zuen bukaerako maila ez zirela posible uztartzea. Urteak pasa ahala ageriago zegoen ereduek gabezia nabarmenak zituztela legeak markatzen zituen helburuak lortzeko. 2005 urtean, ISEI-IVEIk (2005: 23) ez zien DBHko 4. mailako A ereduko ikasleei B2 mailari buruzko proba pasatu, hasierako proba pilotuan ikusi baitzen ezin zutela lortu. Baina D ereduan ere askotan ez da lortzen elebitasunaren helburua: euskarazko konpetentzian LHko 4. mailako ikasleen %34,3k hasierako maila ez du gainditzen; DBHko 2. mailan %53,5ek. (ISEI-IVEI, 2019: 123). Antza, ikasle gehiago eredu euskaldunetan ikasteak ez du ekarri hobekuntzarik euskarazko mailan.
- Ereduak, segregazioaren iturri. Ereduak segregazioaren faktore bilakatu dira. Sare publikoaren A ereduko ikasleek ISEK baxuena dute. Sare itunpekoan, ordea, altuena. Edonola, itunpeko geruzak (sare + hizkuntza-eredua) publikoak baino altuagoak dira (EEK, 2019). Sareez gainera, hizkuntza-ereduak segregazioaren iturria dira.
- Balantzea
- 3.1 Baieztapen enpirikoak
- Hizkuntz-ereduek nabarmen handitu dute euskaldunen kopurua. VII. Inkesta soziolinguistaren arabera, 1991 urtearekiko %12 puntu hazi da euskaldunen kopurua, alegia, hogei urte pasatu ostean badaude 231.000 euskaldun gehiago. 16-24 urtekoen % 74,5 euskaldunak dira. Eskolaren lana barik ezinezkoa izango zen.
- Erabilera ez da hazi neurri berean. Erabilera aurrera doa, baina ez ezagupenaren parean. Arrue proiektuaren azken edizioak (2017ko neurketaz ari naiz) emaitza gazi-gozoak ematen ditu. Neurtzen dituen alderdi askoren artean honako hauek daude: ikasleen euskararen erabilera gelan, patioan eta irakasleekin harremanetan bai gelan, bai gelatik kanpo. Aipatu lau dimentsio horiek bateratzen baditugu eskola-inguruneko erabilera globala aterako dugu. Bada, erabilera global horrek gora egin du 2011 eta 2017 urteren artean: 2,1 puntu LHko 4. mailan eta 0,8 puntu DBHko 2. mailan. Hala eta guztiz ere, 2015 urtearekin alderatuz, LHko 4. mailan 0,9 puntuko atzerakada izan du eta DBHko 2. mailan 1,6 puntuko jaitsiera izan du.
- Emaitzen krisia. XXI. mendearen lehen urteetan ELGAko lehenengo PISA ebaluazioek ez zuten ezer deigarririk erakusten. Gure sistemaz harro sentitzen ginen eta han eta hemen laudorioak jasotzen genituen. Baina harrez gero, 2013 urtetik aurrera, bai Diagnostiko Ebaluazioak, bai nazioartekoak beste irudia itzultzen hasi ziren: geldialdia euskarazko konpetentzian ez ezik gainontzekoetan ere. Datu asko daude, hemen lekurik ez dutenak.(ISEI-IVEI, 2019; ISEI-IVEI, 2021; PIRLS, 2016).
- 3.2 Hainbat galdera eta gogoeta
- Zer egin dezake eskolak eta zer ez? Badirudi euskararen biziberritzea bi abiadurako prozesua izan dela, azkarrena eskolarena, baina ez dauka parekorik gizartean eta hezkuntza-sistemaren motorra hasi da pitzatzen. Alabaina, eskolak euskalduntzeko funtsezko tresna eta arnasgunea izaten jarraituko du. Baina eraginkorragoa izan nahi badu bi baldintza behar dira. Gizarteak gehiago aktibatzea, bestela gune erdaldunetan ikasleek euskara kontu akademikoetara mugatuta dagoen tresna gisa biziko dute, eta hizkuntzen irakaskuntzarako beste paradigma bat erditzea.
- Euskara biziberritzeak muga etikoak dauzka? Ikerketa batzuk (Elosua, 2018) erakusten dute testuinguru soziolinguistikoak eragina duela emaitzetan H2ko kasuetan. Ikerketa gehiago behar dira aztertzeko H2n soil-soilik ikasteak zer eragin duen ezagupenetan, batez ere ikasle zaurgarrienengan, baina nire esperientzia profesionalean ikasle dezente ikusi ditut euskararen ezintasunean harrapatuta bere bizitzarako ondorio guztiekin. Neurri bakarreko moldea ez da estrategia ona. Euskararen balio indentitarioak ezin du ikasle batzuen ezagutzaren aurrerabidea larriki mugatu. Jakina, ez da euskara beragatik. Zaindu beharko da nola inplementatzen ari den.
- Lorpen maila bera eskatu ahal zaio ikasle guztien bere ikastaldiaren bukaeran? Iritzi kontrajarriak daude. Askorentzat gainditu behar den langa berbera izan behar da (Kontseilua, 2007: 15; Pérez et alt. 2021: 51; “Hezkuntzaren aldeko akordioa”; “Euskal hezkuntzaren eraldaketarako oinarrien akordioa”). Planteamendu guztiak bat datoz EEMBko erreferentzia hauekin: DBHko bukaeran B2 maila bi hizkuntza ofizialetan eta B1 maila atzerriko hizkuntzan. Beste batzuk, ordea, abiapuntuak oso desberdinak direnez, ez daude helburu bera lortzearen alde, arazo-iturri izan baitaiteke (Agirrezabala et alt., 2007: 232) edo malgutasunarekin jokatzearen alde azaltzen dira (EEK, 2007: 5-6). Nire ikuspuntua aurrerago azalduko dut, bi iritziak uztartzen saiatuz.
- Hizkuntza-ereduek berea eman dute? Eta hala izatekotan zer norabidetan eraldatu? Denbora pasa ahala hizkuntza-ereduen sistema gainditzearen aldeko ahotsak ugalduz joan dira, behintzat 1893ko dekretuan bururatu ziren moduan. Aspaldikoa da aldarria. Ahalegin serioena Tontxu Camposen Hezkuntza Sailak egin zuen (Euskal Hezkuntza Aztergai, 2008). Beste zentzu batean, Isabel Celáaren garaian esparru hirueleaniztuna ereduak gainditzeko beste saiakera bat izan zen. Adostasun handi hori, ordea, ez da hain garbia izan aldaketa-norabideaz hitz egitean. Lau bide bereiz genitzake: a) ereduei erreformatzea, adibidez A ereduan euskara indartuz. B) D eredua orokortzea eta areagotzea beste neurriekin lagunduz. C) Eredu hirueleaniztuna hiru hizkuntzei proportzio diferenteak esleituz. D) Eredu eleaniztuna hizkuntzen interdependentzian oinarritua.
Lehenengo hiruek hizkuntzen banaketa ez dute gainditzen. Laugarrena beste paradigma bat da. Jarraian azalduko dut zergatik, nire irudiko, azken aukera hau den euskal hezkuntza-sistemak behar duen aldaketa.
- 3.1 Baieztapen enpirikoak
- Bigarren paradigma-aldaketa
Azken urteotan esparru eleaniztunari buruz asko hitz egin da, baina zehetasunetara jaitsi barik. Cristina Uriartek plazaratu zuen hezkuntza akordioan eleaniztasunaz hitz egiten zen. Iaz gauzatutako Akordioan ere bai.
4.1 Hezkuntza-Akordioa (2022)
Zeintzuk dira iazko Akordioaren esparru eleaniztunaren osagaiak?
- Euskara ardatza izan behar da.
- EEMBko B2 bi hizkuntza ofizialetan eta B1 atzerriko hizkuntzan DBHren bukaeran. EEMBko B1 bi hizkuntza ofizialetan eta A2 atzerriko hizkuntzan Lehen Hezkuntzaren bukaeran.
- Hizkuntza guztiek ikaskuntzak bideratuko dituzte.
- Ikastetxe bakoitzak bere inguru soziolinguistikoa kontuan hartuta hizkuntza-proiektua egin eta garatu beharko du.
- Aurreko guztia definitu beharreko esparru eleaniztun komun batean.
Nahiko al da horrekin? Gauza berberaz hitz egiten ari gara esparru eleaniztunaz hitz egiten dugunean? Badirudi ezetz. Batzuk marko eleaniztasunaren barruan hizkuntza-ereduei eusten diete, hizkuntza-banaketaren eskema gainditu barik. Eta beste batzuk, ordea, euskararen nagusitasuna aldarrikatuta, translinguismoaz hitz egiten dugu.
- 4.2 Esparru eleaniztunaren ezaugarriak
- Hizkuntzen elkartze-ereduaz ari gara. Hizkuntzak ez dira konpartimentu isolatuak.
- Hizkuntzen interdependentzian oinarrituta (Cummins, 2002: 208), hizkuntzen arteko transferentziak lantzen dira, hizkuntza minoritarioari nagusitasunaren aitortza uko barik.
- Lan egiten den eleaniztasun mota gehigarria da, alegia, etxeko edota inguruko hizkuntza, soziolinguistikoki nagusia izan arren, kontuan hartzen da hizkuntzen elkarreraginetan. Hizkuntza guztiek ikaskuntzak bideratzen dituzte.
- “Ikasgai bat, hizkuntza bat” edo “irakasle bat, hizkuntza bat” binomioak apurtzen dira (Perez et alt., 2021: 55).
- 4.3 Hainbat balioespen eta proposamen
- D eredua ez da beti murgiltze eredua. Gune euskaldunetan “mantentze” eredua litzateke. (Kontseilua, 2007: 22). H1n ikastea litzateke.
- Murgiltze-eredua “sumersio”-eredu moduan garatu da, hau da, etxeko hizkuntza eskola hizkuntzarekin ordezkatzen da eta ikaskuntzak hezkuntza bakar baten bidez egiten dira, H2rekiko atxikimendua ahulduz.
- Oker galanta da pentsatzea euskarazko hizkuntza-gaitasunaren aurrerapena esposizio-denboraren araberakoa dela soilik (Cummins, 2002: 39). Hori, zalantzarik gabe, garrantzitsua da, euskararekiko esposizio-maila handirik gabe ezinezkoa baita proposatutako xedeak lortzea baina ez da faktore bakarra. Gakoa da nola inplementatzen den programa eleaniztuna eta ea H1n gaitasunaren gutxieneko atalasea lortzen den transferentzia aberatsak egin ahal izateko.
- Esparru eleaniztuna Konstituzionalen arabera (STC 337/1994) legala litzateke. Eleaniztasuna hizkuntza aukeratzeko askatasunaren bidez bideratu ahal da, baina hizkuntzen aldiberekotasunaren bidez ere bai. Hori bai, hizkuntza-ereduek indarrean segitu beharko dute euskararekiko legedia aldatu arte (30/1982 Legea eta 138/1983 Dekretua).
- Ikastetxe bakoitzaren eskuetan esparru eleaniztunaren diseinua uzteak, autonomia neoliberalaren eredua izateaz gainera, arazo legalak ekar ditzake (Urrutia, 2007: 262). Ikastetxeek hizkuntza-politika ezin dute definitu, zehaztu bai. Esparru eleaniztuna ezartzeko lehenago Administrazioak diseinatu beharko du.
- Pentsamendu magikotik urrundu behar gara. Derrigorrezko ikastaldiaren bukaeran guztiontzako helmugak jartzea ondo da, baina akordio edo lege batean islatzearekin ez da lortzen. EEMBko jarritako mailak zailak dira lortzen epe laburrean guztiontzako. Progresibotasunaren irizpidearekin jokatu beharko dugu (Euskararen Aholku Batzordea, 2008: 28). Abiapuntu oso ezberdinak ditugunez derrigorrez planifikazio diferenteak egin beharko dira epeetan eta konpetentzien aitortza mailakatuan.
- Jakina, zelan goazen jakiteko ebaluazioak behar ditugu, baina hainbat arrisku saihestuz. Adibidez, hobekuntzarako pentsatuak izan behar dira. Bestela teaching to the test dinamikan eror gaitezke, hau da, ikasleak prestatzea emaitzak hobetzeko. Ebaluazioa barneko eta kanpokoa izan behar da, kuantitatiboa eta kualitatiboa. Izan ere, oroitu behar dugu eskola ez dela euskaltegi bat (Agirrezabala et alt., 2007: 191). Orduan, euskararen ezagupenaz gainera, kontuan hartu behar dira erabilera, atxikimendua eta gainontzeko konpetentzien garapena. Lau aldagaietan batera egin behar dugu aurrera.
- Planteatzen dudan esparru eleaniztunak translinguismoaren altzoan atsedena hartzen du. Sekuentzia didaktika berean edo eskola-ordu batean, hizkuntza bat baino gehiago erabili ahal da, beti ere euskararen ardaztasuna ahaztu barik. Translinguismoa elkarren artean lotuta dauden kontzeptuen konstelazio baten parte da, hala nola, hizkuntzen arteko transferentziak, hizkuntza-bitartekotzako ariketak, heteroglosia edo zentzuak eta identitateak elkarrekintzan eraikitzea (Bajtín), ikaskuntza dialogikoa, berdinen arteko ikaskuntza, ekintzara bideratutako ikuspegia, etab. Erreferentzia gisa EEMB hartu izana abantaila izan daiteke; izan ere, esparru horrek, 2018ko bolumen osagarriarekin aberastuta, norabide horretako orientazio ugari zehazten ditu.
- Etorkinek EAEko biztanleen kopuruari eusten diote. Horrek etorkizun kulturaniztunagoa marrazten du. Nola landu eskolatik harago giro euskalduna? Testuinguru kulturaniztunean nola landu euskal dimentsioa? Gai potoloak hemen jorratu ezin ditudanak. Baina bai proposamen batekin bukatu nahi dut ikasle guztiontzako onuragarria izango litzakeena, baina batez ere maila sozioekonomiko baxua dutenentzako: udalerri, guraso-elkarte eta beste tokian tokiko eragileekin adostuta jardunaldi osoa eta malgua deritzona hedatu beharko litzateke ikastetxeetan.
AIPAMENAK
“Euskal hezkuntzaren eraldaketarako oinarrien akordioa”. Eskuragarri: https://labur.eus/NWtxP
“Hezkuntzaren aldeko akordioa”. Eskuragarri: https://labur.eus/Vj16v
Agirrezabala, J.J.; Akizu, P., Aldekoa, J., González de Viñaspre, R.; Zalbide, M. (2007). “Arantzazuko ekarria. Ele biko irakastereduen azterketan jardun duen Koordinazio-batzordearen batera bilduzko txostena”. Euskal Irakaskuntza aztergai: 176-236. Vitoria-Gasteiz: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila.
Conseil de l’Europe (2020). Marco común europeo de referencia para las lenguas. Aprendizaje, enseñanza y evaluación. Volumen complementario.
Cummins, J. (2002). Lenguaje, poder y pedagogía. Madrid: Morata.
Elosua, P. (2018). Diversidad lingüística y evaluación en centros multilingües. Relieve. Revista Electronica de Investigacion y Evaluacion Educativa. 2018, diciembre.
Euskadiko Eskola Kontseilua (2007). Hizkuntz ereduei buruzko Euskadiko Eskola Kontseiluaren akordioa. Eskuragarri: https://labur.eus/N7UDD
Euskadiko Eskola Kontseilua (2019). Informe sobre la situación del Sistema Educativo Vasco. 2017-18/2018-19.
Euskara Zerbitzua. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza (2007). “Nondik gatoz? Non gaude?” Euskal Irakaskuntza aztergai: 11-74.Vitoria-Gasteiz: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila.
Euskararen Aholku Batzordea (2008). XXI. mende hasierarako hizkuntza politikaren oinarriak. Euskara, XXI. mendeko hizkuntza bizia, egunerokoa eta noranahikoa.
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua (2008). Ikasle euskaldun eleanitzak sortzen. Oñati.
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza (2023) VII. Inkesta Soziolinguistikoa 2021. Euskal Autonomia Erkidegoa. Laburpen txostena.
Hezkuntza Saila. Estatistika datuak: Araubide Orokorreko Irakaskuntzak. Eskuragarri: https://labur.eus/5cxtR
INEE (2017). PIRLS 2016. Estudio internacional de progreso en comprensión lectora. Informe español. Madrid: Ministerio de Educación, Cultura y Deporte.
ISEI-IVEI (2005). Nivel B2 de euskera. Al finalizar la enseñanza obligatoria (4º ESO). Bilbao.
ISEI-IVEI (2021). Diagnóstico del Sistema Educativo Vasco. Bilbao.
ISEI-IVEI (2021). Evaluación diagnóstica, 2019. Informe ejecutivo. Bilbao.
ISEI-IVEI. Soziolinguistika klusterra. (2020) EAEko ikasleen euskararen erabilera eskola-giroan. Arrue Proiektua. (2011-2017)
Pérez Lizarralde, K., Azpeitia, A., Ozaeta, A. (2021). Irakasleen prestakuntza gogoetatsua, hezkuntza berritzeko giltza. Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea.
Urrutia, I. (2007). “Dictamen…” Euskal Irakaskuntza aztergai: 240-277. Vitoria-Gasteiz: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila.
OHARRA: Artikulu hau Hermes aldizkariko 76. zenbakian argitaratuta dago.
Deja un comentario